Pareta ahaztu eta zikinena ere alaitu dezake graffiti batek. Abesti eder batek zoritxarreko momentuak ahazteko balio duen bezala. Eguneroko bizitzako horma grisak, gure gizarteko izkina itsusienak, guztiak margotzeko gai delako sormena. Kolorez, gogoetaz, kritikaz edo umorez margotu ere. Kreatibitatearen ahalmen sorgin horren adibide berri bat izan dut joan diren egunotan. Gazte talde baten imajinazioak eta lanerako gogoak irribarrez zipriztindu baitu beste behin Euskal Herriko panorama eta historia sozio-politikoa.
Ataun of the dead izeneko zinema-trilogia abiarazi eta gauzatzen ari diren lagun horietaz ari naiz. Joan den ostiralean, hilaren 7an, Beasaingo Usurbe antzokian bota zituzten hiru film horietan lehenengo biak. Astean zehar pilatutako nekea eta haserreak alde batera utzi, eta barre-algara terapeutiko batzuk egiteko parada polita, gau hartakoa.
Kasu honetan ere errealitate grisari txispa atera diote film horien sortzaileek, Xabier Padinek eta Beñat Iturriozek. Patxi Lopezek lehendakari-makila jaso zuenean otu zitzaien trilogiaren abiapuntua: bi zientifiko karlistak, Ajuria-Eneko maizter berriaren aditzera izanda, Zumalakarregi jenerala berpizteko plana martxan jarriko dute. Esperimentuetan buru-belarri dabiltzala, Idiazabalgo gazta lote bat kutsatuko dute ustekabean eta, ondorioz, Ataungo herritarrak zonbi edo ez-hildako bilakatzen hasiko dira, gazta lote hori dastatu ondoren. Bi karlista aldartetsuek egoera probestu eta Zumalakarregi berpiztea lortuko dute: osaba Tomas Euskal Herrian izango da berriro.
Bigarren filma ere estreinatu berria dute, Joxean’s Hil Eben izenburupean. Ormaiztegin jaiotako jeneral karlista eta bere zonbi txapelgorriak Patxi Lopezen aurka altxatzen diren bitartean, Partido Nacional Vampirico (PNV) alderdiko buruzagiek beren hegemonia arriskuan ikusiko dute eta erabaki serio bat hartuko dute. Agirre lehendakaria berpiztea. Horrela sortuko da karlisten eta jeltzale banpiroen arteko norgehiagoka bortitz eta odoltsua.
Dudarik ez dago disparate hutsa dela lerro hauen gainean kontatutakoa. Disparate ederra inondik ere! Bigarren filma gauzatu ahal izateko 700 euroko aurrekontua soilik izan dute eskura. Grabaketak larunbat goizez egin dituzte, aktoreen jai-egunetan eta kamera bakar bat erabiliz. Mikrofonoak erratz-makila batean zintzilikatuta, asmamenari esker produktu fresko eta dibertigarri bat egiteko gai izan dira. Oso baliabide urriekin produktu deigarri bat egin dute eta, batez ere, ikusleoi gogotik barre eginarazi.
Zinematik etxera bidean nindoala, nire golkorako barrez, poza eman zidan pentsatzeak badagoela oraindik ametsak gauzatzeko indarrik. Badagoela erokeriak gauzatzeko adorea duen jende burutsurik. Baliabide gutxi izanagatik –garai zail hauetan– sormenari hesirik jartzen ez dioten idazle, musikari, margolari eta eskultore ugari dagoela, alegia. Haiei esker jasaten ditugu errazago bizitzaren gazi-gozoak. Batzuetan gogoeta eta kritika sakonei esker, beste batzuetan edertasunaren eta estetikaren distira hutsarekin eta, sarritan, inguruan daukagun errealitate gordinari burla eginez.
Beharrezkoa baita hori ere, norbere buruaz barre egitea. Herri honetan traszendentzia handiz bizi izan dugu gure historia, hizkuntza eta eguneroko bizitza. Batzutan gure buruari adarra jotzea zer den ahazteraino. Bizitzak ezin du izan fribolitate hutsa eta arinkeria zabarra, baina oso sanoa ere bada bromarako eta auto-zirikatzeko zirrikituak bilatzea. Hori erakutsi digute beste behin Zumalakarregi eta Agirreren zonbiek.
Argi ibili, gainera, oraindik Ataun of the dead trilogiaren hirugarren kapitulua iristeko dago eta. Hurrengo filme horretan, ezker abertzaleko militanteek Nafarroako errege zahar bat berpiztuko dute aidanez, Zumalakarregi jeneralaren hegemoniari aurre egiteko. Aurreko zonbiak sortzeko kutsatutako Idiazabal gazta erabili badute, oraingo honetan Lodosako piperrak erabili beharko dituzte agian…
Joseba Imaz Gantzarain (Kazetaria)