Dionisio Amundarain
Itzultzailea
Ez EAJ, ez EH Bildu. Ez besterik. Ez nuke nahi gure artean alderdi politiko bakar batek ere gehiengo osoa lortzea sekula santan.
Batek zementua emango liguke jatera, ikusia dugunez. Besteak belar zakarra, jada biziki barruntatzen hasiak garenez. Esateko modu bat da.
Ohituak gara ikusten, txandako alderdiak nahi diola ezarri herriari zer jan, zer edan, zer…
Aitzitik, herriak beharko luke izan alderdien irakasle eta erakusle. Ikusi berriak gara berrikitan, Gipuzkoan bederen, bere nagusikoa ez diola utzi nahi alderdi politiko bati. Poztekoa izan da, zakarrak tratatzearen kasuan, herriak hainbeste sinadura bildu izana, baliabide kaxkarrez, baldintza ez-erosoetan ─ inori ez zaio atsegin izaten hatzez seinalatua izatea─. Sinadurak bildu izan beharra! Ba al zen, ba, horren beharrik. Nahi zuenak, hori egin beharrik izan gabe ere, barruntatu ahal zuen herriaren, herriko asko eta askoren, ikuspegia. Baina, tira.
Alderdiek jakin beharko lukete ez dutela beren xedea halako edo bestelako ekintza hura itsu-itsuan aurrera ateratzea. Hauteskundeen bezpera honetan, aski ote da taldetxo bakoitzak bere burua ikustera ematea, argazki politika eginez? Aski ote luke laborategian moldatutako lauzpabost ideiaren zerrenda aurkeztea?
Gaitz erdi ideia batzuen aurkezpena egingo balute; oro har, ideiak ez baino lainezak dira aurkezten eta. Gaitz erdi diot, zeren ez baita hori xedea. Herriaren gogoa eta ametsak lituzkete bildumatu beharrekoak, argi eta garbi. Herriak zer pentsatzen eta zer nahi duen. Ondoren, halako bilduma hura nola bideratuko dituzten adierazteko. Eta, jakina, garaia iristean, agindurikoa betetzen ahalegintzeko.
Oker handia izan da, zaborren inguruan, zaborrak ikurrintzat hartu eta jendearen aurrean garaile zein aterako itsuki lehiatzea. Lehenik, alderdi baten edo bestearen helburua ez delako herriaren aurrean garaipen-adarra altxatzea. Bigarren, esana dudanez, alderdi baten helburua ez delako ezer ere inposatzea. Hirugarren, zernahi gauza burutu nahi denean, herria sentsibilizatu behar delako lehenik, alderdikeriak alde batera utziz. Eta ez, lehenik egin eta gero, kasurik hoberenean, egindakoa zuritzen saiatu.
Baina natorren hasierara. Ez nuke nahi alderdi politiko bakar batek ere gehiengo osoa lor lezan. Gainerako neure iritzien kontra joan behar banu ere, horrelakorik haustera joko nuke neure botoa ematean, beharrezkoa ikusiz gero. Geure demokrazia formal honetan, beste baliabiderik ez dugularik, bi edo hiru edo lau alderdi izatean, aukera txiki bat izango genuke alderdi baten apetari edo kapritxoari aurka egiteko. Zorionez.
Bukatzeko, bizitzako neure ibilbidean izan dudan xedea aipatu gabe ezin utzi. Aspaldi honetan aski bazter utzia eta gaitzetsia dakusat geure hizkuntza: euskara. Segur naiz, alderdi politikoak, guztiak, diren bezalakoak diren bitartean, jai dugula. Herriak eusten ez badio, akabo. Herriak beharko lieke eragin alderdiei, eta eskatu, eskatu eta eskatu. Alderdi horietako batzuei eskatzea lan alferra dela badakigu. Besteei eskatzea, exijitzea, pankartak jarriz aldarrikatzea, manifestazioak eginez behartzeraino behartzea?