Inazio Mari Atxukarroren ahotsa eta umorea ezagunak egin ziren 1960eko hamarkadan. Segura Irratian eta Loiolako Herri Irratian, pasadizo umoretsuak kontatzen zituen. Ahozko herri literaturaren altxor biltzailea izan zen.
Errezildarra zen jaiotzez Inazio Mari Atxukarro (1912), baina Zegaman egin zuen bizitza. Bertan hil zen 1987. urtean.
60eko hamarkadan ospetsua egin zen Inazio Mari Atxukarro. Segura Irratian eta Loiolako Herri Irratian kolaboratzaile lanetan aritu zen. Kontalari eta esatari aparta zen, umorezko ipuin eta pasadizoen kontalaria. Normalean, pasadizo umoretsuak eta ironikoak kontatzen zituen, baserritar munduarekin lotutakoak. Askotan, bere biografian oinarritutako kontakizunak izaten ziren.
Hizkutza herrikoia erabiltzen zuen. Literatura aldetik, oso aberatsa zen Atxukarro. Onomatopeiak, atsotitzak eta hitz jokoak erabiltzen abila zen. Juan Mari Lekuonaren arabera, «edozein xoxotuta uzten du bere izkera liluragarriak. Eta berezko doaiez gaiñera, irratsaioien bidez oso entzuna dugu bera, batez ere Egoaldeko Euskal Herrian».
Atxukarro esataria eta kontalaria bazen ere, bere hainbat istorio bildu zituen Irriparrezko printzak liburuan. «Ahozko literaturaren barrutikoa dugu idazlan hau», zioen Juan Mari Lekuonak liburuaren hitzaurrean.
Istorioak biltzeaz gain, Atxukarrok ere bazuen beste zaletasun bat: antzinako trasteak eta objektuak biltzea. Hil zenean, itxi egin zuten.
Egazkiñak
Orain dala irurogei ta mar bat urte, azaldu izango zan lenengo egazkiña. Bleriot, Delagrange, Dumont eta beste batzuek izan ziren aseera eman ziotenak egazkiñari, baño 1.911an, Azentzio egunez, agertu edo igaro omen ziran Euskal Herrian egazkiñak. Lenengo aldiz zetortzen, Parixtik irten eta Madrid aldera. Tresna xelebre aien barruan, gizon edo gidariak zijoazen. Batean Bedrines, bigarrenean Garros eta bestean Guilbert. Jende guztia mendi gañetara igo zala diote zaarrak. Igaro bear zuten mendi gaiñ guztietan, suak piztuta omen zeuden, kea, piloto oientzat gidari izan zediñ.
Irun aldetik, San Markos inguruan barrena, Uzturre, Larraitz, Santa Barbara, Saadar, Otzaurten barrena, Altsasuraño. Olaztiñ erori omen zan bat, Burgos aldean jetxi zala diote, bestea. Madridera urrengo egunean iritxi omen zan, irugarrena. Esaten dute, egun artan, erri askotako meza nagusiak aurreratu egiñ zituztela, jendeak goiko tresna oiek ikusi zitzan.
Diotenez, larrean zebiltzan auntz, ardi ta abereak aztoratu ta marruka igesi; egaztiak, jakiña, pixti izugarri aiekiñ izututa. Egun gogoangarria esan oi zuten Azentzio egun uraxe.
Mikeleteak
Gizon prestuak oi ziran mikeleteak; gorputzez bikaiñak, jantziz dotoreak, gizon aukeratuak, eskolaz ere poliki jantziak eta batez ere gizatasunez ermoak, zintzoak, euskaldun garbiak. Probintzi batetik bestera, eraman behar ziran gauzak, zaitu oi zituzten. Ordainketa egiñ bear izaten zan, Mikeleteen muga-etxetan.
Beiñ batean, garrapoikara pattarra dakarki Otsogobiako Joxe Marik, basoan zear, txarakadi ta sestraka artean babesten dala, iñork ez ikustearren. Bi mikeleteak konturatu ere… Or datoz atzetik. Etxean sartu orduko, amonak:
«Motell, motell, atzetik dituk. Izkutatu dezagun azkar». Jarri da amona sukaldean, erdi erdian exerita, zabal zabal, babarrun aletzen, garrapoi pattarra gonapean duala. Bereala mikeleteak kontrabanduaren galdez: billa, bazter guztietan begira, nun dan galdez. An ez dagoela kontrabandorik. Eztabaida luzean, baietz eta ezetz jardun dira. Amona lasai, pattarra gonapean, epel epel, duala, olla-lokak txitatxoak euki oi dituan bezalaxe. Aspertu ta alde egiñ dute mikelete oiek.
Bai tragotxo ederrak egiñ ere amonak eta etxeko danak. Etzegok gaizki: «Oieri, eman zuen erakutsiak, baita guk ere geren kikimakoak».