Iturengo eta Zubietako joareen dunbotsak sustraiak bota ditu Goierrin ere. Beasainen Zanpaldunak joaldun taldea sortu du gazte talde batek, urtero Loinatz jaietan ikusi eta entzun dituzten zanpantzarrekin liluratuta. Gaur 17:45ean egingo dute lehenbiziko kale irteera.
Taldea otsailetik ari da entseatzen, asteartero eta ostegunero, Alkartasuna Lizeoko pilotalekuan. «Bi-hiru lagun elkartu ginen, kulturaren alde zerbait egin nahi genuen. Joaldun taldea sortzea polita zatekeela otu zitzaigun; Beasainen txistulariak badaude, dantzariak ere bai… Iturengo joaldunak etortzen zirela ikusten genuen. Gertuago ez daudela, eta taldea geuk sortu behar genuela erabaki genuen», kontatu du Unai Goikoetxea taldekideak.
Zortzi-bederatzi lagun hasi dira dunba handiak bizkarrean lotu, eta pausoak ikasten. Kuadrillakoak dira gehienak, 23-25 urte bitartekoak. «Hiru neska ere animatu dira, ikasiko luketela esanez, baita beste bi mutil ere. Orduan, 12-13 lagun bagara. Hasieran, zortziok ondo ikasi nahi dugu, eta gero hasiko gara ikastaroak ematen, deialdi irekiak eginda. Edozein sartzeko irekita gaude», dio Goikoetxeak. Denak beasaindarrak dira.
Goierri aldean zanpantzar esaten bazaie ere, nafarrek ez dute hitz hori erabiltzen, joaldun baizik. Beasaindarrek, ez bat eta ez bestea, bi terminoen nahasketa egin dute, taldea izendatzeko: Zanpaldunak. Dunba edo zintzarri tzarrak joareak dira.
Lehen eskolak, Araban
Nafarroan ez, baizik Araban ikasi dute Beasaingo joaldunek ofizioa. Laudioko (Araba) taldearen laguntza izan dute, bai langintza erakusteko, bai materiala uzteko. «Izugarrizko mesedea egin digute. Lehenik, hiru-lau aldiz Laudiora joan ginen, ikastera. Jantziak eta tresnak ere haiek utzi dizkigute».
Gustura daude esperientziarekin. «Harrera ona izan du lagunengan, poz-pozik gabiltza denok. Jende gehiago ere animatu da; beraz, ederki».
Pauso batzuk eta gurutzaketa batzuk ikasi dituzte. Laudiotarrek oinarrizkoa erakutsi ondoren, beraiek ari dira teknika fintzen, jardutearen jarduteaz.
Estu lotzen dituzte joareak soinaren bueltan. «Larrua babesteko da, baina hala ere azala gorrituta gelditzen da. Sokak askatu eta joareak kentzerakoan lasaitu ederra hartzen dugu». Geratu gabe, 40 bat minutuko joaldiak egiten dituzte.
«Zailena denek pauso bera jarraitzea da; lehenengo hori ikasten da. Gero, bakoitza saiatzen da bere hotsa kolpe bakarrekoa izan dadin beti; pausoko kolpe bat. Joareak goian eta behean jotzen du, baina saiatu behar da behean bakarrik jotzen. Hasi berritan, eskua hartu arte, zaila da hori».
Taldeko kide kopurua ere ez dago mugatuta. «Nahi adina ibil daitezke. Gu zortzi hasi gara, eta hamar traje lortzea jarri dugu helburua. Bost eta bost joanda ilara polita da, ez motza, ez luzeegia. Geroz eta luzeagoa izan, orduan eta zailagoa da pausoa eramaten». Taldean aurreneko bi joaldunek markatzen dute erritmoa.
Hiru irteera, oraingoz
Estreinaldirako «urdurdi» daudela aitortu dute. «Gauza bat kanpotik begira egotea da, eta bestea, oso bestelakoa, joareekin kalera irtetea». Festa jartzen maisu den beasaindar baten gidaritza izango dute, ordea, lehen aldian: Iñaki Mujika Arritta-rena. Adarra joz aurretik joango da. «Aurreneko irteeran bera ibiliko da, gero besteren bat aurkitu beharko dugu».
Kalera irtetearen lotsak behin gaindituta, ahalik eta saio gehien egin nahi dituzte, diru pixka bat bildu eta beraien tresnak erosteko. «Garesti samarra da ekipoa, pertsonako 600 bat euro bai. Joare pareak 400 euro balio du. Trajea, bakoitzak berea erosiko dugu».
Joaldunaren oinarrizko ekipamendua joareak edo dunbak dira; horiek gerrira lotzeko lokarria, eta azpitik babesgarri jartzen duten larrua, ardiarena. Eskuan isipua eramaten dute, zaldi isatsarekin egina; pausoa hobeto eramateko da: «Ezker hankarekin pausoa ematerakoan, isipua aurrera eramaten duzu, eta eskuinekoarekin emandakoan, atzera. Erritmoa eramaten da isipuarekin, pausoa noiz eman adierazteko. Batzuentzat nahasgarria izaten da, besteentzat lagungarria».
Beasaingo gaurko irtenaldiaz gain, beste bi saio hitzartuta dituzte dagoeneko. Sanpedrotan —ekainaren bukaeran— Arriaranen ariko dira, eta santanastasietan —iraileko hirugarren asteburuan— Urretxuko Euskal Jaiko karroza desfilean. «Gu pozik gaude horrekin».
Joaldunen jatorria, zabala
Udaberriaren esnaerarekin antzinako gizakiak egiten zituen erritu eta ospakizun sortaren artean, joareak jotzekoa da bat. Naturarekin zuen lotura islatzen du ekintza horrek, ikertzaileen iritziz. Ispiritu txarrak eta izurriteak uxatzeko zeremonia da, beste batzuen ustez, joareen hotsarekin amalurra goraipatuz.
Europa osoan dira joaldunak. Euskal Herrian, Iturenen eta Zubietan (Nafarroa) gorde da ohitura hori. Errezeloz ikusten dituzte Euskal Herrian sortu diren beste taldeak —Zuberoan izan ezik, herrialde guztietan daude, denera 30etik gora—. Gainontzekoen ibiltzeko eraren «naturaltasun eza» haserre hartzen dute. Kanpokoei ez diete erakusten.
Zanpantzarra, berez, inauterietako pertsonaia bat da, lastoz eta garoz betetako panpina gizena. Erre egiten da.