Euskal Herrian tradizio luzea duen ofizioa da arrantzarena. Jakina da Erdi Aroan, dagoeneko, Kantauri itsasoan arrantzatzen zutela, geroago balea harrapatzen edo bakailaotan ibiliko ziren Ternuaraino joanez, XX. mendean sektorea industrializatzeraino. Zalantzarik gabe, hainbat mendez, arrantza izan da kostaldeko bizilagunen ogibidea.
Beste hainbat ofiziorekin gertatu den gisan, ordea, arrantzak ere badu kirol modalitaterik gaur egun. Gutxi batzuen kirola dirudien arren, gero eta gehiago dira itsas kirol arrantza praktikatzen dutenak. Ikusi besterik ez dago kostaldeko kirol portuak izaten ari diren gorakada. Barnealdekoa izateak oztoporik ez duela-eta, tartean badira goierritarrak ere.
Lehorrekoak izanagatik itsasoaren lagun egin dira Ioritz Arizkorreta segurarra eta Mikel Goiburu zegamarra. Hasiberriak dira biak honetan. Iaz egin zuten ontzietarako patroi ikastaroa, eta orain eskua hartzen ari dira itsasoan arrantzatzeari. «Oraingoz oso gustura gabiltza», zioen segurarrak. bai Urbiztondo zegamarrarekin eta honen aitarekin batera aritzen dira arrantzan Ioritz eta Mikel.
Gaztea da Ibai, baina, dagoeneko esperientzia zabala du itsasoan. Mikel Urbiztondok aitarengandik jaso duen afizioa du itsas arrantzarena. Hamar urtetik gora daramatza Ibaik kirol arrantzan, eta nabarmen antzematen zaio esperientzia ontzian mugitu eta tresneria maneiatzeko duen erraztasunean. Asteburuetako denborapasatik harago, lehiaketen zalea ere bada Urbiztondo. 2009an, esaterako, Euskadiko txapela lortu zuen Hondarribian (Gipuzkoa) 27 arrantzaleen artean onena izanda.
Kanabera eskuetan
Hondarribiako kirol portuan dute ontzia Ibaik, Mikelek eta Ioritzek. GoiBerriri ontzian igo eta beraiekin itsasoratzeko aukera eman zioten orain bi aste.
Goizean goiz, eguraldi ezinhobea lagun eta oraindik batzuk erretiratzeke zeuden bitartean, Ibai, Ioritz eta Mikelek tresneria guztia prestatu eta Hondarribiarainoko bidea egin zuten. Portuan kanaberak, amuak eta beitak prestatu, motorra martxan jarri eta itsasora!
Ordubete azpitik, kostatik hiru miliatara aukeratu zuten aingura botatzeko leku egokia. Ibaik zioenez, «jakin egin behar da lekua aukeratzen, baina itsasoak ere lagundu egin behar du». Harrapakinak erakartzeko sardinaz egindako orea uretara botatzea izan zen lehen lana.
Erraza zirudien lehen begiradan: kanaberan otarrainxka amuzkina jarri, uretara bota eta pazientziaz itxaron harrapakinak amuari kozk egin arte. Egun onetan asko itxaron gabe heltzen omen du arrainak. Arraina sentitu eta kainaberari tira egiteko unean sartzen da jokoan bakoitzaren abilezia. Haizearen ufada gogorrek eta itsasoaren kulunka gero eta sakonagoek ez zuten asko erraztu egitekoa.
Urdail ona behar da goiz oso batez itsasoaren olatu dantzari aurre egiteko, hiruak erraz moldatzen badira ere. Ontzian gonbidatuak dituzten bakoitzean zorabioak ikustera ohituta daudela zioten barrezka.
Bestalde, asko dira itsasoan bete behar dituzten arauak, bakoitzak eduki beharreko lizentziez gain. Arrantzale profesionalen lan eremuan errespetatzetik hasi, zirkulazio arauetatik pasa eta harrapaketa kupoetaraino. Arauak «askotxo» direla zioen Ibaik, baina ezagutu beharrekoak guztiak.
Goiz erdian, zapatariak, panekak eta muxarren bat harrapatuta, berdeletara jo zuten. Erraz ateratzen zituen Ibaik berdelak uretatik Ioritzen laguntzaz, Mikelek ontziko radarretik zein sakoneran zeuden esaten zionean.
Hala ere, ez zela goiz ona izan zioten hiruek, arrain «gutxi» harrapatu zuten. «Gertatu zaigu arraina ateratzen aritu eta burua altxatzean ontziz inguratuta egotea», zioen Mikelek. Beste batean izan beharko du!