Mikel Alvarez
Leihotik begiratu eta oporrak oso gertu ikusten ditudan honetan burua mila kontuz betea dut Artola jauna. San Ferminetako ikurrina handia zen oso, baina bere inguruan, gobernu eta udaletxe ustel batek jokatu duen duintasun paper lotsagarria bakarrik datorkit gogora. Hori gutxi balitz, Barcenas jaunaren auziak estatu puta honetan guztiok genekiena mahai gainean jarri du behingoz, eta badirudi, oraingo honetan ere, ez duela ezertarako balioko. Beste aldera begiratuta, zaborraren gatazkaren inguruan sortutako alderdi borroka zentzugabea ere entzuten dut eta, egia esan, kokoteraino egoten hasia naiz. Aspaldi hartu ninduen alderdiak eta sindikatuak agortuta daudenaren sentsazioak, eta sabeletik igotzen hasia zait eta Egiptoko egoerak, estatuak ere gaurkotasuna galdu ote duten galdetu arazi dit.
Asteburua iritsi eta lasaitasuna eskuratuko nuelakoan, makina bat lagun eta ezagun ez dakit zenbat kilometro mendian gora eta behera korri egiteko prest ikusi ditut. Tabernara iritsi eta tabakoaren salneurria igo dutela ere ikusi dut. Garagardoa? Hori ere bi eurora gerturatzen ari da… Telebista piztu eta orain arte heroiak ziruditen atletak kirolerako arroza eta pasta baino gehiago hartu izan dutela onartzen ikusi ditut. Katez aldatzeko esan diot tabernariari nire ia bi euroko garagardoa gustura hartu ahal izateko eta Asier Illarramendi agertu da malko artean. Zertarako kirola? Klubak? Sentimenduek ez badute ezertarako balio? Gauza gehiegi buruan Artola jauna eta bakarra garbi, oporrak behar ditudala.
Jon Artola
Oporrak Mikel? Ez dakit ba nik on baino kalte gehiago egingo ez ote lizuketen! Hondartzara joan eta jendez gainezka, lasai egoteko tokirik ez zenuke aurkituko. Uretan marmoken beldurrez gabarroira joan gabe geratuko zinateke. Mendia aukeratu ezkero AHTaren obrek amorratu egingo zintuzkete eta Ehunmiliakeko korrikalariek autoestima lurretik duzula utzi. Atzerrira joatea aukeratuz gero, etxean bezain ongi inon ez dela jaten konfirmatuko zenuke eta hori, kafe huts bat izotzarekin eskatzen saiatzeak ekar ditzakeen gorabeherak aipatzen ez hastearren!
Ez Mikel, zuk behar duzuna ez dira oporrak, Monty Pythonek zioen bezala bizitzaren alderdi argitsuan arreta jartzea baizik. Izan ere, nik ere askotan pentsatu izan dut triste egoteko pozik egoteko baino arrazoi objektibo gehiago daudela munduan… baina beno, batzuetan bizi ere egin beharko dugu, ezta? Kar, kar, kar.
Edo agian arrazoi duzu eta oporrak behar dituzu Mikel, oporretan «dibertitzera behartuta» sentitzen baikara askotan (hala egin ezean errudun ere sentituz). Etxetik atera ezkero denok «ikaragarri ondo» pasatzen dugula ere aipagarria da, denbora batetara benetako gorabeherak azaleratzen diren arren. Benetan disfrutatu eta dibertitu ote garen? Hori ez da beste behin garrantzitsuena, itxura baizik. Baina beno, agian horrek guztiak zure mentalitate aldaketa kataliza dezake.