
Unanue gozotegiak ez du aurkezpenik behar Goierrin. 1934an ateak ireki zituenetik gaur arte gozogintzan erreferentzia baita eskualdean. Jose Mari Unanue (Ordizia, 1967) da egun familia enpresaren kudeaketaz arduratzen dena. Bera izan da aitonak hasitako bideari eta aitak eta osabak ondutako enpresari jarraipena eman diona.
Haurra zenekoak ditu Jose Mari Unanuek gozotegiarekin lotutako lehenengo oroitzapenak. «Asteburutan beti etortzen ginen, hasieran denbora pasa moduan, eta urteekin laguntzera», dio. Ordiziako Jakintza ikastolan egin zituen oinarrizko ikasketak. Gaztetatik garbi izan zuen gozotegian lan egingo zuela, eta horregatik hasi zituen enpresa ikasketak Donostian. «Ez nuen karrera bukatu, enpresa eramateko oinarrizko ezagutzak jaso nituenean utzi nuen».
Aitona Antoniok sortu zuen Unanue gozotegia 1934an.
Bai. Aitona umezurtz geratu zen eta oso gazte zela hasi behar izan zuen lanean. Diotenez, garai hartan ez zuen mekanika edo gozogintza aukeratzea beste erremediorik izan. Eta bigarrenaren alde egin zuen. Aprendiz bezala aritu zen Ordizian eta Beasainen 12 edo 14 urterekin. Gero, ofizioan sakontzeko Donostiara joan zen.
Zergatik Donostia?
20. hamarkada zen; Donostia La belle epoque delakoa bizitzen ari zen. Europako noblezia gehienak bertan igarotzen zituen oporraldiak, eta beraiekin ekartzen zituzten euren sukaldariak eta gozogileak. Onenetakoak ziren, eta maila handia zegoen garai hartan Donostian. Aitonak haietako askorekin ikasteko aukera izan zuen orduan.
Ofizioa ondo ikasita zuela itzuli zen berriz Ordiziara.
Bai, 1934an ireki zuten aitonak eta amonak lehenengo gozotegia. Gaur egun Martinez jatetxea dagoen ondoko eraikinean zegoen kokatuta. Amona, orduan ohikoa zen bezala, dendan egoten zen, eta aitonak barruko lanak egiten zituen.
Nolakoak izan ziren hasiera haiek?
Garai txarrak bizitzea tokatu zitzaien. 36ko gerrak negozioa ireki berritan harrapatu zituen. Baina lana gogotik eginda egoerari buelta ematea lortu zuten.
Garai hartako egiteko moduek ere, ez zuten gaur egunekoekin zerikusirik izango, ezta?
Inolaz ere ez. Teknologia asko aurreratu da, eta lanerako azpiegiturak ere askoz hobeak dira orain. Hozkailuak eta labeak asko hobetu dira eta gaur egun nahi dugun hori egiteko aukera gehiago dugu. Kalitatean irabazi dugu. Dena den, aldaketak pixkanaka-pixkanaka gertatzen dira hemen.
Adibideren bat ba al duzu gogoan?
Aitonak adibidez, orgarekin banatzen zituen gozoak eta guk, berriz, hozteko makinadun furgonetak erabiltzen ditugu horretarako. Garai hartan lehengaiak lurrean egindako zulo batean gordetzen zituzten, fresqueran. Gaur egungo hozkailuen oinordekoak izan ziren. Arrautzak bertan pilatzen zituzten, esate baterako, eta ondoren karez estaltzen zituzten fresko mantentzeko. Aitonaren dendan, gainera, ez ziren gozoak bakarrik egiten. Elizetan erabiltzen ziren kandelak ere bertan egiten zituzten, izan ere, argizaria lortzeko zailtasun asko zegoen orduan.
Enpresan lehenengo belaunaldi aldaketa aitarena eta osabarena izan zen.
Aitak eta osabak ere umetatik lagundu izan dute gozotegian, oinarrizko ikasketak amaitu eta bertan lanean hasi ziren arte. Beraiekin etorri zen negozioaren zabalkundea. Biek garbi zuten aurrera egiteko Ordiziatik harago hazi beharra zutela, eta hala gertatu zen Goierrira saltoa. Orduan, amak eta izebak ere bertan egiten zuten lan. Honek inbertsio handiak egitea ekarri zuen, hobekuntzak beharrezkoak baitziren. Garai hartan sartu ziren familiaz kanpoko lehenengo langileak enpresan.
Lekukoa hartzen azkena izan zara. Nola izan zen?
Niretzako eta nire anaientzako guztiz naturala izan da gozotegiarekin izan dugun harremana. Umetatik egon gara bertan sartuta. Lan errazenak ikasten hasi nintzen. Aitaren eta osabaren ezagutza ez ezik, beste hamabi langileren esperientziatik ikasteko aukera izan nuen. Denborarekin ardura gehiago hartzen hasi nintzen eta argi izan nuen hemen jarraituko nuela lanean. Horregatik aukeratu nuen enpresa ikasketak egitea, gozoak egiteaz gainera, negozioa nola kudeatu jakin beharra dagoelako.
Asko aldatu al dira garaiak?
Bai. Niri aldaketa sozialari eta ekonomikoari aurre egitea tokatu zait. Produktu berriak sortu behar izan ditugu, egungo gizartera egokitzeko. Talde handia gara zorionez eta lan guzti honen atzean jende asko dago.
Gozoak kontsumitzeko moduak zertan aldatu dira batez ere?
Garai batean, zegoena jaten zen, eta hein handi batean gosea kentzeko. Postreak astunagoak ziren, bizimodua ere gogorragoa baitzen. Gaur egun produktu gehiago ditugu eskura eta aukera ere zabalagoa da. Jaterako orduan joera kantitatean jaistea izan da, eta jaten duguna ere arinagoa da. Azukre eta koipe gutxiago erabiltzen dugu orain.
Pastelak elkartea sortu duzue orain gutxi Gipuzkoako zenbait gozogilek. Nolatan?
Negozio txikiak gara gehienak, eta askotan ez dakigu zenbait arazori nola aurre egin. Elkartuta errazagoa da zenbait gauza egitea. Bestalde, artisau eran egindako gozogintzak Euskal Herrian gastronomiak duen garrantzi bera izan beharko lukeela uste dugu. Gure lana balioan jartzea da elkarte bezala lortu nahi dugun lehenengo erronka.
Baztertuta sentitu al zarete zentzu horretan?
Bai, sentsazio hori badaukagu egia esan. Alderatuta sentitu gara, ez zaigu behar besteko garrantzia eman zentzu horretan. Gozoak ez duela zertan txarra izan behar erakutsi nahi dugu. Gozogintza artisaua, neurrian hartuta, beste edozer bezain ona da.
Etxera etorrita Unanue gozotegia erreferentzia bat da Goierrin.
Aitonak, aitak eta osabak egindako lanaren emaitza da, azken batean. Kalitatezko produktuak eta zerbitzua zaintzea izan da sekretua.