Urretxu eta Zumarraga zaintzen ditu Irimok; gurutzetik abiatuta, zazpi tontorrek osatzen dute mendilerroa. Urretxuko Santa Barbara baselizatik abiatuz, Irimo eta bere zazpi puntetarako igoerari ekingo diogu, aterpetxearen atzealdean hasten den pista jarraituz. Aurkituko dugun lehenengo mugarriak, Arkaitzaldekoak, bi bide emango dizkigu aukeran: Irimo edo Nebera. Hasieran pinu artean, eta laster alertze artean, Irimorako bidean gora egingo dugu. Lizartxoetako etxola eskuinean utzita, Iturrandiko hegiko mugarrira helduko gara.
Igoera egiteko bi aukera ematen dizkigu bideak: luzea edo motza. Motza hautatuko dugu eskuinera eginda, eta aurki Lizarriturri izango dugu aurrean. Ederrak dira iturria zaintzen duten lizarrak, ezin goxoagoa da bere ura, eta apartekoa tokian dagoen bakea. Segidan, bi etxola artean igarotzen den zidorra jarraituko dugu. Aldapa gogorragoa egiten da hemendik eta gurutzera. Izan ere, Irimok duen zailtasun bakarra desnibela da.
Irimoko gurutzetik Urretxu eta Zumarraga herriak gure azpian ditugu; albo batera dugu Legazpi. Samiño, Izazpi, Txindoki, Aizkorri… Guztiak bilduko dira gure begietara.
Oraindik, hala ere, ez gara Irimoko tontorrera iritsi. Gurutzetik, puntarik-punta mendilerroan barneratuko gara. Arbeletatik Irimora eramango gaitu zidorrak, alertze eta pago artean. Irimotik, aurrera egingo dugu mendilerroan Trintxulekurantz. Egun argietan, bidean mugarik ez dago begientzat: Aratz-Aizkorri-Aloña mendikatea ezkerraldean; Gorbea, Udalaitz, Anboto, Mugarra, Oiz, Urko, Karakate, Hirukurutzeta… parez-pare; itsasoa, Izarraitz, Samiño… eskuinaldean; Izazpi, Ernio, Txindoki… atzealdean.
Tontor artean, badira zenbait txoko infinitura zabaldu baino, pagoen itzaletan barrura biltzen direnak. Mugarrisakon da horietako bat.
Azkeneko gailurtxoa da Meaka. Jaisteko, merezi du Meakako atseden-lekura iritsi, eta handik Santa Barbara doan pista hartzeak.
Luzera: 4,7 kilometro
Denbora: 40 min.
Altitud max: 896 metro.
Desnibela: 531 metro.
Zailtasuna: Ertaina