Joxepa Madariaga
Txikitako kontuak. Lagunei erreparatu eta harrigarria duk, nola txikitako izaera, gutxi-asko, mantentzen den: txikitan lotsatia zena, nekez agertuko duk ausarta heldu-aroan, adibidez. Kasu guztietan ez dik honek balio, baina gehienetan bai. Herriek ere mantentzen ote diate lehen-lehengo, «aspaldiko» nortasuna? Hik ez huen ezagutu duela 40 urteko Lazkao. Asko aldatu duk herria.
Haurtzaroan bizitako eta oso gogoan ditudan hainbat kontu kontatu nahi dizkiat, aldaketaren lekuko: Ikastolako aukera egindakook, batzuk ikasgela bihurtutako garajeetan, besteak Elizkriston eta beste batzuk ahal zen lekuan, ze material gutxirekin moldatzen ginen… Leku xelebretan, material gutxirekin, baina ikasten genian, horixe ikasten genuela!
Plaza ingurua nola aldatu den Lazkaon! Udaletxea, anbulatorioa, postetxea, Eskola Nazionala eta gure etxebizitza eraikin berean hituen; plazan bertan aparkalekua, futbol-zelaia, idi-frogetako harria, harrizko bankuak… Karnizero Txikiaren harategia, Joanitaren ile-apaindegia, Jauregieneko elektratresnen denda, Eulaliren denda, Riojano taberna, Matxainen jolas-gela, Karmen-ene taberna… kale nagusian segida-segidan, Elosegi kalean. Horiek behintzat ezagutu dizkiagu.
Untzindegiko soroak, lehen letxugak, porruak, tomateak… ematen zituztenak, orain etxe, aparkaleku, parke… bihurtuak dizkiagu.
Inazio Usarralde
«Nola aldatzen diren gauzak, kamarada!» abesten zinan nire talde kuttunenetako batek. Eta hik Lazkaon aldaketarik sumatzen al dudan etorri nintzenetik galdetzen didan. Ba, horixe baietz! Majo aldatu ere, gainera! Gauza batzuetan hobera eta besteetan ez hainbeste, nire gusturako. Eta lazkaotarrok, neu tartean, ere bai, jakina!
Hala ere, den-dena etengabeko den-dena aldatzen ari dela pentsatzen dinat nik. Begiratu inguru fisikoari, edota pertsonei ere. Ez ezer ez inor ez dun lehengoa. Errepara iezaion hizkuntzari bestela. Hori ere etengabe aldatzen ari dun. Atzo «egon hadi isilik bigarrena paretak emango dik/n bestela eta!» esanez egiten zigutenan mehatxu gure gurasoek eta gaur, berriz, «bi osti emango dizki(n)at!» zerabilten gure seme-alabek kasurik onenean, haserretutakoan espainolera pasatzen direnak ere ezagutzen baitizkinat. Edo, are okerragoa, euskaraz jakin eta zuzenean gazteleraz aritzen direnak lasai asko, haserre egon edo adiskide izan.
Azken batean, aldaketa baten atzean erabakiak egon ohi ditun eta horietan hankabiko gehienok batzuetan bale eta besteetan kale. Baina, hor zegon bizitzaren xarma ere.
Niri, orain hogei urte, Usurbildik nora eta Lazkaora bizitzera etorri behar nuela esan balidate ez ninan sinetsiko, eta begiraion! Hamazortzi urte egin dizkinat jadanik. Eta ez nagon kexatzeko. Ez naun damutzen erabaki hori hartu izanaz. Egokitu zaidan herria, etxe ingurua eta lagunartea ez zeuzkanat saltzeko. Ez jatorrizkoa ez harrerakoa.