Pil-pilean dago azken aldian elikaduraren gaineko eztabaida. Arlo guztietan krisiaz hitz egiten den honetan, badirudi azken hamarkadetan eraikitako elikadura sistema ere gainbehera datorrela. Gaur gaurkoz, aldaketa gauzatzea kostatzen ari da; interes askotxo dituzte jokoan multinazional handiek hori posible izan dadin.
Hain justu ere, elikadura burujabetza du ardatz egunotan egiten ari den Segurako Iparra-Hegoa aste kulturalak. Azken bi asteotan erronka honen egitekoak, zailtasunak eta aukerak aztertu dituzte. Bihar, berriz, Euskal Herri osoko produktuak jasoko dituen azoka egingo dute. Gazta, barazki, fruitu, ezti eta ogi artean, 30 ekoizle baino gehiago elkartuko dira Seguran.
Bide horretan urteak daramatzate naturaren legeei jarraituz nekazaritza osasuntsua eta garbia eginez hainbat nekazarik Goierrin. Ataungo Espilla baserria du bizileku eta bizimodu Pili Eskisabelek. Erizaintza ikasi bazuen ere, hainbat urtez herritik kanpora ibili ondoren, «lurrera itzultzeko» nahia piztu zitzaion. Gurasoek baserritik bizimodurik ateratzerik ez zuela izango esaten bazioten ere, 2000. urtean heldu zion erronkari eta «gustura eta pozik» ari da gaur egun. Ataungo 15 familiarentzako barazkiak ekoizten ditu bere baratzean era ekologikoan; astero eramaten du bakoitzak bere saskia etxera. Ardiak ditu Eskisabelek baserrian eta gaztarik egiten ez badu ere, simaurrarekin baratzerako ongarria lortzen du. «Zikloa ixten dut horrela», dio berak.
«Oreka» hori da ustiategietan bilatu behar dena Xabi Akizu Ezkio-Itsasoko baserritarraren ustez. Akizuk hiru hamarkadatik gora daramatza Hariztizabal baserrian Marilu Gordoki emaztearekin. Donostiatik iritsi ziren bertara ekoizpen anitzeko baserria martxan jarri asmoz. Ogia egiten dute gaur egun, eta fruta arbolak ere badituzte.«Badira gizakiaren amets ero batzuk: garapenaren izenean gehiago ekoiztea eta natura menderatzea. Hori izan da azken 50 urtetako joera eta gaur egun horrek ez du etorkizunik», dio Akizuk.
Eskisabelek zein Akizuk ekologikoaren hautua egin zuten hasieratik. Nekazaritza ekologikoak helburu produktu osasuntsuak izateaz gain, ekoizpen prozesu garbiari ere egiten dio erreferentzia. Elikadura osasuntsua, ingurumenaren errespetua eta lekuko ekonomia bultzatzen duena da nekazaritza ekologikoa.
«Orain arte nahi izan duguna da handia, asko, merke eta azkar —dio Akizuk—; horrek goia jo du eta orain irtenbidea non dagoen ikusi behar da». Kalitateari eta lurrari jaramonik egin gabe, asko produzitzeko helburuarekin nekazaritza industrializatu egin da. Teknologiaren garapenari esker ekoizpen hidroponikoa, lurrik gabekoa, lortu zen eta azken lorpena genetikoki eraldatutako landare eta abereak izan dira. «Gehiago produzitu bai, baina, zein ondoriorekin?», ohartarazten dute.
Aurkako bidean
Erakundeek ere nekazaritza intentsibo hori bultzatu dute baserritarren arabera. Eskisabelek dioenez Gasteizko gobernuak «ez du nekazaritza ekologikoagatik apusturik egin, bertakoa bultzatu du, baina hor hipodronikoa ere bultzatu dute». «Egin beharrekoaren aurkakoa egin du administrazioak» Akizuren ustez. «Errentagarritasunak ahaztu eta guzti horri buelta emateko garaia da», dio. Horregatik, diru-laguntzak bigarren maila batean jarri eta baserriz baserri bakoitzak zein behar eta aukera dituen aztertuz egin behar da planifikazioa Akizuren ustez.
Eskisabelen arabera janariari «garrantzia gutxi» ematera iritsi da gizartea azken hamarkadetan, «nahiago izan dugu dirua beste edozertan gastatu». Orain, berriz, barneratuta dago produktu ekologikoak garestiak direla. Ekoizle hauek argi dute, baina, hori ez dela horrela.
