Gu sortu ginen enbor beretik sortuko dira besteak dio Xabier Leteren poemak. Enbor beretik sortuak dira adimen urritasuna dutenak eta letra larriz idatzitako gizarteak ezberdina baztertzeko joera badu ere, egunerokotasunetik eta gertutasunetik elikatzen den gizartean bestelako hartu emanak sortzen dira.
Erakundeak zein elkarteak aspaldi ari dira Goierrin bazterketaren aurpegi ezberdinei aurre egiten. Orain gutxi Atzegik Guztiok dugu gure papera, aurkitu zurea! kanpaina aurkeztu du. Kanpaina haragi hezurrezko pertsonen istorioetan oinarritu dute. Adimen urritasuna dutenek emateko dutena nabarmendu dute.
Zumarragako Urola eskubaloi taldean adimen urritasuna duen Joseba Azpiazuk egiten duen lana da istorio horietako baten haria. Legazpin, Maiatza tabernan lanean ari den Joel Hernandezen istorioa beste bat da. Beasaingo Txolartean orain bederatzi urte dabilen Maitane Arandia administrariaren istorioak osatzen du lerro hauetako kontakizun bilduma.
Joseba Azpiazuk down sindromea dauka, eta Gureak lantegian egiten du lan, Legazpin. Lana amaitzeaz batera etxera joaten da, Urola eskubaloi taldeko txandala soinean jarri eta Zumarragako Ispilla kiroldegira joateko astelehenetan, asteazkenetan eta ostiraletan.
Kantxan zein terrazan
Eskubaloi taldearekin duen harremana era espontaneoan sortu zen, «inolako intentziorik gabe», dio Urolako Jexux Mari Garraldak. Asteburuetan taldeek etxean jokatzen dutenean markagailua gobernatzen du. Kantxan jartzen duten propaganda ipintzea eta kentzea ere bere arduren artean dago. Kanpora badoaz beraiekin joaten da delegatu gisa. Azpiazuk Urolan «ondo sentitzen» dela dio, eta Urolakoentzat «beste taldekide bat da».
Garralda harritu egin zen Atzegiko kanpainari aurpegia jartzeko eskaera egin ziotenean. «Hain da harreman naturala, ez dugula ezer berezirik egiten ari garenaren sentipena. Josebak bere aisialdian lagundu egiten digu eta guk berari laguntzen diogu, ez dago besterik».
Joel Hernandezek down sindromea dauka, eta bere amak kontatu duenez, alabarekin egin zuen bezalaxe, semeak lan egiteko adina izan zuenean Maiatzako Julian Alonsori Joel laguntzaile gisa hartzeko proposamena egin zion. Bi urte dira uda partean Maiatzan lan egiten duela; terraza ipini eta kendu egiten du. Bere eginkizun nagusia hori den arren, gauza gehiago ere egiten du.
Julian Alonsok datorren udan «erantzukizun gehiago» emango diola dio: «Erosketak egitera bidaliko dugu estankora edota fruta-dendara». Lanean «oso pozik» dagoela dio Hernandezek: «Lagun on asko egin ditut, eta jendeari laguntzea gustatzen zait».
Maiatzako ugazabak Hernandezen amaren proposamenari baiezkoa ematerakoan, ez zuela bi aldiz pentsatu dio. Zuzeneko tratuak, gainera, sorpresak ekarri dizkio: «Eguneroko hartu emanak asko erakutsi dit. Zu edo ni bezalakoak dira. Zaren bezalakoa izan zaitezke Joelekin, ez daukazu zertan aldatu beharrik. Askotan beraiekin hitz egiteko ahotsa ere aldatzeko gai gara eta umeei moduan hitz egiten diegu. Hori zatarra da».
Atzegiko boluntarioa
Maitane Arandiak Beasaingo Txolartean boluntario lanak egiten ditu. Adimen urritasuna dutenekin bere denbora librearen zati handi bat igarotzen du. Institutuan hitzaldi bat entzun eta gero joan zen Txolartera lehenengoz, eta, ordutik, bederatzi urte pasa dira jada.
«Txolartekoek transmititzen dizutena ez dago hitzekin azaltzerik. Sentimenduak askoz ere presenteago daude, harremanak benetakoak dira», dio Arandiak. Esperientzia ez daukala saltzeko onartuta, « gauza txikiei garrantzia handia» ematen dietela dio, «hona etorrita konturatzen zara benetan inportantea zer den».
Bi talde egin dituzte aurten Beasaingo Txolartean. Helduak eta gaztetxoak banatu dituzte. «Geroz eta integratuago daude, gero eta autonomoagoak dira eta gaztetxoek beren kuadrilla osatzea nahiko genuke. Askotan guk hartzen ditugu erabakiak, baina guri gustatuko litzaiguke beraiek erabakitzea zer egin nahi duten». Arandiaren hitzetan, «asko geratzen da beren egoera guztiz normalizatzeko, baina, zalantzarik gabe, duela 30 urte baino autonomia gehiago dute adimen urritasuna duten gazteek».
Adimen urritasuna dutenekin zuzeneko hartu emana duten guztiek hitz bera erabili dute: beldurra. Arandiak adibide bat eman du: «Askotan, kalean, jendea hurbiltzen zaigu. Egiten dugun lanagatik zoriontzen gaituzte, baina beraiei ez diete tutik ere esaten».
Urrats horri garrantzia handia eman dio Arandiak: «Ulertzen dut berriak zein ezezagunak beldurra sortzen duela, baina behin probatuz gero, ez dago beldurrarentzat tokirik, benetakoak diren harremanak sortzen dira».