Xabier Mendiguren Elizegi
Idazlea
Badira kanpora bizitzera joandakoak etxera etortzen diren ospakizunak: gabonetan, herriko festetan… Halako beste bizpahiru egun egokitu zaizkigu azken aldian: bata, hauteskunde-eguna, kanpoan bizi arren bertan erroldatuta dagoen jendeak, batzuetan, herrira etorri, botoa eman, etxekoekin egon eta lagunak ikusteko aprobetxatu ohi duena; beste bat, ez beharbada herri eta adin guztietan baina nire jiran behintzat ugari samar ikusi dudana, kinto-bazkariena izan da: badakizue, herri batean urte berean jaiotakoen bilera horiek, nostalgiarako hainbesteko jokoa ematen dutenak: gogoratzen zarete halako maisuarekin gertatu zena? Ta zertan da halako? Ta Urlia, ta Sandia, ta Berendia…? Urte sasoi honetako hirugarren ospakizuna Santu Guztien Eguna izan da; horrek ere oroimina ekarri ohi du, baina bestelakoa, bakoitzak bere etxekoekin egin beharrekoa; betiko joan ziren haien izenean bizidunok biltzeko izaten dugun aitzakia.
Nik ere aitzakia hartu dut bilera horietatik, gogoeta bat egiteko. Askotan hitz egiten da gure artean immigrazioaz: urrundik gurera bizimodu hobe baten esperantzan etorri diren gizon-emakumeez, haien integrazioaz, haien arazoez… Gutxiagotan aipatzen da euskaldunok gerok emigrante nola ari garen bihurtzen, azken urteetan batez ere. Baina ez da ariketa zaila: nahikoa da errepasatzea norberarekin eskolan ibilitakoen zerrenda eta ikustea non dabilen orain bakoitza. Batzuk, erbesteko neska edo mutil-laguna topatuta, hara joan ziren bizitzera (gure gurasoek, norbere jaioterria ez zen beste edozeini deitzen zioten erbeste); beste batzuk, ikastera kanpora joan eta, lan-eskaintza hobeak zeudelako-edo, bertan gelditu ziren; badira beren enpresaren onerako joan direnak, negozio-aukera hobeak zeudelako hemen baino; gure borrokak urrutira eramandakoak ere ez dira falta, dela kartzelara, dela erbestera (adiera modernoan erabilita orain, exilioa esateko), poliziagandik ihesi batzuk, eta komandoen beldurrez ere bai, beste batzuk; misiolariak, garai bateko aldean, gutxi dauzkagu orain, baina bidaiariak ez dira amaitu: bata abentura hutsaren maitasunez, bestea kultura berriak deskubritzeko gogoz, edo gu baino behartsuagoak laguntzeko egarriz, asko izan litezke maleta egitera eraman dezaketen arrazoiak…
Kasuistika zabala, ikusten denez. Azkenaldian, baina, lehen izaten ez zen beste tipo bateko jendea ari da gure artetik joaten, bestelako arrazoiengatik: herrian bertan gustura geratuko liratekeenak, lana balute, baina, ezer txukunik aurkitu ezinik, kanpora joan beste erremediorik ez dutenak. Joan beharra, gogoz kontra denean, berez da negargarria, badoanarentzat eta hemen utzi behar dituen gertukoentzat. Baina, gizarte moduan aztertuta, denontzako desastrea ere begi-bistakoa da: gazte baten hezkuntzan, gurasoen ahalegin guztiaz gainera, administrazioaren inbertsio izugarria dago, guztion artean ordaintzen duguna: mediku bat, ingeniari bat, irakasle bat prestatzea gastu handi bat da, pertsona horrek gero lan eginez gizarteari bueltatzen diona; lana ez hemen baizik eta urrutian egin behar badu, hango gizarteak jasoko ditu gure gaztearen onurak. Hori, bere arloan aritzeko zortea baldin badu.
Gure ekonomia inoiz zuzenduko ote den, auskalo. Ea berandu baino lehen gertatzen den, atzerrira joan beharra izan dutenek itzultzeko aukera izan dezaten, hartarako gogoa izanez gero, noski. Eta bitartean, ohar gaitezen gurean ditugun etorkinek zer-nolako sakrifizioak egin behar izan dituzten, eta zer-nolako abantaila dakarkiguten.