Iraganeko kontuak gogoratzea baino nahiago du Jokin Lasa (Lazkao, 1954) orainaldiari eta etorkizunari buruz hitz egin. Eta hori musikaren munduan historia mamitsua edukita. Aurten bete dira 40 urte Beasaingo Usurbe zineman Josu Irastortza lagunarekin lehen kantaldia egin zutenetik. Pantxoa eta Peio ere baziren saio hartan. Emaria ez zaio agortu, eta Zortziko txiki bat diskoa ondu du Lasak, Kaki Arkarazo herrikide eta lagunaren estudioan.
‘Zortziko txiki bat’ aurkeztu duzu, Ataunen. Zer nolako lana osatu duzu?
Disko hau orain dela pare bat urte hasi nintzen grabatzen. Printzipioz 16 kanta grabatu genituen, eta asmoa zen 16ko bilduma bat egitea. Baina ez nintzen oso konforme geratu egindako lanarekin, eta standby-an geratu zen, gauzak argiago eduki arte. Aurten erabaki nuen beste bueltatxo bat ematea; zenbait arreglo eta letra batzuk aldatuz, azkenean zortzi kantarekin geratu naiz.
Hortik atera duzu izenburua?
Alde batetik zenbakiagatik. Beste aldetik, kantak ez direlako oso luzeak. Eta hirugarren arrazoia da, hasiera batean 16 kantetako letrak zortziko txikian eginak zeudela.
Ataunen aurkezteak esanahi bereziren bat ba al du?
Ataunen ezagunak ditut. San Gregorioko jaiak zirela, eta proposamena iritsi zitzaidan Joxemiel Barandiaran Museoan emanalditxo bat egiteko. Tokia ezagutzen nuen, eta oso leku polita iruditu zitzaidan; txikia, baina aldi berean oso goxoa. Beste alde batetik, diskoaren kanta guztiak grabatuta zeuden, eta diskoa inprimategira bidalita. Aukera hori baliatu genuen hor emateko.
Goierrin baduzu beste kantaldiren bat aurreikusita?
Bai, oraingoz dauzkadanak Goierrin dauzkat. Ataungo horretaz aparte, irailaren 28an Lazkaon, eta urriaren 18an Beasainen, Udazken Kulturala egitarauaren barruan joko dut.
Zer bilatu nahi izan duzu musikaltasun aldetik? Zer talde sartu duzu orkestrazioan?
Ez zait gehiegi gustatzen estiloez hitz egitea. Nonbait kokatzekotan, kantautore ildoaren barruan kokatuko nintzateke. Diskoa, soinu aldetik nahiko akustikoa da, gitarra akustikoak nabarmentzen dira. Gitarra elektrikoak ere badaude, baina exajeratu gabe, beti ere soinu goxoa bilatuz. Perkusioa ere bai; batzuetan bateria, gogorra ez baina intentsitate gehixeagorekin, eta beste batzuetan apalago, eskobillekin. Horretaz aparte, beste kolore batzuk bilatzeko eta beti gitarra izan ez dadin —nahiz horiek diren nagusi—, eskusoinua sartu du Pello Ramirezek, tronpeta batzuk ere bai, diskornoa, haizezko instrumentu batzuk, eta teklatu batzuk ere badaude, kanta batzuetan.
Aurkezpenean Kaki Arkarazo herrikideak lagundu zizun. Diskoan ere tartean ibili al da?
Bai. Kaki Arkarazorekin grabatu dut, Garate estudioan. Soinu tekninkaria bera izan da. Kaki aspalditik ezagutzen dut, hasieran, 70eko gure garai haietan, bera gurekin hasi zen. Kakik gero karrera luzea egin du, eta gu 80an desagertu egin ginen jada. Teknikari ona delako, alde batetik, eta egiten duen lanak konfiantza handia ematen didalako bestetik, berarekin grabatu dut. Zuzenekoetarako ere prest agertu da. Oraingoz, behintzat, biok joango gara.
Musikan ibilbide luzea duzu. Zein puntutan harrapatu zaitu disko honek? Zer ase dizu?
Lehenik eta behin, nire gustua egiten dut. Musika betidanik izan dut gustukoa. Musika asko entzuten dut. Nahiz eta urte askoan egon jendearen aurrean azaldu gabe, nik beti egin izan ditut neure kasa edo neuretzako gauzak. Beste alde batetik, urte batzuk ere baditut, eta hori nahiz eta desabantaila izan neurri batean, ikusten dut egiten ditudan gauzak askoz ere helduagoak direla, nolabait esan kontzienteagoak 20 urte genituenean baino. Orduan uholde baten barruan sartu ginen, beste garai batzuk ziren.
Askeago sentitzen zara orain sortzaile bezala?
Bai, hori da. Alde batetik, musikaren merkatua gainbehera batean dago. Baina, bestetik, nik gauzak presarik gabe egiten ditut, nahi dudana egiten dut, eta alde horretatik behintzat askoz ere pentsatuago, landuagoa da nire musika. Nik uste, alde horretatik behintzat, inoizko garai onenean nagoela, neure burua nik horrela ikusten dut. Egia da ahotsa ez dudala garai batean nuen besteko indarrekoa, neu ere konturatzen naiz. Baina, beno, bataz beste konpentsatzen da.
Iraganera begiratu zalea ez zarela esan didazu hasieran. Baina, ezinbestean gogoratu beharrekoa da 1973ko Beasaingo lehen emanaldia, aurten 40 urte dira eta. Zergatik atzera begiratzeko galga hori? Zer sumatzen duzu faltan, orduan eta orain?
Orduan oso gazteak ginen. Hasi ginen, sartu ginen uholde horretan… Beno, gaur ere bai, taldeak eta kantariak asko daude. Baina orduan errazago zen. Hasi eta segituan disko bat grabatu genuen, Madrilera joanda. Jaialdietarako emanaldiak bilatzea oso erraza zen. Euskal Herri osoa zeharkatu genuen: Gipuzkoa, Bizkaia, Nafarroa, Iparraldea ere bai. Gaur, alde horretatik askoz ere zailagoa dago. Garai hartatik hona ikusten dudan aldea hori da. Orduan edozeinek kantatzen zuen; gaur egun musikariak hobeak dira, jendea prestatuta dago ahots aldetik, instrumentu aldetik… Baina ez da erraza emanaldiak bilatzea.
Musika oso garaiz utzi zenuen, jende aurrekoa behintzat; 1979an, soldadutzatik itzulita. Zer bide egin duzu ordutik, pertsonalki?
Irakasle jardun naiz. Deban bizi naiz, 1980tik. Ezkondu nintzen, bi seme-alaba ditut, eta hil honen 11n urtebete egin duen biloba baten aitona ere bai. Gurasoak bizi izan diren artean joan ohi nintzen Lazkaora. Beti egiten genuen hara gutxienez hilean behin edo pare bat aldiz. Anai-arrebak ere gehienak Goierrin bizi ditut. Orduan, noizbehinka joaten naiz, baina hainbeste ez. Beste aldetik, Kaki eta biok sartu ginenean proiektu honetan, ikusten genuen agian errazago zela Goierrin hastea, bai bera eta bai ni Goierri aldean ezagunagoak garelako, beste zenbait tokitan baino. Hortik atera dira bai Ataun, Lazkao eta Beasaingo emanaldiak.