Alex Areizaga
Arratsaldeon Cheito Ramirez ahaztu txit agurgarri hori. Urtegi beteen lurraldetik idazten diat. Atsekabetuta nago. Eta hilabete bat bada gutxienez atsekabetuta nagoela. Telebistan Eurovision ikusten ari nintzala esatariak horrela bota zuen hautagaien bozketaren unean: «Gogoratu entzuleei, mugikor batetik ezin direla 20 mezu baino gehiago bidali». Ikusten ari ginen espektakulua baina penagarriagoa iruditu zitzaidan esaldia, eta egoera. Herritarrok merezi ez dugun krisi bat jasaten ari gara; jasaten dituzten zigorrak merezi ez dituzten presoz eta iheslariz betetako gizarte batean. Diruz erosi behar dugu osasuna, eta garesti ordaintzen ditugu oinarrizko beharrak asetzen dizkiguten zerbitzuak. Baina horrek guztiak berdin digu. Nola inporta behar zaigu ba! Telebistako programa penagarrienetako batean (gehiegi dira guztiak oroitzeko) garaian garaiko playbakero arloteenak eskaintzen duen ikuskizun tristeenarekin, zeina efektu piroteknikoz eta argindar festa batekin jantzi behar duten playbaka hainbeste nabari ez dadin, itsutzen gara. Berdin digu senideak errepideetan hiltzeak, edota familia batek jatekorik ez izateak. Berdin digu hau guztia irentsiarazi diguten listoek dirua eskukadaka lapurtzea, edota gure aurpegira barre egitea. Guzti hori jakinda ere, ziur, ez-deus batek baino gehiagok, sorpresa eraman zuela hogeitabatgarren mezua bidali nahi izan zuenean eta sistemak utzi ez zionean. «Zein injustoa den sistema» pentsatuko zuen gainera. Behintzat ondorio egokira iritsi da.
Jon Plazaola
Agur t´erdi Viafara zaren hori. Ez zaizu arrazoirik falta. Gaur egun, gure inguruan gertatzen diren gertakari sozial, politiko eta humano krudelenen aurrean dugun memoria eskasak ez dauka zerikusirik denok eskuragarri ditugun eta neurriz gain erabiltzen ditugun gailuen milaka mega eta teratako memoriekin. Gertakariak eta albisteak, planeta urdin geroz eta marroiago hau egunero dardarka jartzen duten iskanbilak, berriak eta gatazkak kontsumo azkarreko fast food bihurtu dira guretzat. Begietatik eta belarrietatik azkar jan eta hausnarketa-liseriketarik egiteko batere denborarik gabe egiten dute uzkirako bidea komunetik behera botatzen ditugun arte. Nor gogoratzen da ba Egipton loratutako udaberri arabiarraz, New Jerseyko kosta alderik alde suntsitu zuen Shandy hurakanaz. Edo oraindik garbiago: zenbatek erantzungo digute zuzen azkeneko hurakanak estatu batuetako zein lurralde jipoitu zuen? Akaso Haitín dena ondo dago honez gero? Eta zuk botatako ildoari jarraituz, presoak etxeratu al dira edo zer?
«Krisia omen dago» esaten zuen BAP! taldeak bere abestietako batean. Eta hori dirudi, «omen dagoela». Edo ez dakit, langabeziari buruzko azken datuez baina hobe gogoratzen bait naiz ola ke ase esaten duen llama baten irudiaz edo askoz argiago jasotzen baititut egunero nire smartphone-a betetzen duten kate absurdo hoiek. Izan ere, jendea mugitu beharra dago, ez dago eskubiderik eta whatsapp-aren urtebeteko harpidetza 0´99 euro kobratzeko. En fin, telefonoak bai direla smart. Gu ez. Tontotuta gaude.
P.D. Oklahoma.