Gorka Azkarate
Aspaldiko, Nerea! Zer moduz oporrak? Zure ofizio-afizioa zein den jakinda, ziur plazarik plaza kantuan pasa dituzula urteko hilabete beroenak. Beroak izan baitira aurten, izan ere, azkeneko asteak. Afrika aldeko bero olatu ditxosozko horrek zelaiak majo horitu ditu behintzat. Euririk apenas izan da azken asteotan eta kalera irteteko ere, gogoa behar… Bidaiazalea zarela badakit, ez dakidana, ordea, aurten urrutira joateko aukerarik izan ote duzun… Krisia eta horrelakoak…
Zer nahi duzu esatea… niri behintzat, inguruko jendea lasaiago ibili dela iruditu zait aurten. Orain ez urte asko, lehia moduko bat ote zegoen irudipena neukan, nork bidaia exotikoagoa egin uda garaian. Hondartza galduak, paradisu urrunak, mendi garaiak, kultura ezezagunak… horiek ziren patrika diruz majo beteriko gure moduko sasi-burgesen jomuga. Baina, aaamigo, garai berri bat bizi dugu orain, eta egoera ez da kanpaiak jotzeko modukoa. Eta klaro, ahaztuta geneuzkan edo uste genituen ohiturak itzuli dira: hiruzpalau egun kanping merke xamar batean (Iberiar penintsulatik irten gabe, noski), koinatu, lehengusu, guraso edo dena-delakoaren herrira osteratxoa astebete pasatzera aspaldiko partez, herrian geratu eta Donostiako su artifizialak egunero ikusi (telebistan, akaso) eta horrelakoak. Eta bale. Zer erremedio!
Nerea Elustondo
Erremedioak norberaren irudimenarekiko zuzenki proportzionalak izan daitezkeela sinetsi nahi nuke, baina guztiak prezio bat daukala sinestarazi diguten garaiotan, ez da hain sinplea izango ziurrenik.
Krisiarengatik edo/eta krisiaren aitzakian, beste urte batzuetan baino “harrokeria” gutxiago sumatu dut nik ere inguruan; ihesalditxoren bat gehiengoak egin duela iruditu zait, ordea. Krisia krisi, herrian geratzea ez dago ondoegi ikusita. Bat baino gehiagori entzun diot aurten ere, norbere ohean lo egiteak opor kutsua kentzen diola oporraldiari. Zenbakiak ateratzen hasita, merkeago aterako zen batzuen bidaia besteren “etxeko” egonaldia baino. Hala ere, kalean ez da galdetzen zer egin duzu oporretan? Gutxienekoa da hori! Non egon zara oporretan? Galdetzea tokatzen da.
Ni, ez naiz Euskal Herritik atera eta ez naiz damutzen. Baserritarrak ez dira nirekin ados egongo, baina sinatuko nuke aurtengo abuztuan izan dugun eguraldia urtero izateagatik. Uda lehorra eta beroa izan da. Komunikabideetatik behin eta berriz esan digute itzalean egoteko eta etengabe hidratatzeko. Donostiako ospitaleak su artifizialek baino gehiagotan erakarri du herrian geratu garenon arreta. Ur botilek esanahi berezia hartu dute beste behin. Marea urdina hedatuz doa. Lerro hauek argitaratzerako Madril zerbait bustiko zela espero dut…Hamalau ikusteko gaude!