Geure artean emozio eta hunkidura bereziko instrumenturik bada, horixe bera txalaparta da. Guztiz ezaguna gure artean, baina jatorri ezezagunekoa, ziur aski, antzinakoa; izan ere, gizakiak noiztik jo ote du txalaparta? Jotzen zuenean, zer sentitzen ote zuen? Nolakoa izan ote zen txalaparta-egileak sorturiko lehenengo musika tresna hura? Zein zen bere erabilera? Zein naturako soinutan oinarritu zen gizakia entzundako hotsa antzeratzeko? Galdera gehiegi erantzun zehatzik izateko.
Sarri, txalapartariak jo izaten duenean zaldiaren trosta imitatzen duela esan izan du ikerlari askok. Horrelako hipotesia balekoa bada, txalapartariak bere jotze ariketan jarduten duenean, bere burua zaldi bihurtzen duela esan daiteke? Txalapartaren uhinak entzunez, mendira, zaldiak aske dabiltzan belardietara, lehenaldiaren atean galtzen diren irrintzien oihartzuna bizitzera garamatzala pentsa dezakegu? Ez dakit, zinez, baina txalapartak bereganatzen gaitu, adin desberdinetako jendea kilikatzen du, auskalo zergatik, baina, sakon-sakonean, misterio kutsua duen ezer badu; izan ere, txalapartarietako batek adarra jo orduko, historiaurreko aspaldiko garaira garamatza, leizeetara, lehen euskaldunek beren bizia eratzen hasi ziren unera. Edo beste ezer pentsatuz esan daiteke oraindik munduratuak ez ginen momentura eramaten gaituela, amaren umekira, Ama-Lurraren sabelera, amaren zilbor-hestearekin bat eginak ginen unera, taupaka, ttukun kuttunak entzungo genituen garai gozo hartara.
Lan itzela egin da aspalditik txalapartan, ezin ahaztu Zuaznabar eta Goikoetxeatar anaien emaitza, batik bat, baztertutako instrumentu hau erabiltzen jarraitzeko egindako ahalegina, eremu ezagun-mugatuan bizirauteko egindako lorpena. Hauek iraun zutelako bestelako batzuek, Artze anaiek, Joxan eta Jexuxek, eta aurrerago Juan Mari Beltranek ere bai, txalapartak jotzeko zuen eremu mugatua plazetara, oholtzetara zabaldu zuten. Hala, ezezagun zitzaizkigun zurezko ohol majiko haiek bitxi-berezi egin zitzaizkigun, ondare maitatu. Bolumena, tonua zainduz, erritmoa egoki emanez, hartzaileari soinua nola helerazi pentsatuz, bestelako jauzia eman zuten Artze eta Beltran anaiek, hain zuzen, tradiziotik ekarritakoa, bestelako ezaugarriez hornitu baitzuten, musika sortuz, instrumentuaren posibilitateak zein izan zitezkeen ikertuz, introspekzio-lana eginez, barrura begira egindako ikerlana burutuz, barneko hausnar-lana taxutuz.
Gerora begira soinugailu bikain honek bestelako aurrerapauso nabarmena izan zuen, gutxinaka-gutxinaka txalaparta-eskolak sortuz joan ziren han-hemenka, gero eta jende gehiagok agertu zuen berau ikasteko nahia eta grina. Txalapartak irauten jarraitu zuen gazteek, batez ere, txalaparta maite eta jotzen zutenen aldetik erakusteko borondate apala ikusi zutelako; honela, instrumentu honen etorkizuna areagotu zen, batez ere beira-arasa edo bitrinetan gorde izan baino, bestelako biderik urratzeko beharra ikusi zelako. Horrela, irakasleak ikasleari, eta alderantziz, elkarri izan zioten maitasun horri esker, aurrera joanez, txalaparta herriak ukitua, joa, sentitua eta maitatua izan behar zuen instrumentu bilakatu zitzaigun.
Gaur, zinez, gure herriko plazetan jendea elkartzeko, biltzeko, harrera egiteko, omentzeko eta bestelako jardunetan ttukun hotsa entzuten dudan bakoitzean, oso hunkitzen naiz. Izan ere, txalapartak, Etxeparek esango zukeen bezala «bere tornuia» lortu du, bere maila, eta ederrena, lehen aipatu bezala, gure egin dugu. Zura, otarren edo kabaileteen artean jarrita, lau eskuak, makilak, txalapartarien soina, bihotza, gogoa, lanean ikusiz, haizearen uhinak zabalduz, goratuz, lur horrexen nahia zeruarekin bat eginez sentitzen dugunean, ezer atsegingarriagorik eska daiteke?
Eta aurreko hau eder bada, ederragoa zaigu geure herritarrak horretan ari badira. Guztiok ezagun dugun Zuhaitzaren Soinua Kolektiboa taldea, lan bikaina egiteaz gain, heziketa zein trebatze-lanetan ibiliz, gure herrian lehenengo Txalaparta Egunak antotzearen ideia argia izan dute, zinez txalogarria. Bejondaizuela gazteok! Eta nola ahaztu, haien aurretik ttukun-ttakunka, han-hemenka, barrua bizitu eta piztu izan diguten Mendiaraz anaiak, aurten honako iritzi-artikulua idazten dudanerako Urretxuko festetako pregoia irakurri izan dutenak, festaren bihotzean murgildu izan gaituztenak. Zinez, urtetan egindako lanagatik, zuoi, Iñaki eta Aitor, eskerrik beroenak. Jarraitu ikertzen, laguntzen, txalapartak berak behar zaituztete eta.
Azkenik, gogoratu, Zumarragako musikaldia dela eta, irailaren 28an, larunbatean, Kukai Dantza Taldea-rekin batera, hantxe izango dela Juan Mari Beltran. Bere jardunaz gozatzeko aukera duzue, ez galdu okasio biribil hau. Bitartean, jardun zuon eguneko aritzean taupaz taupa ttukunik kuttunenak eskaintzen, guztion barruan uhin gardenak behar ditugu eta. Nire aldetik, ttukunik samurrena eskaini nahi dizuet eta zoriontsuak izateko nahia opa. Hala bedi, kuttunki, lagunok. TTUKUN.