Olinpiar jokoak ate joka dira. 26 kirol ezberdin eta 300 lehiaketa. Zientoka kirolari eta milaka zale, ikusleen zerrenda amaitezina. Ez al da akaso sosik ez dagoen honetan mugimendu gehiegi? Baina ez naiz horri buruz hausnarketa egitera etorri. Aipatu ditudan 26 kirol horiek benetan ba ote diren ala ez, hori da nire kezka. Kasu batzuetan argi dut, atletismoak,igeriketak edo gimnasiak, jokoen espiritua goitik bera betetzen dute. Arrauna ere onargarria litzateke, zergatik ez. Taldekako kirol batzuk ere bai, saskibaloia, estatubatuarrak etortzen badira. Arrazoi horrexegatik kenduko nuke futbola, onenak ez badaude, kanpora.
Baina ez da hori benetan sutzen nauena. Maider Undak barkatuko dit, baina, borrokan, mutur joka, tiroka, ezpatarekin… ari direnek ez lukete lekurik izan behar. Ez eta kirola egiteko zaldia behar dutenek ere. Hori gutxi ez, eta hondartzeko voleya (polita da, ukaezina), baina esango didazue suitzarrek zein hondartzatan ikasi duten. Zer esan belaz, hamaika ikusteko jaio gara, eta ez harritu urrezko domina, itsaso eta urtegirik ez duen norbaitek irabazten badu. Badmintona zertarako, tenisa izanda. Ez da serioa. Kirol hauek egin nahi dituenak, egin dítzala, baina latarik eman gabe.
Egia esan Balentxi, ez Olinpiar jokoetako egitarautik bakarrik, asko eta asko bestela ere debekatu egingo nituzke. Beste irtenbidea denei ateak zabaltzea. Badira ikusteko ederrak, snookerra (billarra alegia), neretzako modukoa. Takoarekin asmatu behar.
Jon Balentziaga
Nik bezala zuk ere badakizu kirolaren unibertsoan era guztietako jarduerek dutela tokia. Horrenbeste goratzen dugun futbolaz haratago, beste batzuk ere merezi dute gure arreta. Besterik ez bada, lau urtez behingo arreta. Aniztasuna gauza ederra da, eta hori da hain justu, Olinpiadek duten ezaugarririk aberasgarriena.
Ohiko kirol jarduerek itsututa bizi gara. Futbolaren erreinuan beste lauzpabost modalitate dira ahoz aho ibili ohi ditugunak. Besteak, daudenik ere ez. Egon, ordea, badaude. Eta kirol hauek praktikatzen dituztenak ere, badute amets egiteko eskubidea.
Gogokoak izan ala ez, besteek adinako meritua dute. Zenbat izardi, entrenamendu eta lo galdu, Londreseko zita behar bezala prestatzeko. Ixilean aritu dira lanean, gure arreta piztu gabe. Ixilean aritzeak eta hedabideetan oihartzunik ez izateak, ordea, ez du esan aritu ez direnik. Mundu mailako kirolari onenen artean izateko eskubidea irabazi badute, zeozergatik izango da.
Lau urte luzeren ondoren, azkenean iritsi da horrenbeste desio zuten eguna. Han izango dira, hamabost bat euskal kirolari. Batzuk dominen lehian borrokan, beste batzuk, finalera sailkatzea dute helburu, eta besteak, berriz, bizitzak oso gutxitan eskaini ohi duen esperientziaz gozatzeko aukera izango dute.
Messi edo Cristiano Ronaldo eredu dituen gizarte gaixo bateko partaide garen honetan, Maider Unda, Iker eta Xabi, Oihana Blanco, Ainhoa Murua, Mikel Odriozola eta abarri horrenbeste zor diegula iruditzen zait. Ea goia jotzen duten!