“Tomate urte, saltsa urte”. Ezagutzen al duzu atsotitz hau, Eneritz? Zaila, ezta? Ez naiz harritzen; oraintxe asmatu berri baitut. Sarri pentsatu izan dut nork eta noiz sortu ote dituzten euskaldunon mundu-ulerkeraren adierazle eta hitz-altxorraren aberasgarri diren esaldi hauek. Milaka esamolde, esaera zahar edo atsotitz hizketarako ez-ezik, bizitzarako ere lagungarri izan dituenak euskaldunak mendetan zehar. Eta ezjakintasunak damaigun ausardia aprobetxatuz, nik ere bat sortu dut: “Tomate urte, saltsa urte”.
Akaso ergelkeria irudituko zaizu, edo gutxienez zentzugabekeria behintzat bai. Baina udaren amaieran, kurtso berria gainean dugun honetan, Gotzon Garateren bilduman begira jarri eta ez dut egokirik aurkitu (esango nuke egungo munduan ibiltzeko atsotitz askotxo geratu zaizkigula zaharkituta) eta horregatik, neronek erdi-kopiatuz tomateak eta saltsa hizpide jarri. Goierriko baratzetara begiratu besterik ez dago aurten zeinen tomate urte ona den konturatzeko. Eta tomatea den urtean, saltsa ere izango da, ezta? BEZa gora, hauteskundeak, langabezia, aurrekontu murrizketak, lan-gatazkak… Eta are okerragoa: Javi Martinez ere “lanera” Munichera joanda, Nafarroa gertuago dago Alemaniatik EAEtik baino. Ikasturte berrirako saltsa nahikoa ez bada, Klaudio Landak ETBn euskal famosoei buruzko saio bat egin dezala!
Saltsak saltsa, hotzak hondatu arte tomatea jaten gozatuko dugu. Eta zuk, zein atsotitz jarriko zenioke kurtso berriari?
Eneritz Gorrotxategi
Gizarte honek lehengo lepotik duela burua! Egoera honi begiratuta zer esango dut bada! Hala ere, gauza bat aitortu behar dizut. Tomatea gure baratzeetan eta sukaldeetan oinarrizko produktu bilakatu den honetan, esamoldean erabiltzeko aukera, egokia iruditzen zaidala. Zuk jarritako adibideetan bezala, beti izaten da tomate saltsan ogia bustitzeko prest egoten denen bat, ezta?
Nire iritziz, esaera zaharrak ez dira zahartzen, egoera berrietara egokitzen asmatzea da kontua. Izan ere, atsotitzetan, esaten denari baino gehiago, adierazi nahi denari erreparatu behar baitzaio.
Hamaika ikusteko jaio gara, baina ez dakit hamabigarrenaren aurrean ez ote gauden! Gure arbasoen garaian ere ez zen gauerdiko ahuntzaren eztula izango babak eltzetik ateratzea, baina orain guri dagokigu beraiek ereindako uztak emandako fruituak defendatzea. Izerdia latz atera beharko dugu lortutakoa hutsaren hurrengoa izan ez dadin. Gustuko lekuan ez omen da aldaparik izaten, beraz, ea pixkanaka bidea egiten dugun eta hartara jakin egingo dugu urrutiko intxaurrak zenbat diren eta okela txarrari ez diogu saltsa ona bota beharko. Atzeak erakusten du aurrea nola dantzatu!