
Tere Madinabeitia
Ni ere baserritar izan nintzen. Nire kazetari lan honek gure inguruko baserri askotara eraman nau azkeneko hilabete hauetan, eta bidaia polita egin dudala esan beharra daukat, ezagutzen ez nituen paraje zoragarriak ikusi eta jende jatorrarekin topo egin dudalako. Aldi berean, nire haurtzaroa eta gazteago nintzen garaietako kontuak gogora ekarri dizkit bidaia honek.
Izan ere, ni ere baserrikoa naiz, eta nik ere ezagutu ditut jetzi berria zen behi-esnea, etxeko oiloek emandako arrautzak, sorotik jasotako indabak eta patatak, baratzeko letxuga eta tomatea… Baita lana egin ere: udan zelaian belarretan ibilitakoa naiz, soroan patata-jorran, indabak biltzen uda amaieran, garotara joaten ginen udazkenean, arbia ateratzen genuen egundoko izozteekin… Baina gure etxean hura guztia amaitu zen. Aita lanerako gauza ez zenean, eta etxean ondorengorik ez zegoenez, abereak kendu, soroa zelai bihurtu eta beste terrenoekin batera ondoko baserrikoei utzi genizkien. Akabo Etxeaundi baserria, baserri gisa behintzat, Etxeaundi oraindik zutik dagoelako, eta bizirik, hori bai, baserri-txalet bihurtuta.
Gustura bizi naiz bizi naizen lekuan, ez nuke inolaz ere aldatuko, eta ez dut faltan sumatzen nire aitaren garaiko baserriko bizimodu hura, oso gogorra zelako. Faltan sumatzen dudana da esnea, benetako esnea, etxeko indabak, arrautzak, patatak… Eskerrak baserritar guztiek ez zuten guk hartutako erabakia hartu eta baserriko lanari eutsi egin zioten. Horrela, faltan sumatzen dudana lortzeko aukera daukat. Ez du horrek nire etxeko usaina, baina bai oso antzeko beste etxe baten usaina.
Idoia Luzuriaga
Ze ondo ez? Zure lanak ondorio on horiek eduki izana. Gustura aritu ahal izana, alegia. Azkenean eguneroko jendeak, xeheak, langileak, arruntak diotena hain da interesgarria batzuetan…
Baina bueno, gaia ez zen hori, ezta? Ni ez naiz baserritarra, ni kaleumea izan naiz, ama baserrikoa izan arren, baina produktu horien onura jaso dut, lan gogor hori sufritu gabe. Behi esne freskoa egunero iritsi izan da gure kaleko etxera urte askotan Maritxu eta gero haren alaba Olatzen eskutik. Ardi esnea, zegokion garaian, larunbatero, Iñaki edo haren senitartekoren batek ekarrita, hantxe genuen. Etxeko arrautzak, patatak, indabak… ia betidanik izan dira gurean, lehen aitona-amonek landutako baratzetik, gero, eta orain arte behintzat, aitaren eskutik. Eta nik ere oroitzapen ona daukat haiek biltzen aritu garen momentuez, haurtzaroan eta gaztaroan.
Gaur egun, zuk diozun bezala, baserritar bizimodu horretan jarraitzen duten baserritarrei esker hartzen ditugu kalean produktu horiek, eta baita beste batzuk ere, gazta edo ogia, esaterako. Nik behintzat ezin diot plazer horri uko egin!
Eta zer kontatu dizute baserritarrek bizi dugun garai honetaz? Bizimodu gogorra aldatu nahi izana ulergarria da, baina orain zenbait jenderi entzun izan diot, lurrak eta abereek behintzat emango digutela zer jan krisi egoera honetan. Kontatuko diguzu.