«Ez da garestia»
Produktu ekologikoa garestiagoa ikusten da pisuan edo kantitatean alderatzen direlako. Akizuk emandako adibidearekin, ogiaren kasuan nutrienteei arreta jarriz gero, ohikoak ez dauka apenas bitaminarik, beraz, lau aldiz garestiagoak dira ekologikoak baino. Zuntza edo fibra, berriz, sei aldiz garestiagoa da; eta mineral zein proteinetan ere alde nabarmena dago. Frutaren kasuan ere gauza bera gertatzen da: abonu kimikoekin ekoitzitakoek ur askoz gehiago dute. «Ura ari gara ordaintzen sagarren prezioan», dio Akizuk.
Edonola ere, etorkizunera begira baikor ageri dira. Gazteen artean «mugimendua» ikusten dela dio Eskisabelek. Ezagutzaren transmisioan etena eman denez, oraingo gazteek «aiton amonengandik, egun horretan dihardutenen esperientziatik zein unibertsitatean» ikasi beharko dutela dio Ezkio-Itsasokoak. Urte osoan zehar Hariztizabal baserriko ateak irekita dituzte haurrak baserrira hurbil daitezen. Eskisabelek ere Ordiziako Azoka erakusten die gaztetxoenei.
«Garai polita eta interesgarria» dator aurretik Akizuren hitzetan; «aukera asko daude, zailtasunak ere bai, beraiei tokatzen zaie horri aurre egitea eta erantzungo dute».
Oscar Garcia (K2KEmocionandoko kidea)
«Elikaduraren inguruko kultura aldatu nahi dugu, lanpostuak sortzeaz gain»
«Gizartetik jasotzen duguna itzultzeko ardura sentitzen dugu; nola egin pentsatu beharra zegoen». Ideia horrekin sortu zuten Koldo Saratxagaren K2K Emocionando taldekoek baratze ekologikoak indartzeko Lur Denok proiektua. Bertako kide da Oscar Garcia (Ordizia, 1971). Produktu ekologikoak eskuragarriago egin asmoz Hurbilekojalea denda ireki dute Beasainen. Irekiera aitzaki hartuta hitzaldiz eta beste hainbat ekintzaz osatutako eguna antolatu dute biharko.
Zein helbururekin jaio da LurDenok?
Lanpostuak sortzeaz gain, elikaduraren inguruko kultura aldatzeko nahia dugu, ezin baitugu edozer jaten jarraitu; utzita dauden lurrak berreskuratzea eta ingurugiroa zaintzeko kulturan eragitea ere helburuak dira. Inbertsio txikiak egin dituzten bazkideen artean osatu dugu Lur Denok eta auzolan eran lan egiten dugu. Oraingoz Astigarragan jarri dugu baratzea, eta saskiak osatzen ditugu bertako produktuekin.
Proiektu honen baitan Hurbilekojalea denda ireki duzue.
Produktu ekologikoen inguruko kultura aldatu nahi badugu soilik baratze eta kontsumo taldeekin ez dugu lortuko. Erosleari erraztasuna emateko ireki dugu denda. Kontsumoak gertukoa izan behar du, garaian garaikoa eta ekologikoa.
Nola egingo duzue lan dendatik elikadura ekologikoaren alde?
Nahiko genukeena da denda askorekin sare zabal bat osatu. Dendan produktu asko egongo dira salgai eta elikadura ekologikoan formazioa duten langileak egongo dira bertan. Hala, poliki-poliki, jendearengana iritsigo gara. Bestalde, informatzen eta gizartea kontzientziatzen denbora asko ematen dugu. Haurrekin ere lan egingo dugu, beraiek baitira etorkizuna. Oraintxe bertan bost bisita antolatzen ari gara Astigarragako baratzera.
Zer egingo duzue bihar proiektu honi hasiera emateko?
Mundu ekologikoa beasaindarrengana hurbildu nahi dugu. Hainbat ekitaldi egingo ditugu. Koldo Saratxagaren, osasunaren gainean arituko den elikadura-aditu baten eta Biolurreko teknikarien hitzaldiak izango dira. Slowfood mugimendukoen eskutik jakien dastaketa bat ere egingo da. Guztia goizeko 11:00etatik aurrera geltoki ondoko frontoi estalian da.