Iñaki Apalategi
Zer moduz habil? Hainbeste ekonomia, kultura eta balore krisiren artean zutik irauten al duk? Asaldatuta zabilek jendea azken aldian, eta ez duk gutxiagorako: familia askoren egoera gero eta okerragoa duk, bai Euskal Herrian, baita Espainian ere. Eta Espainian Burgoseko Gamonaleko, diru premian dagoen jendearen auzoko protestak entzuten dituk azken egunotan. Istiluak direla, kontenedoreak direla… izan diagu bai haien berri.
Ikusi ditiat baita ere istilu hauen harira Espainiako egunkari batek eta besteak egindako umore binetak, eta modu batean edo bestean. Haietako batean, zakarrontzi bat lurrean agertzen huan, eta militanteen buruak militanteei esaten ziean: «kontuz, jaso zakarrontzia, bestela gure borroka guztia deslegitimatzen du eta!».
Ez zian arrazoirik falta. Baina horrelakoetan zera pentsatzen diat: ez al zaiok Burgosen inori otuko Euskadin zakarrontzi bat lurrean agertzen den aldiro zenbaiten ideien defentsa deslegitimatzen digutenik, han bezalako huskeriengatik hemen ere atxilotzen dela jendea, eta zenbaitetan torturatu ere bai gainera? Zenbaitek denborarekin ikusiko dutela esaten zidak, baina ezetz uste diat: Valentzian ere sekulakoak eta bi pasa zitiztean ikasleen protestekin orain urte pare bat, baina hortik ez dik inork gurekin enpatiarik edo ulerkortasunik garatu.
Bertakoekin konpondu behar, beraz. Eta bertan, enpatian ez zekiat, baina batasunean bai aurrerantz goazela, pausoz pauso edo tantaz tanta. Tanta guztiek itsasoan bukatzen al ditek?
Aitor Sarriegi
Zer esango diat ba, ez diat uste tanta guztiek itsasoan bukatzen dutenik. Umetan behintzat prozesua ziklikoa dela ikasi genian, eta itsasotik berriro hodeietara, hodeietatik berriro lurrera, lurretik itsasora… Historian ere antzerako zerbait gertatzen dek, aidanean. Garai berriez hizketan harrapatzen gaitiztek arazo zaharrek, oroitzapen zaharrek amets berriez hizketan… Zer nahi dek ba esatea. Aspaldi galdu nian nik Ebroz beherakoengan esperantza. Beti pentsatu izan diat toka zekizkigukeen ugazabarik okerrenak tokatu zitzaizkigula historiako bingoan, eta kontainerrak kontainer, berdintsu pentsatzen jarraitzen diat.
Baten batek esango zidak haize berriak ere badatozela, badirela Pablo Iglesias bezalakoak, eta uste baino gehiago gainera. Niri ezpaina okertzen zaidak Maiatzaren 15eko harekin gogoratzean, ordutik hona gizartean zenbat eragin duen majo ikusi diagu eta. Ez dituk proposamen berri edo banaketa zahar bakarrak, ordea. Hor zeudek hiztegi izena hartu duten besteak ere. Bestea bezain interesgarria iruditzen zaidak berri hori ere; badakik, aspaldiko legea dek: banandu eta irabazi. Programazioko algoritmo ezagun bat ere halaxe dek, eta bide batez, ez zetorrek gaizki irabazteko programa ere beharko dela pentsatzeko.
Hori bai, joko-zelaia dek gakoa, eta etxea diogunean ere azalera non hasi eta non bukatzen den ados jarri arte ez diat uste irabazteko gai izan gaitezkeenik. Ezta besteak bananduta ere.