Orain arte oso gutxi ikertu eta idatzi izan da Mutiloako meategien inguruan; jatorria erromatarren garaikoa izan daitekeela uste dute adituek, baina XVII. eta XX. mendeen artean aktibitate ekonomiko handia sortu zen haien bueltan.
Zeraingo meategiak ezagutarazteko lan handia egin da azken urteetan, baina Mutiloan ere baziren meategiak, eta urte askoan ezkutuan egon badira ere, askok, Mutiloa eta Ormaiztegi lotzen dituen Bide Berdeari esker izan dute horien berri. Herritarren artean ahoz aho eta belaunaldiz belaunaldi kontu horiek zabaldu izan badira ere, askok ezagutzen ez duten historia dago egun aisialdirako erabiltzen den oinezko bide horren atzean.
Mutiloako meategiak noiz sortu ziren ez dago erabat argi. Hainbat adituren ustez, erromatarren garaian hasi ziren mendi horietako mea ateratzen; Troiako meategiak izan litezke garai hartako ustiategien aztarnarik garbienak. XVII. mendean ere, berpizkunde bat izan zuten meategiek; aktibitate handia sortu zen, kanpoko jendea etorri zen, eta herriko baserritarrak ere joaten ziren, sos batzuk atera nahian, bertan lan egitera. Kantinak eta eskola bat ere egin zituzten inguru haietan, bertako langileentzat eta haien seme-alabentzat. XX. mendearen hasieran ere indar handia hartu zuen, batez ere, meategietako trenbidea eraiki zutenean.
XIX. mendearen bukaeran, Minas de Mutiloa S.A. enpresa sortu zuten Bilbon, bost bazkideren artean, Mutiloako eta Zeraingo meategiak ustiatzeko asmoz. Revista Minera aldizkariak 1898. urtean argitaratu zuenez, 100.000 pezetako hasierako kapitala jarri zuten, 500 pezetako 200 akziotan banatuta. Akzio horiek, bost bazkideen artean erosi zituzten.
Meategi haiek eta Ormaiztegi lotzen zituen trenbidea berriz, 1900. urtean eraiki zuten. Guztira 5.700 metroko luzeera zuen trenbide hark, eta Barnaolako meategiak eta Ormaiztegiko tren geltokia lotzen zituen; gero, handik, trenez Pasaiara edo Hendaiara garraiatzeko.
Bide haietan ibiltzeko, lokomotora txiki baina sendoak behar zituzten. Lurrunezko hiru makina erabiltzen zituzten, eta haietako batek, Mutiloa izena hartu zuen. Lokomotora hura, meategietako trenbidea itxi arte aritu zen lanean; gero Asturiasko meategietara eraman zuten, harik eta 1965ean desegin zuten arte.
Garai bateko trenbidearen tokian egokitu duten oinezko bideari esker, meategien eta trenbidearen aztarna ugari ikusteko moduan daude gaur egun, ala nola, Lointziko tratamendu gunea, Lierniko eta Potxuetako zubiak edota Barnaola inguruan dagoen makinetxe eraikina. Baita bidearen zenbait gunetan mantendu diren trenbidearen errailak ere.