
Ander Bigurik (Ordizia, 1988) 25 urtez azpikoen mailan, III. Euskal Herriko Mendi Duatloi Zirkuitoa irabazi du. Astean zehar tailer batean eta asteburuetan Ordiziako taberna batean lan egiten du, baina, halere, bere zaletasunerako (bizikleta eta korrika) tartea ateratzen du.
Egunero entrenatzen du; astean behin atseden eguna hartuz. Batez ere bizikletan entrenatzen du, egunean bi ordu eta erdi, «horretan nabarmentzen baitira gehienak», bere esanetan. Korrika, astean hiru egunetan egiten du. Joan den urtean hasi zen duatloien, eta aurten «aurrean ibiltzea» zuen helburu. Kuadrillakoekin ere apostutxoa egin zuen: «Liderraren mailota ezingo nuela eraman esaten zidaten, eta nik baietz. Zirkuitu honetako bigarren proba Mallabian (Bizkaia) jokatu zen, eta lider jarri nintzen. Orain beraiek ere gustura daude eta animatzera ere etorri dira poba batzuetara», dio Bigurik.
Eta ez du meritu makala, gainera. Berak azaldu duenez, 26 eta 29 hazbeteko gurpilak izaten dituzte bizikletek. Gehienek 29 hazbetekoak erabiltzen dituzte, aldapan behera, batez ere, azkarrago joateko. Bada, ordiziarrak 26 hazbeteko txirrinduarekin lehiatzen du. Lehia estua ikusten zuen txapelketaren hasieran. 400 partaide baino gehiagok lehiatzen zuten Mendi duatloi zirkuituan. Tartean, Lizarrako, Legazpiko eta Amasako txirrindulari ohi batzuek. Baina, bederatzi lagunek bakarrik osatu zituzten aurtengo zirkuituko proba guztiak, finisher saria jasoz, horien artean Ander Biguri.
Babesle bila
Aurten babesle bila ibili bada ere, ez du inork babestu. «Nahiko garestia ateratzen da azkenean: probetara joateko gasolina, izen-ematea eta bizikleta, ia karrera bakoitzeko zerbait puskatzen delako», dio. Horregatik, datorren urtean norbaitek babestea nahi luke.
Beste amets bat ere badu datorren urterako. Kanikros deituriko txakurrekin krosak egiteko ilusioa du orain, txakurrik ez badu ere. «Mendiz korrika egiteko probak izaten dira. Txakurrak tira egiten dizu eta asko laguntzen dute. Gipuzkoan orain gutxi hasi dira horrelako probak antolatzen eta Espainian ere gutxi egiten dira, baina, Finlandian eta Alpeetan oso ohikoak dira».