Zerainen bizi den Arantxa Ruiz de Larrinagak (Donostia, 1965) El Salvadorren izan zuen lehen harremana parte hartze dinamikarekin. Euskal Herrira itzuli zenean, Elhuyarren hasi zen lanean euskara normalizazio planetan, eta El Salvadorren ikasitakoa enpresetan praktikan jarri zuen. Lezoko Udalean 2000. urtean izan zuen parte hartze prozesu bat dinamizatzeko ardura. 2011n Gipuzkoako Foru Aldundiko Parte Hartze Zuzendaria izendatu zuten.
Duela bi urte Parte hartze Zuzendaritza sortu zuen Foru Aldundiak. Zer ekarri dio Gipuzkoari?
Diputazioaren lan ildo garrantzitsu bat da parte hartzea. Horregatik sortu zen zuzendaritza hori, eta horregatik jarri zen Diputatu Nagusiaren Kabinetean. Parte hartze kultura zabaltzea nahi genuen, politika beste modu batera egitea. Parte hartze araua onartua zegoen ordurako, baina paper batek ez du ezer ere aldatzen. Benetan aldatzen da, aukerak jartzen badituzu herritarrek bere herrian eta bere intereseko gaietan parte hartzeko. Bi urteotan gure saiakera handiena izan da herri gehienetan herritarrek parte hartze esperientziaren bat edukitzea, ezagutzeko nola egin daitekeen. Epe luzeko lana da; aurrerago konturatuko gara horren ekarpenaz.
Parte hartzen duen jendea gustura gelditzen al da?
Normalean bai. Hasieratik garbi baldin badago zertan parte hartuko duen, zeintzuk diren joko arauak, eta prozesua ondo betetzen bada, jendea gustora gelditzen da, baina esperientzia txarrak ere izan dira, eta horiek berriz parte hartzeko dinamiketara ekartzea zaila izaten da. Goierrin 22 herritatik 16 herritan 34 esperientzia izan dira. Goierri oso aktiboa da, herri gehienetan parte hartze esperientziaren bat izan da.
Joko arauak aipatu dituzu. Zein joko arauez ari zara?
Parte hartze prozesuaren hasieran esan behar da bertan erabakitakoa irizpideak izango diren edo erabakitakoa beteko den. Prozesuaren ibilbidea zehaztuta egon behar da.
Zertan irabazten da parte hartzearekin?
Batzuek botere galtzea bezala ikusten dute, baina nire ustez, beste lasaitasun bat ematen du, gauzak egiteko orduan, badakizulako, jendearen babesa duela erabakiak. Niretzat irabazteko asko dauka. Azkenean, beste kudeatzeko modu bat da. Alegia, egin dezakezun hori bakarrik egin dezakezu, herritarrentzat kudeatu dezakezu, edo lantzen dituzun gauza guztietan herritarren parte hartzearekin. Seguru emaitza oso desberdina izango dela.
Bilerak, on line ekarpenak egiteko aukera…Tresna desberdinak erabiltzen dituzue parte hartze prozesuetan.
Parte hartze prozesuetan garrantzitsua izaten da aniztasuna egotea, ahalik eta jende desberdin gehienek parte hartzea. Parte hartze prozesuaren gaiaren arabera, kolektibo zehatz batzuk gehiago interesatzen dira. Baina orokorrean uste dut, parte hartze prozesuak unibertsalak izan behar direla; hau da, edozein herritarrek parte hartzeko modukoak eskaini behar ditu. Anitza izateko beste mekanismo batzuk jarri behar dira martxan bilera presentzialez gain, daukagun bizimoduarekin, bizi garen erritmoarekin interesa duenak moduren bat izateko parte hartzeko. Teknologia berriak erabiliz on line ekarpenak egiteko aukera zabalduz, adibidez. Osagarriak izan behar dute. Presentziazkoak garrantzitsuak dira, besteen iritziak eta eztabaidak entzutea aberatsa baita.
Eremu eta gai desberdinak landu dituzue parte hartze prozesuetan; hondakinen gaiarekin ere bai. Legazpin eta Ordizian kontsultak egin dituzte…
Herri kontsulta parte hartzeko beste mekanismo bat da, demokrazia zuzenekoa. Oso ondo baloratzen dugu eta oso tresna inportantea iruditzen zaigu. Oraintxe gure eskumenekoa den gai batean Herri Kontsulta bat martxan jartzera goaz Igeldon. Kontua da noiz eta zein kasutan erabili herri kontsultak.
Mekanismo bakoitzak bere ahuleziak eta indarguneak ditu, eta gauza batzuetarako edo beste gauza batzuetarako aproposagoak izan daitezke. Hondakinen kontuarekin, kultura aldaketa bat planteatzen da, arazo handi bat dugu hondakinekin, eta ez bakarrik guk, mundu mailako arazoa da. Argi dugu ez ditugula nahi zabortegiak eta errauste plantak gure etxe ondoan. Arazo horrek ez du irtenbide aproposik denon artean eta bakoitzak zerbait egiteko prest ez bagaude. Zerbait egin beharko dugu, ba? Orain artekoarekin emaitzak ez direlako nahikoak.
Kasu horretarako guretzat interesgarriagoa da herritarrekin parte hartze prozesu bat egitea, gaiaz informazioa jasotzeko, herritarrek euren artean eztabaidatzeko, kontzientziatzeko aukera ematen duelako parte hartze prozesuak. Klabe eraikitzailean eta eraldatzailean jartzeko baliagarria delako. Bestalde gure erakundeak ez daude oraindik oso prestatuta baliabide aldetik kontsultak martxan jartzeko eta oso garrantzitsua, ezinbestekoa, da kontsultak berme guztiekin egitea. Asko dugu ikasteko eta egiteko oraindik alor honetan.
Zein da bi urteotako balorazioa?
Oso positiboa. Nik uste dut praktikan, egunerokotasunean, ari garela parte hartzea kontuan hartzen; eta jendea parte hartzea zer den ezagutzen ari da. Nik uste hori dela bidea, eginez ikastea. Ondo abiatu gara, ia herri guztietan jarri dira parte hartze dinamikak, batzuk handiagoak eta besteak xumeagoak. Borondate politikoa ere badago erabakiak kontuan hartzeko. Beste erronka handi batzuk ere baditugu: parte hartze dinamikak erabakigarriak izatea eta parte hartze arauan aldaketak egitea, egindako ibilbide honetan ikasitakotik.