Igor Susaeta
Mitineroek eta esloganistek badituzte pare bat ideia, kontzeptu edo dena delako, eta horiek xehetzen ari dira. Eta horrela jarraituko dutelakoan nago, harik eta beste ideia, kontzeptu edo dena delako saldo batekin topo egin bitartean.
Esaten dute, adibidez, beste gizarte eredu bat posible dela. Denon hobe beharrez hauspotu beharko genukeela «deshazkundea». Hobeto biziko ginatekeela. Zera adierazten da, Polizia Ekologistakoen tonuan: «AHTrik ez dugu behar. Garraio publikoaren sarea indartzea da irtenbidea». Erabat, ados. Baina begira: Irun-Brinkola ardatzeko herri batean lan egiten dut, eta lantokiko eta inguruko aparkalekuak orain 10-11 urte baino askoz ere beteago daude. Gainera, orain 10-11 urte ez bezala, RENFEko trenek ez dute apenas atzerapenik. Orduan… Beste eredu bat? Excuse me?
Beste slogan bat ahoz aho dabilena: «Herritik herriarentzako egin behar dira gauzak». Gazteen ahotan gehienetan. Herritik eta herriarentzako antolatzen du gure pilota elkarteak pilota txapelketa bat. Igandero ere futbol partidak daude Argixaon. Edo saskibaloia Aldirin. Txirrindularitza probak ere egiten dira. Nor joaten da herritik herriarentzako antolatutako deitu ikuskizun, deitu ekintza, deitu lehia horietara? Gehienbat gurasoak, lagun despistaturen bat eta 55 urtetik gorako jendea: hau da, eslogan hori aipatu eta «zertaz ari zara?» erantzungo luketen horiek. Bakoitzak ahal duena edo uzten diotena egin dezala, baina mitinik ez niri!
Unai Kerejeta
Banekien bai, ez zinela batere mitin zalea eta oraingoan are eta argiago utzi didazu, dudarik gabe. Arrazoi duzu bi kontzeptu horietan. Egia da ez garela oinez herrian bertan hamar metro ere egiteko gai, ogia erostera kotxean joaten gara, baita haurrak ikastolara eramateko ere (gu ederki joaten ginen oinez eta a ze abenturak izaten genituen). Nire lagun batek dioen moduan, gero eta zailagoa izan beharko luke herrian autoarekin ibiltzea, argi dago erosotasuna dela honen oinarria.
Bigarrenari buruz, lema behintzat polita dela ez didazu ukatuko ala? Baina egia da ez diegula jaramon handiegirik egiten ekintza horiei, herrian eta musu truk dira gainera.
Gaiz aldatuta, oroitzen al duzu aurreko idatzian nola esaten nuen 2013a desberdin hasi nuela: Irimora joan, mahatsak jan… oso positibo nengoen orduan. Ba, nire zodiakoko zeinua bezala (libra), orain balantza bestaldean kokatu da, kezkati eta triste.
Jope, 2009an langabezian gelditu nintzen eta Ordiziako Goierrin goi mailako «soldadura» zikloa egitea erabaki nuen. Hamalau urte liburu bat ukitu gabe egon ondoren, latz kostatu zitzaidan! Ikasketak amaitu eta nire artean, «joño titulu honekin eta nire bederatzi urteko esperientziarekin lana topauko diat ba…». Bada ezer ere ez, denbora aurrera doa eta deus ez! Ez dakit zer den, zorte txarra edo ez dagoela lanik. Ziurrenik bi gauzak batera.
Hau panorama Susaeta. Nik momentu honetan botila erdi hutsik ikusten dut. Ea hurrengo nire idatzirako botila erdi beteta ikusten dudan eta balantza beste aldean dagoen. Ez da erraza izango.