Gorka Azkarate
Udazken patxadatsua izango genuela entzun uste izan nion telebistako sasi-jakintsu horietako bati orain dela hilabete batzuk. Bete-betean asmatu duenik ezin esan! Arrasate aldean, besteak beste, galdetu bestela… Bestelako gairik ere bada, Legazpin zaborren gaiaren inguruan egin duten desobedientziarako deiaz harago. Eta ez, ez da Igeldoko galdeketa (demagun Brinkolak herri izan nahi duela, zer gertatuko litzateke Aizkorripe horretan?).
Bertsolari Txapelketa Nagusiaz ari naiz. Legazpin ere egin zuen geldialdia orain dela aste batzuk, eta dagoeneko BEC-eko finala baino ez da falta. Saio jendetsuak, sarrerak agorturik ia plaza guztietan… berebiziko ikusmina sorrarazten duen kultur adierazpena da, ezbairik gabe. Ordezkari goierritarrik ere bada. Tartean, zu. Villabonan kantatu zenuen lehenbiziko saioan eta galbahea igarota, Gernika-Lumon jardutea tokatu zitzaizun finalerdietako lehen itzulian. Hortxe bukatru zen zure ibilera (puntuaketek agintzen dute horrelakoetan, beste ezeren gainetik), baina egindako lanarekin pozik egoteko moduan zaudela uste dut.
Esandako guztiak esan ostean, bi aukera emango dizkizut zure erantzuna bideratzeko abiapuntu gisa: a) txapelketa nagusia bezalako ekimen bateko saio baten atarian, saioan zehar eta saio ostean bertsolari batek izan ohi dituen sentipenak lau lerrotan irakurleei ezagutaraztea edo b) Igeldoko galdeketaren gaineko zure iritzia ematea. Irakurleok, baita nik ere, a aukeraren aldeko hautua egingo duzula espero dugu…
Nerea Elustondo
Bejondeizula! Toki diskretua aukeratu duzu isilgordean aritzeko! Elkarri penak kontatzen hasita, tristea da Internetdun mugikorrak esku ahur bihurtu zaizkigun garaiotan, kanpoko akuilu baten beharra izatea elkarren berri jakiteko…
Telebistako sasi-jakintsuei ez diet kasu handirik egiten egia esan, baina ia erabat konbentzituta nago, denok daukagula pixka bat sasi-jakintsutik (gu bion kasuan, pixka bat baino gehiago, goierritarrei esateko zerbait daukagulakoan lerro hauek idazten aritzen garen unetik). Eta bai, udazkena kargatuta etorri da. Igeldo aipatu duzu, besteak beste. Nik argi daukat. Brinkolaren kasuan ere, argi edukiko nuke.
Txapelketa… izenak berak esaten du: Nagusia. Saio bakarraren faltan, Goierrik izango du bere ordezkaria BECen (zorionak Aitor!). Aspaldi agortu ziren finalerako sarrerak. Eromen horren erdian oholtzaratzea, luxua da. Eta aitortzen dut, asmatu eta publikoarekin bat egiten duzunean, momentu hori, magikoa da. Baina magia hori du bertsoak. Eta bai, bertsoak esan dut. Asmatzea eta publikoarekin bat egitea magikoa baita, izan txapelketan hala izan beste edozein saiotan. Ez nuke sinetsi nahi sekula sentitu ez duzunik…
Ez dakit a) ala b) erantzun ote dizudan. Igual, biak. Bakar bat ere ez, akaso. Geratuko gara toki publikogoren batean, elkarri pozak kontatzeko!