Athleticeko jokalaria da Mikel Balentziaga (Zumarraga, 1988). Egun Athleticen jokatzen ari da, dagoeneko sei urte dira futbol profesionalean ari dela. Bizkaikoak denboraldi ona egiten ari dira, laugarren dira Espainiako Ligan eta Balentziaga titular bezala ateratzen ari da partida gehienetan.
Baloi baten atzetik itsuan doan haur horietako bat al zinen?
Txikitatik gustatu izan zait futbola. Gustatu bai, jokatu ere bai, baina ez nintzen bereziki nabarmendu. Futbola, orduan, zaletasuna baino ez zen.
Zumarragako Urola futbol taldean hasi zinen?
Urolak eskolarteko txapelketa bat antolatzen zuen, eta 8-9 urte nituela txapelketa hartan parte hartu nuen. Ondoren, Urolako eskolan urte eta erdi egin nuen eta Realak, 11 urte nituela, Bruneteko (Madril) txapelketara eraman ninduen.
Madrildik bueltan etxean jarraitu zenuen.
Brunetetik bueltan Realak ez ninduen aukeratu eta Urolara itzuli nintzen; bi urte eta erdi egin nituen Zumarrragako taldean. Bi urte pasatxo haien ondoren Realak deitu egin ninduen eta Xabier Jorge Urretxuko lagunarekin batera Realean jokatzen hasi nintzen. Orduz geroztik, Realeko talde guztietan –kadete, jubenil, bigarren taldea, Sanse– jokatu nuen. Sansen bigarren urtez jokatzen ari nintzela Athleticek deitu ninduen.
Athleticen zaudenetik Numantzian eta Valladoliden ere jokatu duzu.
2008-2009 denboraldian Athleticen aritu nintzen, baina gero Numantziara joan nintzen utzita. Hurrengo denboraldian itzuli egin nintzen baina oso gutxi jokatu nuen Athleticen. Ondoren, Valladolidera utzita joan nintzen; bi urte egin nituen han eta denboraldi honen hasieran Bilbora bueltatu naiz.
Futbolaren lehenengo mailan egoteko bide luzea egin duzula ematen du.
Valladoliden oso-oso gustura egon naiz. Konturatu naiz hemendik kanpo ere futbola egon badagoela. Orain, han egindako lan guztiaren uzta jasotzen ari naizenaren sentipena daukat.
Athleticen denboraldi polita egiten ari zarete, laugarren zaudete taulan.
Denboraldi ona egiten ari gara, bai. Hemendik bukaerara arte horrela jarraitzea nahiko nuke. Pertsonalki gustura nago egiten ari naizen lanarekin. Denboraldi hasieran lesioak izan nituen eta kostata bada ere, aurrera egitea lortu nuen. Osatu nintzen eta honezkero dezente partida jokatu ditut. Sentsazio onak ditut jokatzen dudanean, eta ezin dut gehiago eskatu.
Defentsen lanaren balioa ukaezina da, baina aurrelariei dirdira gehiago ematen zaie. Defentsa zara, azalduko zenuke zuen tokiaren ezaugarriak zeintzuk diren?
Gure lana defendatzea da, baina ez da berdina erdian edo hegalean jokatzea. Hegalean ari bazara eraso egitea ere eskatzen dizute. Atzera begirakoa eginez gero, konturatzen naiz sei urte hauetan futbolari bezala aldatu egin naizela. Athleticen hasi berritan defendatu baino hobeto erasotzen nuen. Egun, hegalean arituta ere, lehenengo lana defendatzea dela jakin badakit. Gure tokian atea ondo defendatu behar da; ondoren, erasotu ahal den guztietan erasotu egin behar da. Haur guztiei erasotzea gustatzen zaie, niri ere hala gertatzen zitzaidan, baina defentsa onik gabeko erasorik ez dago.
Gipuzkoarra zara, eta Bizkaiko lehenengo taldean jokatzen duzu. Zaleen artean nahikoa lehia egoten da, zer gertatzen da aldagelan?
Zaleen artean lehia dago, baina lehia sanoa dela esango nuke. Bi taldeen arteko derbietan dagoen giro ona ikusi besterik ez dago. Aldagelan laguntasun handia dago gure artean. Nik Realean jokatu dut eta lagun asko dauzkat han. Gure artean inoiz Realekoekin batera jokatu ez duenik badago, baina batera jokatu ez duenak haien kontra jokatu du eta ezagutu, ezagutzen ditu.
Euskal Selekzioaren partidek lagunduko dute laguntasun hori sendotzen, ezta? Abenduaren 28an Peruren kontra irabazi egin zenuten San Mames Berrian, zuk ere jokatu zenuen.
Bai, Euskal Selekzioak asko laguntzen du gure arteko hartu emanak indartzen. Orain bi urte jokatu nuen lehenengo aldiz, eta egia esateko partida horietan sortzen den giroa ez da edozein egunetan sortzen. Euskal Selekzioaren partidak oso pozgarriak dira euskaldun guztiontzat.
San Mames Berria amaituta ez dagoen arren, han jokatzen ari zarete jada. Alderik nabaritu al duzu?
Zaharrak bazuen bere xarma, han sortzen zen giroa itzela zelako. Nire ustez, giro hori estadio berrian sentiaraztea ere lortu dute. San Mames Berria erabat bukatuta dagoenean, giro hori oraindik eta ikusgarriagoa izango dela uste dut.
Giroa aipatu duzu, nola bizi duzu foku guztiak zuei begira jartzen diren zelaira ateratzeko une hori?
Une hori zailena dela esango nuke. Atera eta epaileak partida hasi dela adierazten duen arte kirioak dantzan izaten dituzu. Denbora pasa ahala urduritasunak hobeto kudeatzen dira, naturaltasuna gailentzen da. Futbolean talde lanak agintzen du eta foku azpira ateratzen garenean norbanakoa baino taldea ateratzen da gehiago.
Gabonak pasa berri dira eta telebistan erabat itxuraldatuta ikusi zaitugu. Zer moduz Ringo Starrena egiten?
Athleticeko prentsa arduradunak egin zidan proposamena. Euskal Telebistako Gabon Kantuen saioan Beatles taldea osatzeko lau lagun behar zituzten eta ez nuen dudarik egin, are gehiago beste hirurak Markel Susaeta, Oscar de Marcos eta Iker Muniain zirela jakinda. Hiru orduko grabaketa izan zen, eta sekulako barreak egin genituen.
Zer esango zenioke futbol eskolan hasi berria den zortzi urteko haur futbolzale amorratuari?
Egunerokoan dauzkan jarduera guztiekin gozatu behar duela, ez bakarrik futbolarekin. Beste kirolei erreparatu diezaiela esango nioke, ez dadila futbolarekin itsutu. Lehenengo mailan jokatzeko ilusioa izango dute denek, baina guztiak ez dira maila horretara iritsiko. Edozein modutan, ikasketekin saia daitezela esango nieke haur guztiei.