Euskal Herriko Eskubide Sozialen Karta sortzeko elkartu dira gehiengo sindikala eta hainbat eta hainbat eragile. Gune plataforma sortu dute krisiaren izenean egiten ari diren murrizketei erantzun baino alternatiba bat eraikitzeko. Gauzak beste era batera egin daitezkeela eta egin beharko direla erakutsi nahi dute. Proiektua Hego Euskal Herriko herrietan eta eskualdetan jarri dute martxan, izan ere, gutun sozial hori euskaldunek nahi duten ereduarekin osatu nahi dute. Egitasmoa Goierrin da jada, hasi dira aurkezpenak egiten eta otsailean bilerei ekingo diete.
Haizea Mendia LAB sindikatuko kideak eta gutun sozialaren egitasmoa Goierrin martxan jartzeko lantaldeko kideak esan du, «itxaroten egon beharrean gure eredua zein den esateko garaia» dela. Iazko maiatzeko greba orokorra «erantzunezko greba» izan zela dio, «alternatiba bat eraikitzen hasteko mugarria».
Eskubide sozialen kartaren giltza da, hain zuzen, alternatiba hitza: erasoei erantzun baino egungo eredu ekonomikoaren eta sozialaren aurrean alternatiba bat eraiki nahi dute. Goierriko mugimendu sozialek, sindikalek eta norbanakoek bere egin dute karta bat adosteko erantzukizuna.
Krisi ekonomikoaren izenean gobernuek egindako murrizketen ondorioen zerrenda egin dute, besteak beste: zerbitzu publikoak izaera publikoa galtzen ari dira, murrizten ari dira, berrordainketa ezarri dute, langileen eskubideak murriztu nahi dituzte, lan baldintzek okerrera egin dute eta bazterketa areagotu da.
Goierri beheko datuak
Goierri beheko datuak emanda murrizketa horien guztien ondorio zehatzagoak ere erakutsi dituzte: 2008tik langabezi tasa %150 hazi da, lanean ari direnen prekarietatea areagotzen ari da, ehunka langile lan hitzarmenik gabe dago, Ordizian 17 etxegabetze egon dira, eta 600 familiek oinarrizko errenta bermatzeko diru laguntza jasotzen dute (80 familiek Lazkaon eta 185 Beasainen).
Gutun sozialeko dinamizatzaileen arabera datu horiek guztiak «orain arteko eredu ekonomikoaren eta sozialaren porrotaren adierazle besterik ez dira».
Euskal Herrirako alternatiba bat eraikitzea herritarren esku dagoela diote, «bada garaia aldaketa sozial eta politiko bat Euskal Herrian bultzatzeko, bada garaia euskal gizarteak gizarte justu eta solidario bat eraiki dezan, bere borondatez, beste inongo inposaketarik edo esku-hartzerik gabe».
Borondate hori biltzeko herriz herri aurkeztuko dute proiektua eta ahots guztiekin sarea ehunduko dute. Txapis Otegi ELAko kidea eta gutun sozialaren lantaldeko kidea da Goierrin, eta dioenez, «erantzuna sare mailan eman behar da; proiektu honek sare hori josten lagundu nahi du».
Egitasmoa Goierrin martxan jarri duen talde dinamizatzailearen kideak azaroan hasi ziren biltzen. Sindikatuetatik hasi eta antolatuta dauden taldeetaraino eragileen zerrenda egin zuten; norbanakoentzat ere badago tokia. «Gure helburua eztabaidak egiteko modua diseinatzailea izan da. Abenduan Beasaingo Igartzan lehenengo aurkezpena egin genuen, eta eztabaida martxan jartzeko konpromisoa hartu genuen», azaldu du Mendiak.
Goierri garaian ere bai
Urtarrilean herriz herriko aurkezpenak egin dituzte Goierri behean, gutun soziala zer den eta zertarako egin nahi den azalduz, eta eragile sozial guztiei egin diete gonbidapena. Hala, «Goierri behean herri asko dago, eta eskualde mailako bilerak Beasainen egitea erabaki dugu», zehaztu dute.
Lehenengo fasean, Goierri beheko herri guztietan, gutun sozialaren nondik norakoa aurkezteko bilerak egiten ari dira. Ondoren, bigarren faseari ekingo diote, eta otsailean eztabaidak egingo dituzte Beasaingo udaletxean, larunbat goizetan.
