Zumarragako herria baserri udalerria izan zen hasieran. XV. mendearen hondarrean eta XVI. mendearen hasieran, mendi aldeko bizimoduaren zailtasunek bultzatuta, zumarragarrak bailarara jaisten hasi ziren. Eitzaga auzoa sortu zuten lehenengo, eta auzoarekin batera Santa Engrazia ermita eraiki zuten 1540 inguruan.
XVIII. mendean ermitari izena aldatu zioten eta San Gregorio izena erabiltzen hasi ziren. Orduz geroztik, izen horrekin ezagutzen dute zumarragarrek Eitzaga auzoko baseliza.
Harria eta egurra dira tenplua egiteko erabili zituzten materialak. Bi isurialdeko teilatua duen oinplano angeluzuzeneko baseliza da, eta barnealdea hiru nabek osatzen dute.