Begiak itxirik, parean dudan kafe kikararen usai dantza barneratzen zait eta gozamenean lasaitzen zait gorputza. Arima ere bai.
Kafe hutsaren apar sendoak oroitzapen goxoak dakarzki nirera, alboan, banandu ezin diren bikotea bailiran, kafea eta oroitzapenak. Dantzan hasi zaizkit une ederrak, aspaldikoak eta atzokoak eta edari nostalgikoaren lehen dastamenarekin… Agian gerokoak izango ditudan oroitzapenak ere bai. Laster hasi naiz nere imajinazioan geroa margotzen, hutsaren oihal zurian, oroitzapenak eskuartean eta bizipen ederrak errepikatu asmoz, amestuz.
Kolorez orrazten ditut lehen tentazioak, musikarenak, eta emozioz gogoratzen ditut lagunak kantari, begi zabalik eta parean dutena ezin sinetsirik. Garagardoen joan etorria, eskutik eskura eta irribarreen eskaini eta jasotzea. Jaialdi ederra izan zen hura, dudarik gabe eta besarkada batean bildu ginen 6 lagun. Libertatearen sentimendua areagotzen duen une horietako bat bizi genuen eta berriro ere emango da!
Irrifartxo bat ageri zait ezpain alboan.
Margotzen hasi naiz gogotsu, nere iraganaren une ederrak eta izango direnak. Eskuetan kolore bustiak antzematen ditut ilusioz, ume baten ezinegonaz, nere imajinazioan den lientzoa ausardiaz onartzen dut. Alde batetik bestera kolore deigarriak, pailazoen aurkezpen anarkiko baina zentzuduna, umeen arreta osoa jaso eta beraiekin jolasten duena jajaja. Hortxe det semea memorian, auzo antzerki batean, dohainik izan den antzezlanari so eta preziorik ez duen espresioan, ahoa ezin itxirik, harrituta eta liluratuta.
Jajaja nabarmen egiten dut parre neurean, oroitzapen horiekin.
Penaz ere begiratzen diot margotu nahi dudan geroa kulturalari, bai, horretaz baitoa kontakizun hau.
Ezinaren eta bakardadearen grisa barneratzen zait aurreko astean Andrés lagunarekin gozatutako kontzertua oroitzean. Inglaterratik etorritako talde bikain baten kontzertua eskaini zitzaigun gipuzkoar areto batean. 10 euro sarrera eta ordu eta erdiko saioa, itzela indartsua eta gertukoa. 70 pertsonek gozatzeko parada izan genuena.
Baita Jon-ekin Motz tabernan (taberna dexentek eskeintzen duten eta oparitzen diguten bezala) ikusitako azken kontzertua, debalde eta 15 lagun bildu zituena edo semearekin Amara auzoan gozatutako doako umeentzako antzerkia ere; liburutegietan izaten ditugun ipuia kontalariak edo tailerrak (eskulan, literaura, musika, arte eszenikoak…), liburu, komiki, musika eta filme eskaintza zabala…
Agenda kulturalei so egiten diet, gida, Donostia kultura, kmon, kafe antzokia, kulturweb, noiz, egukarietako asteburu programazioa… eta zur eta lur geratzen naiz.
Grisa, grisa da horrenbeste kolore artean kulturaren Bez -a igotzea, baina are beltzagoa marmarka jardun eta Acdc, Springsteen, BBK LIVE eta horrelakoek bakarrik betetzea aretoak edo jaialdiak. Tristea kexu jardutea eta doakoak ez eskertzea edo prezio sinbolikoetan eskaintzen direnak ez gozatzea. Etxetik, zure sofatik irakurtzen didazunari esaten dizut, telebista aurrean orduak ematen dituzunari, mugi ipurdia eta zoaz, gozatu eta jantzi zure oroimenen koadroa, gaur duzu biharra oroiminez janzteko unea, lagunekin, semearekin edo bikotearekin eta ez pentsa ez dela ezer eskeintzen, Bez-aren igoerak eskusa dela (%21-ak sarrera normal batean euro 1 suposatu du).
Eta batez ere aupa altruistaki zuen lokaletan gozatzeko aukera ematen diguzuenoi, Gaizka, Iñaki…. Nire kultura lagunei, muxu, dudarik gabe.