2013. urteak agur eginda, 2014.a etorri zitzaigun erdiminez mundura, erditzearen saminak eta pozak bultzatuta. Biziak dakarkigu opari berri hau, urte berri hauxe, gure orainaren bidez, egunero, itxuratzeko, bizipenak sentiberatasunez bizitzeko, sentituz maitatzeko. Biziaren sabel emankorra ama baten antzerakoa da, bere umeak, gizaki bakoitza, gertutik maite ditu, hurbiletik ditu zaintzen, magaltzen. Hargatik, Biziak badu, nire ustez, emetasunetik, kutun eta samur zaigunetik asko, badaki norberak izatean, bakoitzari egokitu zaion bidean, askatasunez bizitza behar duela urratu, bizitza diot, izaki orok jaiotzetik heriotzera doan bitartean egin beharreko aldia, eta ez Bizia, Biziak, beti, aurrera jarraitzen baitu, bere bidean, egoera desberdinetara egokituz, izanaren bihotzean bat eginez, arnasa hartuz.
Sortze-ekintza zoragarrian, Bizia bezala, hasieran, erditzean, eta ondoren, lan eta lan aritzen diren emakumeei egin nahi nieke gorespen eta omenaldirik beroena, lerro hauek haientzat eskaintza-opari eginez. Ume jaio, eme izan, eta emakume, emaztegai, emazte, ama, amama, gure ondoan zein urrunean, bihotzean, gogoan dauden emakumeak estu, bero besarkatu nahi nituzke, samurtasunaren atea irekitzen jarrai dezaten eskatuz, izanaren eskaintza eztia zuon jakintzaz eta sentikortasunez partekatzeko, guri, gizonoi, barne-muinetik irakasteko.
Neuk, oraingoan, atrebentzia handiz, nire arreta lau emakumeengan erreparatu nahi nuke. Laurak gogoan dauzkadanez, neure oroitza, omenalditxoa egin nahi nieke. Lehenengoak, Mari Karmen Mendiak, aspalditik Zumarragan zein Urretxun, gure bi herriotan kultur ekintza desberdinetan egindako lana nabarmendu nahi nuke, ardura handiko emakumea, arrastoko dama; abesbatzan kide izan nuen Goiargin, abesterako orduan bere ahotsak oso harritzen ninduen, hura bai jarritako sentimendua! Eta bihotza? Abesteko askok dohainik izan dezakegu, jakina, baina bihotza jartzen denean, haren taupek zeharkatzen gaituzte, hurbileko gogoa ukitzen, hunkitzen digu, bat eginez abesten duenarekin. Zirrara hori sentiarazi dit, beti, Mari Karmenen ahotsak. Eskerrik asko, zuri.
Bigarrenik, guztiok oso ezagun ditugun emakumeok, beren txokoetan, sukalde-lanetan arituz, erakutsitako jendetasuna, karisma, hurbiltasuna eta batez ere lanean hain beharrezkoa den pazientzia eta apaltasuna azpimarratu nahi nituzke, izan ere, gutako zenbati ez ote dio maitasuna, irria eskaini! Balentiña Salegi eta Ana Aranburu ditugu, hurrenez hurren, Balentiña eta Iburreta jatetxeko emakume perkatsak. Hauek, biek ala biek, zenbat momentu on eskaini dizkigute, janari onik asko dastatuz, haien hitzen berotik ere janez, ez baitzaio bakarrik soinari jaten ematen, gogoari ere bai. Gizatasuna erakutsi dute, mahai eder batean prantatzen diren jaki gozoetatik falta behar ez den osagaia. Hori bai jakin, gora zuek! Jaso besarkada estua.
Azkenik, azkena ez zarelako, zuri, Maier, Maier Urrate Antia, bizitzaren arantzek eramandako lorea. Zuri, isiltasun minenetik, errespetu osoz eskaintzen dizkizut hitzon lurrinik freskoena, Biziaren bufadaz jantziak, sentiberatasuna, emetasuna izatera garamatzan Bizi horri goratuak. Zauden tokian bakez bildu ditzazula, Maitasunik kutunenaz taupatu, bat izan zaitezela gure arnasetan, zalantzarik gabe, maitatzen jakin izan duzun horrek, maitekor maitatzen jardungo baituzu, Maitasunaren izenean biltzen garen bakoitzean. Neuk horren alde apustu egingo dut, herritar askok ere bai. Maite-maite besarkada zuri eta etxeko guztiei.
Andoni Salamero (Irakaslea)