Amasa-Villabonako zelaietan aurtengo ekainaren 3an lortutako txapela ez du berehalakoan ahaztuko Arrate Garinek (Legorreta, 1962). Euskal Herriko ohiko sega eran –zeinek kilo gehiago ebaki– jokatutako emakumezkoen Gipuzkoako I. Txapelketa irabazi zuen, Alazne Etxeburua zizurkidarraren eta Hernialdeko Igaro Baldaren aurretik. Hogei minutuan 534 kilo ebaki zituen Garinek, Etxeburuak baino 10,5 kilo gehiago.
Ez da, ordea, etxean duen txapel bakarra. Almitza sega elkarteak antolatzen duen liga hiru aldiz irabazia da –aurten ez du aukerarik, lehen saioan ezin izan baitzuen parte hartu– eta 2007tik Gipuzkoako Federazioak antolatzen duen Azkartasuneko Sega txapelketa –nazioarteko eran, azkar eta txukun ebaki– 2008an ez beste lau urteetan irabazi du. Etzi, uztailak 1, azkartasuneko bosgarren txapela janzten saiatuko da Zizurkilen.
Txapelketan lanerako zenituzten sailak –lau sail, 464 metro koadro guztira– ebakitzerakoan Etxeburua aurretik aritu zen, baina txapela zuk jantzi zenuen. Zer sentitu zenuen?
Ikaragarrizko poza. Alaznek [Etxeburua] laugarren sailean bi maila eta zerbait gehixeago ebaki zuen, eta nik hirugarrena ere ez nuen bukatu. Aurreneko saileko belarra nahiko handia neukan, azpiagotik ebaki nuen, esperientzia gehixeago ere bai… Saioa bukatutakoan Alaznek irabazi zuela pentsatu nuen, baina Juan Manuel Erasunek esan zidan hortxe-hortxe ibiliko ginela, eta hala gertatu zen. Sekulako saltoa egin nuen Altzo-Txikiren –Jexux Mari Jauregi zaldibiarra– gainera. Txapela txapela da, eta kilokako aurrenekoa izanda ba…
Iñaki Izagirre Bianda zaldibiarra izan zenuen laguntzaile sega zorrozten, baina biltzaileak ere behar izaten dira. Zein izan zenituen biltzaileak?
Jexux Mari Lasa eta Igor Esnaola legorretarrak, Ikaztegietako Unai Iraola, Juan Mari Agirrezabala lazkaotarra, eta Xabier Mendizabal eta Altzo-Txiki zaldibiarrak.
Eta zer segarekin aritu zinen?
Alemaniako sega batekin. Biandak esan zidan zegoen belarrerako hobeto moldatuko nintzela sega horiekin. Belar motzerako hobeak dira, segak ere luzeagoak baitira.
Orain arte nazioarteko eran lehiatu izan zara segan. Nola moldatu zara iraupeneko lan baterako prestatzeko?
Ni Altzo-Txikirekin aritzen naiz. Bera aritzen zait sega zorrozten eta pikatzen. Edozer gauzatarako deitzen diodala, beti prest egoten da, gizon oso zorrotza da horrelakoetarako. Txapelketan izena eman nuenean harengana jo nuen, ez bainekien zer egin behar nuen. Esan zidan lehenengo gauza iraupena landu behar nuela izan zen, korrika egin behar nuela.
Eta horretara mugatu al zinen?
Denboraz juxtu antzean genbiltzan, tartean Alemaniara ere joan beharra neukan lehiatzera, eta Lazkaon bizi den Irene Irastortza zaldibiarrari deituko ziola esan zidan. Astean hiru aldiz korrika egiteko agindu zidan, eta luzatze-ariketa batzuk egiten erakutsi zidan. Eta egia esan, nabaritu egin nituen korrikaldi horiek, eta ohera sartu aurreko luzatzeak ere bai.
Txapelketarako prestatzeak, orduan, on egin dizu. 50 urterekin sasoi puntu onenean zaudela esan al daiteke?
Onenean ez dakit, baina onentsuenean bai. Hala ere, izena eman eta berehala damutu egin nintzen. Segan aritzeko eguraldi egokirik ez zuen egiten, belarra bustia badago inork ez dizu uzten zelaia entrenatzeko, udaberria ere garai fuertea izaten da autobus gidariontzako… Ezin denera iritsi. Nire buruari esaten nion: ‘Sartu naiz ba berriz ere saltsa honetan!’. Askotan esan izan diot nire buruari sega utzi egin behar dudala, baina azkenean, beti, izena ematen dut.
Legorretan bertan aritzen zara entrenatzen. Pentsatzen dut janaria ere zainduko zenuela.
