Gurutz Linazasoro 1959an jaio zen Zumarragan, eta bertan bizi ez den arren, egutegiko data jakin batzuetan beti jaioterrian izaten da; esate baterako, Santa Isabel egunean edo Errege egunaren bezperan. Neurologoa da, Inbiomed eta CITA.alzheimer fundazioetan lan egiten du; Donostiako Poliklinikan ere, parkinson gaixotasunaren ikerketa zentroan jarduten da. Garunaren misterioetan zoko miatzen ari ez denean irakurtzea, musika entzutea, paseatzea eta futbola ditu zaletasun; azkenak, Realeko zuzendaritzara eraman du. Burmuina ikertzeko proiektu handiak abiarazi dituzte orain gutxi Estatu Batuetako zein Europako administrazioek.
Zergatik aukeratu zenuen neurologia espezialitatea?
Jakin-nahia sortu izan dit beti, burmuinak gizakiok garenaren esentzia guztia gordetzen baitu.
Bitxia da burmuina gizaki egiten gaituen organoa izanda, medikuntzarentzat ezezagunena izatea.
Zergatik?
Oso organo konplexua delako. Garuna existitzen den egiturarik konplexuena da, unibertsoa bera baino gehiago.
Ezagutza urri hori frustragarria da ala jakin-mina pizteko akuilua da?
Dudarik gabe akuilua da; are gehiago orain, erresonantzia modernoei esker garunaren funtzioa ezagutzera iritsi gaitezkeen honetan.
Medikuntzaren espezialitate guztietan beharrezkoa bada etengabeko prestakuntza, neurologiaren esparruan ezinbestekoa al da?
Gurean dakiguna ez dakiguna baino gehiago da; horregatik, prestakuntza etengabekoa izan behar da. Egun, informazioa biderkatu egin da, eta Internet sarea dela bide, informazio hori guztia eskura daukagu. Hori dela eta, bizitzaren beste arlo batzuetan bezalaxe, garrantzitsuena jardunaren testuingurua ezagutzea dela uste dut.
Europako zein Estatu Batuetako administrazioek burmuinaren ezagutzan sakonduko duten proiektuak finantzatuko ditu. Zer deritzozu?
Europako Batzordeak Giza Garuna proiektuan mila milioi euro inbertituko ditu 10 urtean. Henry Markram, Lausanako Unibertsitate Politeknikoko (Suitza) ikerlaria da proiektuaren burua, eta milaka ordenagailu erabilita giza garunaren mailara iritsi nahi dute. Proiektu honetan parte hartzea espero dugu CITA.alzheimer fundazioan egiten ari garen lana dela medio. Estatu Batuetako proiektuari dagokionez, Rafael Yuste neurologo espainiarra da burua, eta garunaren konexioak aztertzea dute helburu. Oso garrantzitsua da, konexioak giza izaeraren oinarria direlako. Konektatzen gara, beraz bagara, esan genezake beldurrik gabe.
Eta lortuko balute? Diotenez, parkinson, alzheimer, epilepsia edota eskizofreniaren misterioak argitzeko bideak irekiko lirateke, egia al da?
Ikerketa hauen emaitzen aplikazioek ez dute mugarik. Adibidez, maitasunaren oinarriak zeintzuk diren jakiten, edo gorrotoarenak, edo pentsamenduenak, edo portaerenak edo emozioenak… lagunduko digute. Garuneko hainbat gaixotasunen ezaugarri erabakigarriak ezagutzen ere lagunduko digute; esate baterako, parkinson edo alzheimer eriena.
Parkinsonaren ikerkuntzan lan handia egiten ari zara. Zerk lotu zintuen gaixotasun honetara?
Bi irakaslek piztu zidaten parkinsonaren gaineko jakin-nahia. Ikasle garaian eta erresidentzia egiten ari nintzen bitartean ezagutu nituen. Horrez gain, beti gustatu izan zait farmakologia; parkinsonaren tratamendua erronka bat zen orduan, eta da oraindik ere hala da. Beraz, nire gustuko eremu asko uztartzen ditu.
Parkinsonari dagokionez, ikerketaren zein puntutan zaudete orain?
Zelula amekin eta botika berriekin entsegu klinikoak egiten ari gara. Gaixotasun honi dagokionez, ez dakiguna asko da; hutsune asko dago, alegia. Hutsune garrantzitsuena parkinsonaren jatorria da. Abiaburua zein den jakinda sendatzeko terapia egokienak zeintzuk diren asmatzeko aukera izango dugulako. Neurobabesaren desafioa ere hor dago, gaixotasunaren garapena galgatuko duten estrategia bila ari gara. Azkenik, garunaren plastikotasunaren kontzeptua dago. Plastikotasun horrek parkinsonari konpentsatzen laguntzen dio, baina gehiegizkoa denean arazoak sortzen ditu, hala nola: nahi gabeko mugimenduak, haluzinazioak, bulkaden kontrolaren nahasmenduak…
Burmuinaren endekapenezko gaixotasunak, hala parkinsona nola alzheimerra, gaur egun ugaldu egin direla esaten da. Iraganean baino gaixo gehiago al dago?
Orain lehen baino kasu gehiago dago zahartzaroari lotutako gaixotasunak direlako. Gero eta urte gehiago bizi gara, eta adinekoak gehiago diren heinean alzheimer gaixoak ere gehiago dira. 80 urtetik gorakoen %30ak alzheimerra izateko aukera du. Bizi ohiturek ere badute zeresana, batez ere, arrisku baskularrak areagotzen dituzten ohiturek: erretzea, alkohola edatea edota tentsioa goratzen dituztenak.
Gizakiak jakintza biltzen duenean guztiontzat onuragarriak diren urratsak ematen ditu, baina pauso beldurgarriak ere eman dira aurkikuntzak tarteko. Garunaren ezagupenak makina bitartez pentsamenduak irakurtzea balekar, zuhur jokatzen jakingo luke gizateriak?
Hastapen zientifikoen erabilpen okerrak ondorio latzak izan ditu historian zehar, ez dago hori ukatzerik, horren adibide dira eugenesia, bonba nuklearrak edota bioterrorismoa. Hala ere, landari ezin zaizkio mugak jarri. Horrezaz gain, hastapenen aplikazio egokiak askoz gehiago direla esango nuke. Aurrerapen zientifikoak zein teknikoak demokraziaren oinarria direlakoan nago, baita aurrerabidearenak eta ongizatearenak ere. Horregatik guztiagatik, ikerketa zientifikoari esker lortzen ari garen jakinduria garrantzitsua da; are gehiago, erabaki pisutsuak hartu beharko ditugu honetan: zelula amen aplikazioa, eutanasia, bioetika, aldaketa klimatikoa eta energia nuklearraren erabilpena, besteak beste.