Urretxun eta Zumarragan talde bat eta Legazpin beste bat sortu dute Euskal Herriko Eskubide Sozialen Kartaren inguruko bilerak dinamizatzeko. Urretxun zein Zumarragan gutunaren aurkezpen bilerak Gabonen aurretik egin zituzten, eta kartak hartzen dituen eskubideak lantzeko bilerei aurreko astean ekin zieten. Hamabost bat lagun bildu dira aurkezpen bileretara, norbanakoak eta talde ezberdinetako kideak.
Jon Loinaz LAB sindikatuko kideak eta Urretxun zein Zumarragan gutuna lantzeko sortu duten talde dinamizatzailekokideak esan duenez, «eskubide sozialetan egiten ari diren murrizketen aurrean, beste eredu bat nahi dutenak» ari dira parte hartzen bilera horietan.
Ez dira egun asko Juan Gelman poeta argentinarra zendu dela. Gelmanek, egungo egoerari buruz galdetuta beldur zela esan zuen elkarrizketa batean, «ez bakarrik krisi ekonomikoagatik, krisi espirituala ere badago, badirudi espiritua ere murriztu nahi digutela, eta okerrena da gosearen genozidiora, terrorismora eta denontzat ez den hezkuntzara ohitzen ari garela». Gutun soziala lantzeko hamahiru eskubide soziopolitikoren gogoeta mahai gainean jarriko dute Goierrin; hala, mahaiaren bueltan ezinbestekoak dira egungo egoerara ohitzeko prest ez dauden herritarrak.
Geovanny Molina (Inmigrantea)
«Badirudi autoak noiz kolpatuko zain jarrita gaudela. Altxatu eta hemen gaudela erakutsi behar dugu. Immigranteontzat egoera are okerragoa da, askok sare sozialik ere ez dugu. Gutunaren eskutik jendeak erreakzionatzea espero dut. Guk, Ekuadorren lortu genuen; lehendakari bat kendu genuen».
Ainara Ormaetxea (Inmigrazio teknikaria)
«Egun gero eta jende gehiago dago arrisku egoeran. Pertsona jada ez da zentrua. Erreakzionatzea kostatzen zaigu sistemak harrapatuta gauzkalako, beldur gara. Gutunak elkartu, eta zerbait egiteko balio izatea nahiko nuke; nire kezka da ea kartaren inguruan jende ezberdina biltzeko gai izango ote garen».
Xanti Salceda (Askapenako kidea)
«Politikariek garbi erakutsi dute botere ekonomikoak agintzen duela eta herritarren eskubideak ez dituztela bermatzen. Gutunarekin herri aktibazioa sortzea espero dut. Eskubideen karta herri harresi moduko bat izatea nahiko nuke, etor daitekeenaren aurrean babestu ahal izateko».
Txapis Otegi (ELAko kidea)
«Gutunaren helburu garrantzitsuena prozesua bera da. Euskal Herriko eragile sozialak eta militanteak aktibatu, eta sare bat sortu behar da. Jendea ez dago lozorroan, desaktibatuta gaude beldurtu gaituztelako. Gure eskubideen protagonistak garela sentitzeko garaia da, eta guk geuk baino ezin dugu lortu».
ESKUBIDEAK
Herriz herri egingo dituzten batzarretan hamahiru eskubide landuko dituzte.
- Lurralde eta ingurumen eskubideak. Elikadura burujabetza, garraio eredua, azpiegituren erabilera.
- Lan eskubideak. Enplegu duina izateko eskubidea, lan banaketa, parekidetasuna.
- Eskubide politikoak. Politika fiskala, finantza sistema eta aurrekontu ereduak.
- Eskubide sozialak. Osasun nahiz hezkuntza unibertsala, doakoa eta kalitatezkoa.
- Bizitzaren mantentzea. Menpekotasun egoeran dauden pertsonentzat kalitatezko sistema publikoaren bermea.
- Parte-hartzea. Demokrazia partehartzailea.
- Indarkeriarik gabeko bizimodu askea. Emakumeek pairatzen duten indarkeriarekin lotuta.
- Jatorri aniztasuna. Jatorri ezberdineko pertsonentzat eskubide berdinak.
- Eskubide kulturalak. Kultura sortzeko baliabideak sortzea.
- Aniztasun funtzionala. Aukera berdintasuna.
- Hizkuntza eskubideak.Euskararen ofizialtasuna eta aitortza.
- Aniztasun sexuala. Diskriminaziorik ez.
- Eerabakitzeko eskubidea. Autodeterminazio eskubidea.