Ez bereziki. Dieta bat egiten ari naiz osasun kontu batengatik, baina ez txapelketa prestatzeko. Korrika eta luzatzeak egiten ari naiz orain, eta segan, berriz, Alejandro Goia ganadu tratantearen zelaietan aritzen naiz.
Sega uzteak pena ematen dizula sumatzen dut. 50 urterekin kilokako txapelketari irabazteari balioa emango diozu ba?
Nik behinik behin bai, besteek ez dakit, baina nik bai. Adin honekin irabazita gainera, balio gehiago ematen diot. 50 urte 50 urte dira. Txapelketako bi aurkariak gazteak dira nire aldean; Igaro Baldak 26 urte ditu eta Alazne Etxeburuak 33.
Azkartasunekoa 2007an antolatu zuen aurrenekoz federazioak, baina Euskal Herriko eran emakumeentzako aurreneko txapelketa izan da. Nolatan?
Ez dakit juxtu. Iaz badakit hotsa izan zela, antolatuko zutela, ez zutela… Aurten, oker ez banago, otsailean esan ziguten antolatuko zutela, eta martxorako eman beharra zegoela izena. Izena eman nuen, nahiz eta ez jakin gero parte hartzeko aukerarik izango nuen edo ez. Hiru lagun behar ziren gutxienez.
Une honetan bi modalitateetako txapelduna zara. Txapela defendatzeko behar hori sentitzen al duzu?
Ardura hori sentitzen da bai! Txapelketa ekainaren 3an zen, eta 2an Urduñan (Bizkaia) nengoen bidaia batean. Han nengoela, Andres Osa Sakonak elkarrizketa egin zion Igaro Baldari, eta galdetu zion zein ikusten zuen faborito, eta ni nintzela erantzun zion. Hori erantzutea normala da, baina horrelakoak aditzean urduriago jartzen zara, ni behintzat bai. Harro nago txapelketa irabazi dudalako, baina ardura puntua ere banuen. Nik nahi nuena zen hutsik ez egitea, barregarri ez geratzea.
Datorren urtean berriz antolatzekoak al dira?
Printzipioz bai. Datorren urtean Euskal Herrikoa antolatuko ote duten ere esan dute, baina ez dakit nik…
Gipuzkoakoan hiruk bakarrik parte hartu baduzue, Euskal Herrikoa egiteko behar adina segalararik izango al da?
Almitzakoekin-eta elkartzen garenon artean, Irati Astondoa bizkaitarra aritzen da gurekin, Paula Xarron lapurtarra ere bai, baina ez dago besterik. Ainhoa Mazkiaran nafarra ere aritu izan da, baina aspaldiko urteetan ez da azaldu. Segarako ohitura handiena hemen dago, Goierri eta Tolosaldea artean.
Horixe da berez Almitzaren lan eremua, nahiz eta urrutiagoko jendearekin ere saiatu.
Almitza lan asko ari da egiten, asko, eta saiatu ere asko saiatzen dira. Hori poztekoa da. Lehen lau lagun aritzen ziren segan, betikoak, nolabait esateko, baina Almitzak lortu du jendea animatzea. Gazteekin-eta ari dira lanean, eta hori da elkartearen helburuetako bat, segaren mundua ezagutzera ematea. Instituzioen aldetik, hala ere, ez dago laguntzarik.
Zu ere Almitzakoen bitartez hasi zinen segan, 1996an Alemaniako Oihan Beltzera egindako bidaia batean.
Autobuskada bat joan ginen, 55 lagun. Segara bi talde joan ginen lehiatzera, lau gizonezko eta lau emakumezko. Lau emakume haietatik nik bakarrik segitzen dut segan, baina normala ere bada. Esperientzia polita da Europara segara joatea. Okerrena hizkuntza da, hangoekin komunikatu ezina.
Etzi Azkartasuneko Gipuzkoako VI. Txapelketa jokatuko da Zizurkilen, bai gizonezkoena zein emakumezkoena. Aurkariak aurreko berberak izango dituzu. 50 metroko bi sail ebaki beharko dituzue. Txapelari eutsiko al diozu?
Ez dakit. Almitzako ligako lehen saioan, Tolosan jokatu zenekoan, ezin izan nuen parte hartu lan kontuengatik, eta Alaznek [Etxeburua] sekulako lana egin zuen. Orain bi urte hasi zen segan, eta sekulako saltoa eman du, ni harrituta utzi nau. Sasoiko neska da, eta maisua ere ona dauka, Joxe Gabirondo. Aurrera egingo du. Igaro iaz hasi zen, eta meritua dauka. Urtebeteren bueltan hogei minutuko lan bati heldu dio. Idiazabalgo Aloña Galarraga ere hor dago… Ikusiko dugu.