Krisi ekonomikoaren ondorioz, gero eta gehiago dira egunerokotasunean zailtasunak dituzten familiak. Ertzeetako biztanleak ugaritzen ari dira. Krisiaren ondorioz, gero eta gehiago dira gizartearen ertzak populatzen dituztenak. Baina, zer gertatzen ari da aurretik ere baztertze arriskuan zeuden familiekin?
Gizarte ereduaren krisiak ustezko pobrearen estereotipoa aldatu du. Kinka larrian daudenen ahotsak urrunetik helduko balira bezala entzun ohi dira. Gero eta hurbilago daude, ordea, gero eta gehiago baitira. Errefusa, beldurra, epaiak eta aurreiritziak alboratzea ezinbestekoa da beren ahotsak entzuteko. Ez da lerro hauetan benetako izenik agertuko, ahotsek anonimotasuna gorde nahi dutelako, gizarteak ez baititu bere ertzak begi onez ikusten.
Hainbat ezaugarri komun dituzte datozen hiru testigantzek. Guztiek diote erakundeetatik jasotako laguntzak eskasak izan direla. Denek familiaren eta lagunen babesa azpimarratu dute. Hiruek dituzten lan aukerak ekonomia ezkutuan baino ez dira sortzen.
Josu pentsioduna da 35 urte inguru zituenetik. Berea minbiziari estuki lotutako istorioa da. Berak nahiz bere bikoteak nozitu duten gaixotasunak euren bizimodua erabat baldintzatu du.
Aspaldi onartu zuen osasunarekin «zorte txarra» izan duela. Minbiziaren eraginez lanerako ezgaitasun iraunkorra eman, eta 1.000 euro inguruko pentsioa ezarri zioten. Medikuetara joateko mailegua eskatu zion bankuari. «Garai hartan emaztea lanean ari zen, eta aurre egingo geniola uste genuen». Hilero 700 euro ordaindu behar dizkiote bankuari. Ordainketa amaitzeko hamar urte luze geratzen zaizkie. Pentsioaren zenbatekoa ikusita bankuak dirua erraz aurreratu ote zion galdetuta, ezbairik gabe erantzun du baietz, «inolako erreparorik ez ziguten ipini».
Bikotekideak etxeak garbitzen zituen, eta denborarekin sektore bereko enpresa batean hasi zen lanean. Urtebete baino ez zuen egin lan horretan, krisiak «agerraldi bortitza» egin eta kaleratu egin zuten. «Ordutik aurrera, gure egoerak okerrera egin du etengabean, eta gure semeen oinarrizko beharrei ezin diegu jada erantzun».
Tarteka, bikotekideari lantxoren bat ateratzen zaio. «Nik ezin dut lanik egin, ezintasun iraunkor partziala eskatu nuen, baina ez zidaten eman». Egun, Josuri loa kentzen dio semeei unibertsitatera joateko aukera bermatu ezin izanak. «Ikasketak jarraitu nahi dituzte, oso ikasle onak dira, baina ez dugu aterabiderik ikusten».
Iñaki familia gurasobakarreko burua da. Sendia bereizi aurretik, haurren ama familia negozioaren kargu egin zen, eta Iñaki haurren zaintzarena. Bi dira bere istorioaren mugarriak: negozioaren porrota eta bikotearen banaketa.
Langabezian dago eta haurren gastu guztiak bere gain daude. Diru-sarrerak bermatzeko laguntza eskatu zuen, «onartu zidaten, baina urtarrilean Lanbideko aldaketak gauzatu zirenean ordaintzeari utzi zioten». Erreklamazioak egin ditu eta laguntza aurki emango omen diote. Lantxoak egiten ditu han eta hemen; aitzitik, beti merkatu beltzean aritzen da. Orain alokairurako laguntza bat jasotzen du. Bestela, etxeko alokairua ordainduta, 60 euro geratzen zaizkio hilabetea gainditzeko.
Gertuen dituen erakundeak bere egoerarekin kezkatu direla dio, «gizarte zerbitzuen laguntza jaso dut». Baina diru-laguntzak eskatzerakoan «ezinezko eskakizunak» egin dizkiote: «Abuztuan haurren eskola matrikularen kopia eskatu didate».
Frantziako Tourrarekin alderatzen du bere egoera. «Batzuetan lautadan noa eta guztia errazagoa dela dirudi. Badakit, halere, Tourmalet mendiaren gaina zain dudala».
Elikagai bankuaren laguntza azpimarratu du. Izan ere, izozkailua beteta ikusteak «sekulako poza» ematen dio. Hurrengo egunean iraungitzen den arraina merke saltzen duen supermerkatuaren berri du. «Bestela, ezingo genuke arrainik jan».
Iñaki eta bere semeak gutxirekin bizitzera moldatu dira eta «haurrak, agian, behar baino helduagoak dira». Semeei beharrezkoa ez denean argiak itzaltzen erakutsi die. «Gure aitak gauza bera egiten zuen baliabide gehiago izanda ere».
Iñakik familiaren laguntza jasotzen duen arren, senitartekoak urrun dauzka eta laguntza hori ekonomikoa da, batik bat. Adibidez, eskola liburuak erosteko sasoian, «ezin baitira liburuak berrerabili». Haurren zaintza eta lanaldi osoaren arteko kontziliazioa ez du bideragarria ikusten, «soldata duina lortu ezean, nork zainduko ditu nire umeak ni lanean nagoen bitartean?».
Itxaroren bizitzan tragedia izan daiteke, esate baterako, etxeko galdara matxuratzea. Bi hilabetez bere haurren bainurako ura sutan berotu du. Itxarorena ere guraso bakarreko familia da. Banatu zenera arte ez zuen etxetik kanpo lanik egin. «Banaketaren ondoren urtebetez aritu nintzen lan bila, eta garbitzeko atari bat ere ez nuen aurkitu». Ikastaroak egin zituen eta amaitzean 50 curriculum bidali zituen. Nagusien zaintza da bere alorra, baina lanbide hori ez du «haurren zaintzarekin bateragarri ikusten».
Lana aurkitu zuen etxeak garbitzen. Egunero garbitzen duen etxean kontratua egiteko eskaera egin die nagusiei, kaleratuko dutenaren beldurrez. Pentsatuko dutela esan diote. Bere kezkarik handiena merkatu beltzaren segurtasun eza da. Nolanahi ere, «haurrak behar baino denbora gehiago bakarrik geratzen diren arren, lan mota honek baino ez dit semeak zaintzeko aukera ematen».
Semeetako batek elbarritasuna du, eta botikak hartu behar ditu derrigor. «Sendagaien prezioaren igoerak nabarmen eragin dio gure ekonomiari», dio. Itxaro bere etxebizitzaren jabea da, eta horrek diru laguntzen ateak itxi dizkio. Bikote ohiak hilero 400 euroko pentsioa ematen dio, eta lana erruz eginda doa aurrera poliki-poliki. Itxaro gertuko senitarteko baten zaintzaren kargu ere egin da halabeharrez, buruko gaixotasuna duen senitartekoarena. Egokitu zaiona onartzea izan da bere giltza. «Onartu nuenean hasi nintzen aurrera egiten».
Ertzeetako bizilagunek eredu kapitalista, global, indibidualista eta likidoak ezinbesteko dituen kontsumitzaile izateari utzi diote. Ez dute jada perfil jakinik betetzen, edonor izan daiteke. Ertzeetatik ateratzen dira ustezko gizarte aurreratuetan erdoiltzen utzitako elkartasuna, borroka eta bizitzeko behar denaren neurri doi-doia.