Joseba Imaz (Kazetaria)
Brasildarrak teleberri eta telediarioetan protagonista diren honetan, Joao lagun zaharraz oroitu naiz. Orain dela dozena bat urte ezagutu genuen. Jubilatu berria izango zen garai hartan eta aspaldian burutik kendu ezinik zebilen ametsa egi bihurtzeko momentua zela pentsatu zuen, nonbait. Bizkarrean motxila kargatu eta Euskal Herrirainoko bidea egin zuen. Hainbeste desiotako bidaia hasteko moduan zen, azkenean.
Egun batzuren buruan iritsi zen Beasaina. Nekatua zirudien egun hartan, urduri eta norabidea galduta. Donostiatik oinez iritsi zen Goierrira, Oria bailaran gora, asko kostata. Hamaika aldiz desbideratu omen zen bere bidetik, zenbaitetan kamioi artean ibili ere bai, eta nora joan ez zekiela geratu zen San Martin Plazan. Portugesez beasaindarrei galdezka hasi zen arte. Horrela ezagutu genuen Joao.
Etxera gonbidatu, elkarrekin afaldu eta hotelera lagundu genion gau hartan, otordu osteko solasaldi atsegin baten ondoren. Zein bide jarraitu behar zuen ere azaldu zioten herriko beste lagun batzuk, hurrengo goizean. «Muito obrigado» errepikatuz egin zuen aurrera Joaok, jada aurpegia pixka bat goxatuta eta tipi-tapa bideari heltzeko indarberrituta.
Handik bi egunera, San Adrian inguruetan galduta, Aizkorri puntan azaldu omen zen gure Joao. Orduan ere mendizale batek lagundu zion Arabako lautadarainoko bidea egiten. Ez dakit gehiagotan galdu zen ala ez. Baina badakit azkenerako iritsi zela hainbeste amestutako helburura: Konpostelara.
Jada atzean geratu dira Joao erromes ibili zeneko garai haiek. Orduan, halamoduzko seinaleak zeuden Gipuzkoako barnealdetik Santiago aldera doan adar honetan. Orain, berriz, Irunetik hasi eta Gasteizeraino, gezi horiak modu egokian kokaturik daude. Konpostelara doazen ibiltariek atseden hartzeko ere aterpetxeak zabaldu dituzte han eta hemen, hospitaleroen borondateari eta eskuzabaltasunari esker hein handi batean. Beasaingo Igartzakoa horren azken adibideetako bat.
Joaoren moduko erromesen bat ikusten dudanean, galdera bera etortzen zait burura. Zergatik etorri honaino, munduaren beste punta batetik, planetaren zoko honetan hilabete oso bat ibilian pasatzeko?
Makina bat arrazoi badira, ziur asko. Sinesmena, kirol desafioa, naturarekin kontaktua… Erromes haina arrazoi. Done Jakueko ospitale batean ezagutu nuen Higo japoniarra horren adibide. Adineko gizona, bere motxila baino zertxobait altuagoa, arratsalde osoa pasa zuen aterpetxean atseden hartuz. Ez zen erraza harekin komunikatzea, apenas baitzekien gaztelaniarik edo ingelesik. Elkarrekin afaldu ondoren, motxilara joan eta txartel bat ekarri zigun. «Mila esker bihotzez Japoniak jasandako tsunamiaren ondoren hara bidalitako laguntzagatik», jartzen zuen. Esker-ona izan zen Higo Santiagoraino eraman zuen motorra.
Antzeko adiskidetasun eta elkartasun istorioak ehunka gertatzen dira urtero Done Jakue bidean, baita Goierrin zehar igarotzen den adar horretan ere. Asko izango dira ibiltariek oinetan sofritzen dituzten baba mingarriak; baina gehiago erromesaldian zehar bizitako une gogoangarriak.
Pentsatzen jarrita, ez da lezio itsusia, erromes horien guztien esperientziak erakusten diguna. Bidaian zehar sortzen diren arazoei aurre egitea, alboan dugunari laguntza eskatuz eta laguntza emanez. Oztopoak oztopo beti aurrera egitea, iparra galdu gabe eta gure buruari jarri diogun helburuari eutsiz. Hori guztia, gainera, motxilan jertsea, bi kamiseta, praka pare bat eta kakahuete poltsatso bat besterik ez dugula. Gutxirekin moldatu gaitezkeela sinestea eta bidean goazela norbere barrura begiratzea.
Ez da plan txarra, ezta eguneroko bizitzarako ere.