Donostian Ingenieritza Teknikoko Kimikako ikasketak egin ondoren, Holandan egin zuen Iker Agirrezabalek (Segura, 1984) karrera amaierako proiektua. Bertan ezagutu zuen benetan zer den Ingenieritza Kimikoan lan egitea; lau urte eman zituen Holandan, gaur egun lanean ari den Bilboko ikerketa taldearen berri izan zuen arte. EHUko Suprem taldean aritzen da egun ikerkuntzan Agirrezabal, katalizatzaile heterogeneoak prozesu berriztagarrietan nola erabili aztertzen.
Brinkolako (Legazpi) Uerkalde baserriko artoak erabiliz biomasa lortzeko prozesuaren toxikotasun maila gutxitzea eta prozesua merketzea lortu du segurarrak. Katalizatzaile hetereogeneo solidoak prozesu berriztagarrietan erabiltzen dituzte, «gaur egun tendentzia nagusia konposatu eta erregai gehienak petrolio bidez lortzea baita». Agirrezabalen arabera, «egun petroliaren bizitza 30-50 urte artekoa da, eta etorkizunean karbonoaren presentzia eskatzen duten konposatu kimikoak biomasan oinarrituko dira». Konposatu horietako bat, furfurala, artotik lortzeko prozesua ondu du segurarrak.
«Ohiko prozesuan artotik eratorritako furfurala lortzeko ur-lurruna eta azido sulfurikoa erreaktore handi batean nahasten dira». Segurarrak azaldu duenez, artoa erabat zanpatu eta txikitu ondoren, erreaktore handi batean alimentatzen da, ur-lurrunarekin batera; furfurala (disolbente bat) ur-lurrunarekin batera ateratzen da erreaktoretik. Artoa furfuralean bihurtzeko, ordea, azido sulfurikoa erabiltzen da, baina korrosio arazo handiak sortzen ditu hoditerietan. Beraz, azido sulfurikoaren toxikotasuna ordezkatzeko katalizatzaile heterogeneoak erabiltzen ditu Agirrezabalek, eta ur-lurrunaren ordez nitrogenoa.
«Arazoa da oraindik gaur egun nitrogenoa oso garestia dela, baina birziklatze prozesu bat jarraituz berehala bereizten den gasa da, eta ur-lurrunak baino errendimendu handiagoa du. Hala, gure helburua prozesu konbinatu baten bidez nitrogenoa eta katalizatzaile solido-azidoak konbinatzea da. Prozesu honekin orain arte lortutakoa baino errendimendu handiagoa eta iraunkorragoa lortzen dugu».
Prozesua, iraunkorragoa
Hala, artotik sortzen den hemizelulosa furfuralean bihurtzen da eta soberan geratzen den zezulosa beste aplikazio batzuetarako erabiltzen dute. Izan ere, Agirrezabalen ikerketak prozesuen eraginkortasuna handitzea ekarri du, eta artoa bere osotasunean aprobetxatzea. «Artoa disolbenteak eta erregai ezberdinak sortzeko erabiltzen da, baina elikagai gisa duen prezioarekin asko konpetitzen dute ekoizleek. Gure prozesuan, ordea, artoaren alea jateko erabili liteke, eta oskola biomasa moduan. Helburua, beraz, biomasaren hondakinak produktu kimikoak sortzeko erabiltzea da, eta jangarria den zatia elikagaietarako bideratzea».
Furfurala erreakzio ingurutik bereizteko prozesua hobetu du Agirrezabalek. Orain arte «korronte hori separazeko prozesuaren kostua oso handia zen, korrontea diluituegia dagoelako ur-lurrunaren eraginez. Gure prozesuarekin furfurala uretik %100eko purutasunean bereiztea lortu dugu, nitrogenoa berrerabiliz, eta horrek prozesua merkeagotu egiten du».
Hala, ikerketaren bidez biomasa erreaktibo moduan erabiltzea lortu dute, prozesua bera iraunkorragoa bihurtuz.
Etorkizuna nazioartean
Dagoeneko amaitu du azken urteetan Bilbon egin duen doktorego lana, eta orain ikerkuntzaren munduan jarraitu nahi du Agirrezabalek. Berak ondutako prozesua enpresaren edo herrialderen bati saldu nahi badio «interes ekonomikoek» hartzen dute indarra, eta egoera ez dela egokiena argi du. Izan ere, «gaur egun furfuralaren kantitate handiena Txinan sortzen da, eta Txinan produktu toxikoen erabilpenak debeku gutxi ditu. Beraz, prozesu honen aplikazioa berriztagarritasun horren bila dabiltzan herrialdeetan egongo zen, Europan edo Estatu Batuetan kasu».
Zaila da bi herrialdeetako batek prozesua erosi nahi izatea, beraz, Agirrezabalek berak jarraituko du prozesua hobetzen, eta berarekin batera Bilboko EHUko Suprem taldera sartzen diren ikertzaile berriek. «Ikerkuntza kimikoan guztion artean egindako gauza txikiekin egiten dira gauza handiak, eta orain arteko gure lanarekin ere hala gertatuko da», dio.
Bitartean, nazioartean jarraituko du bere esperientzia handitzen segurarrak. Datorren urtean ikerkuntzaren alorreko post-doktorego bat egingo du, eta horretarako AEBra joatea da bere asmoa. Unibertsitatearekin lotutako mundu hau gustatu zaio, eta bide horretan jarraitu nahi du. «Beste hiru bat urte ikerkuntzan aritu nahi dut eta horretarako egokiena kanpora joatea da. Erakusteko eta ikertzeko modu berriak ikasi nahi ditut AEBn, oso modu irekian aritzen direlako eta beldurrik gabe. Horregatik lortu dituzte horren emaitza onak. Hori dena ezagutu nahi dut».
Euskal Herrian ikerkuntzara bideratutako aukera gutxi dagoela ere badio. «Bizkian Petronor dago, eta Repsolen bidez ikerketa asko egiten dituzte Madrilen, baina hemen inguruan ez da gauza askorik egiten. Iparraldean paperaren sektorea da industria kimikoan nagusienetakoa, baina nahikoa geldirik dagoen sektorea da. Nik uste dut zerbait egin beharko luketela, baina ematen du papera produzitzen jarraitu nahi dutela, nahiz eta prezioak nahiko altu egon». Momentuz, «datorren martxora arte edo» Bilbon jarraituko du lanean.