Herriko mugimenduaren lekuko isila da Ordiziako Nikolas Lekuona plaza. Egunero hara eta hona dabiltzan ordiziarren pausoak sentitzen ditu, eta bizipen askoren agertokia da. Bai, asko dira plaza horretatik pasatzen direnak, ez dira, ordea, hainbeste pausoak gelditu, eta plazari izena eman zion gizonaz hausnartzen dutenak. Plazatik harago begira, ordea, altxa burua eta begiratu Lekuona artistaren lanari. Zergatik jarri zioten Nicolas Lekuona izena plazari? Benetan, hain garrantzitsua izan al zen, bada, gizon hori?
Galdera horri erantzun dio Asier Mendizabal artista ordiziarrak. Aurrez ere, abenduan, Ordizian egin zuen hitzaldian eman zion erantzuna galderari, eta oraingoan ere, azkar asko ihardetsi du: «Lekuonak garrantzia dauka espezifikoki artearen esparruan». Kontuan izan behar da Lekuona 23 urterekin hil zela, eta, beraz, garai hartan, «bere lanak ez zuen hainbeste ikusia eta analizatua izateko tarterik izan; batetik, oso lan gutxi egiteko aukera izan zuelako, eta bestetik, ez zuelako denborarik izan zirkuito kritiko batean sartzeko». Nolanahi ere, egun, Lekuona ezaguna eta baloratua da, eta hori, Mendizabalen hitzetan, «berreskurapen eta, batez ere, berridazte lana egin delako izan da, euskal artearen historian bere ekarpena zein izan den birplanteatu delako», azaldu du.
Kultura egarria
Nikolas Lekuona 1913an jaio zen Ordizian, zazpi anaia-arrebako familia batean. Ordiziarra jakin-min handiko pertsona zen, eta kulturarekin zerikusia zuen ororen egarri izaten zen. Argazkigintza eta marrazkigintza gaztetxo zenetik izan zituen gustuko, eta 1929an, Donostiara joan zen Arte eta Lanbide Eskolara.
Ikasketek bultzada eman zioten bere sorkuntza grinari, forma artistiko berriak ezagutzen lagundu baitzioten, tartean, Bauhaus Eskolaren irakaspenak. Gainera, Donostia kultura bilgune garrantzitsua zen garai hartan; atzerriko abangoardien ohiartzuna iristen ari zen, hala nola, dadaismoa, kubismoa eta Lekuonaren lanetan eragin handien izan zuen surrealismoa.
1932an, Madrilgo aparejadore eskolara joan zen, eta hiru urte pasa zituen bertan. Errepublika garaiko Madril hartan, kultura ekintzak etengabeak ziren, eta artista gazteak, jakiteko irrikan, giro hartan murgiltzen ziren. Lekuona guztiz barneratu zen giroan, eta artista esanguratsu askoren lagun egin zen, Jorge Oteizarena eta Narciso Balentziagarena, kasu.
1935ean itzuli zen Donostiara Lekuona, eta Florentino Mokoroa arkitekoarekin egin zuen lan, bere obra pertsonala inoiz alboratu gabe.
36ko gerrarekin, urte hartako uztailaren 18an, bere bizimodua erabat aldatu zen, eta bertan behera geratu ziren bere proiektuak. Izan ere, Franko jeneralaren tropek Gipuzkoa hartu zutenean, armada nazionalean sartu behar izan zuen. 1937ko ekainaren 11n, Fruiz herrian andazain lanetan zebilela, fronte nazionalak herri hartatik hurbil bonbak bota zituen, eta halaxe hil zen Lekuona, artean 24 urte bete gabe.
Marrazkiak, margolanak,argazkiak eta argazki muntaketak egin zituen Lekuonak, besteak beste. Hasieran, bere margolari lana berreskuratzen hasi ziren, Mendizabalen hitzetan «ziurrenik, pinturak anbizio handiagoko baliabidea zirudielako».
Baina, gerora, argazki muntaketan egindako lanagatik nabarmendu da, «abangoardiak bere gain hartu zituen, esaterako, lengoaiaren probokazioa eta surrealismoaren atalen elkartze arbitrarioa». Argazki-muntaketak islatzen ditu ondoen errekurtso horiek, horrenbestez, Lekuonak baliabide hori aukeratzeak «bere garairako oso intuizio fina zuela». pentsarazten du.
Lekuonak ez zuen lan asko egiteko astirik izan; baina lan haiek ikusita, hain gazte hil ez balitz egin zezakeenarekin egiten dute amets askok. Mendizabalen ustez, «beste leku batzuetako abangoardietako artista inportanteekiko duen kidetasunagatik», normala da pentsatu nahi izatea lanean jarraitu izan balu «artearen historiako figura handi bat izan zitekeela».
Ebaluazio hori egitea, baina, «halako tranpa txiki bat da»; izan ere, egon badaude eta arrazoiak pentsatzeko ez zela hori gertatuko:«Artista bat ez da bakarrik bera, bere testuingurua eta bere zirkunstantziak ere bere parte dira, eta gurea beti izan da mundu txiki bat artearen itsaso horretan».
Lekuonaren izenak badu pisua gaur artearen historian, askotan, ordea, izenak itsutu egiten du, eta ez du benetan horren atzean dagoena ikusten uzten, «Nikolas gizon handia izan zela esan digute, plaza bati bere izena jarri diogu herrian, baina jakin behar duguna da zergatik jarri diogun», azaldu du Mendizabalek.
Ordiziarraren hitzetan, «erlazio zuzena eraiki behar dugu bere lanarekin, bestela baloratuko dugu, bai, baina baloratu egin behar dugula esan digutelako; beraz, egin behar dena da lana ikusi, eta ez dugu zertan denok gauza bera baloratu». Gainera, Lekuona artista ez ezik, garai baten, argazkia ere bada.
«Elementu jostagarriak»
Artea testuinguru batean garatzen da, eta aldi berean, testuingurua artean islatzen da, horregatik, artezalea ez denarentzat ere interesgarria da. Mendizabalen ustez, «historia berreraikitzeko kontzeptu gakoak ulertzeko, abangoardiak garaiko indar politikoak polarizatzeko izan zuen eragina, adibidez», kontuan hartu behar da.
Kontuak kontu, sarri, ezjakintasuna izaten da artera ez gerturatzeko aitzakia. Alabaina, ezjakintasuna gainditu eta artistaren lana ezagutzeko modua lan horretara gerturatzea da. Horreran harira, Lekuonaren lanari dagokionez Mendizabalek ez du uste «lana bereziki zaila denik aurrez aurre jartzeko; elementu oso jostagarriak ditu. Lanek umorea eta drama dituzte, eta zenbait elementuren aukeraketan intentzio arin bat ere bai. Kiroletako argazkiak edo argazki erdi erotikoak ere baditu». Hori bai, lana «begirada garbi batekin» ikusi behar da, «eta ez aurreiritziekin».