Euskal Herriko Itzulia 1924an egin zen, lehenbiziko aldiz. Deituraren esanahi guztia zuen hastapeneko urteetan, Euskal Herri oso zeharkatzen zuelako. Hiriburutik hiriburura, zazpi herrialdeek gozatzen zuten Europako txirrindulari onenen pedal kolpeekin. Bilbo-Gasteiz, Gasteiz-Iruñea, Iruñea-Donostia (Baionatik), eta Donostia-Bilbo izan ohi ziren etapak. Bost etapakoa lehen aldiz 1935ean izan zen.
Irakaspen bikaina izan zen euskal txirrindularitzarentzat. Bertako ziklistak zaildu zituen, italiarren eta frantziarren maila gorago zegoelako orduan.
Ausardia faltarik ere ez zen goierritarren artean. Nahiz eta lasterketa eskualdera inguratu ez, lehen urtetik beretik izan zuten presentzia. Enrique Agirre segurrak hiru itzulitan parte hartu zuen. 1924an, Real Sociedad taldearekin, lehenbiziko etapan erretiratu zen, «tubular faltagatik». Hurrengo urtean, bigarren etapan utzi zuen. 1927an lortu zuen itzulia amaitzea, Real Unionekin. Victor Fontan garailearengandik 1:25:00 ordura geratu zen, 15.
Espainiatik Ordiziara bizitzera etorritako Montero anaiek hartu zioten Agirreri txanda. Germuñon (Avila) jaioak, Ricardo 1926ko itzulian atera zen lehenbizikoz. Lehen etapan erretiratu zen, orkilla hautsita. Gainera, Jesus Maiza deskalifikatu egin zuten, hari bizikleta utzi ziolako. Bere maila 27koan erakutsi zuen. Itzulia 7. amaitu zuen (25:48ra), eta «nazional» onena (estatukoa) izan zen.
Luciano Montero anaiak 1928an hartu zuen anaiaren bidea. Dilecta taldean aritu ziren biak. Ricardok urte hartan euskal txirrindularitzarentzat lehen etapa garaipena lortu zuen, Euskal Herriko Itzulian. Bilbo-Gasteiz lehen etapa irabazi zuen (174 km), abuztuaren lehenean. Europarrei aurreneko aldiz gailendu zitzaien euskaldun bat, lau urteko esperientziaren fruitu.
Hurrengo urteetan ere Montero anaiak izan ziren goierritarren ordezkariak Itzulian. 1930ean, bigarren etapa irabazi zuen Ricardok (Gasteiz-Iruñea, 150 km), irailaren 19an. Lider jarri zen. Zorte txarra izan zuen, ordea. Itzuli hartan Luciano anaiak aurretik bukatu zuen orokorrean (9.), eta Ricardok 11.
1935ean, hiru goierritarrek parte hartu zuen: bi Monterok, eta Jose Urdangarin ataundarrak. Fermin Apalategi ere izena emanda zegoen, baina ez zen atera. Urdangarin lehen etapan erretiratu zen. Itzuli hura Gino Bartali handiarena izan zen: hiru etapa irabazi zituen, eta nagusia, noski. Monterotarrek ez zuten bukatu itzulia: Ricardo azken etapan ez zen atera, eta Lucianok ez zuen bukatu. Ohikoa zen bezala, Rikardo Montero zulaketa izan zuen lehenengo txirrindularia izan zen. 33 urterekin, ez zegoen sasoian.
1969an lehena Goierrin
Urte asko igaro ziren Euskal Herriko Itzuliak Goierriko lurrak zapaltzeko. 1969ko apirilaren 17an sartu zen, aurrenekoz, 2. etapan (Gasteiz-Iruñea, 203km). Ibilbide hauxe egin zuten txirrindulariek: Gasteiz, Eskoriatza, Aretxabaleta, Arrasate, Oñati, Udana gaina, Legazpi, Zumarraga, Ormaiztegi, Beasain, Idiazabal, Etxegarate gaina, Altsasu, Etxarri, Lizarraga gaina, Lizarra, Gares, Perdon gaina, Astrain, Iruñea.
Hurrengo urteetan jada ohitura bihurtu zen Itzulitza Goierritik pasatzea. 1977an goierritar bat ageri da berriz parte hartzen: Jose Nazabal zaldibiarra (Kas). 1979an Jose Mari Yurrebaso urretxuarra (Novostil-Helios) sartuko da tropelean.
1980an lehenbiziko aldiz igaro ez, lasterketa Goierriko herri batean geratu zen: Urretxun hasi zen itzuli hura, apirilaren 7an. Nazabal (Teka), Yurrebaso (Henninger-Aquila) eta Juan Mari Azkarate lazkaotarra (Reynolds) ziren goierritarrak. Urretxu-Logroño izan zen etapa, 188 kilometrokoa. 79 txirrindulari abiatu ziren. Ronny Claes-ek irabazi zuen. Yurrebaso 2. etapan (Logroño-Elizondo, 222km) erretiratu zen. Nazabalek 8. amaitu zuen itzulia, Azkaratek 47.
Hamarkada hark lotura estua izan zuen Goierrirekin. 1981ekoa Lazkaon hasi zen, apirilaren 7an. Lehenengo etapa han bukatu zen, 176 kilometroren ondoren. 88 gizon irten ziren. Nazabal baja izan zen azken orduan.
Hasi batean, eta hurrengoan bukatu. 1982an Lazkaon amaitu zen Itzulia, apirilaren 16an. Bigarren sektorea, Lazkao-Lazkaomendi kronoigoera izan zen. Goizeko sektorea (Laudio-Lazkao), Eddy Planckaertek irabazi zuen, Martinelli eta Van Brabant esprintean gaindituta. Arratsaldean, erlojupekoan, Julian Gorospek (Reynolds) sailkapena irauli zuen, kronoigoera irabazita. Jose Luis Laguia 4 segundora eta Moser 11ra geratu ziren. Itzulia, ordea, Laguia taldekideak irabazi zuen, Gorosperekiko 4 segundo eta Moserrekiko 7 aterata.
Laurogeiko hamarkada Itzulia Goierritik irten gabe ibili zen, ia. Itzulia hasi bost aldiz egin zen hamar urtealdi hartan: 1983an, Legorretan. Legorreta-Legorreta izan zen lehen etapa, 188 km-koa, apirilaren 4an. Eguraldi txarra izan zuten. Guido Bontempi italiarrak irabazi zuen etapa, esprintean, Moreno Argentin eta Van Brabanti gailenduta.
Etapa bukatu zenean, Splendor taldekoak hotelerantz zihoazela, ekipoko kotxeak istripu larria izan zuen. Verlinden-ek jasan zituen zauri larrienak. Beste bost txirrindulari ere (Meersman, Haghedooren, Vandenbrande, H.Devos eta Desmet) erietxera eraman zituzten).