Gorka Azkarate
Iparra-Hegoa egitasmoaren edizio berri bat ospatu da azkeneko asteetan Seguran. Orain arte egitasmoaren entzuera bai, baina barru-barrutik ezagutzeko aukera aurten izan dugu estrainekoz. Benetan harritu nauela ezin ukatuko dut, Nerea. Harritu, zentzu onean, noski. Giro ikaragarria, sekulako mugimendua eta txapela kentzeko moduko antolakuntza. Egitasmoaren helburuak, Euskal Herriko lurralde ezberdinetako biztanleen arteko harremanak sendotu eta bultzatzea, iparraldeko eta hegoaldeko euskaldunen arteko loturak estutzea, zehatzago esanda.
Kantu, dantza, bertso… era guztietako agerpen kulturalak biltzen ditu Iparra-Hegoak bere baitan, eta segurarrek ez ezik, Goierriko beste herrietako jende askok ere hartzen du parte bertan.
Horrelako dinamikak benetan txalogarriak direla ez al duzu uste, Nerea? Mugaz alde bateko eta besteko hainbeste euskaldun batera ikusteak, non eta Goierriko bihotzean kokatzen den Segura bezalako herri txiki batean, zer pentsatua eman zidan niri behintzat: zenbateraino ezagutzen dugu elkar iparraldeko eta hegoaldeko, hegoaldeko eta iparraldeko, euskaldunek? Festa giroan urtean zehar tarteka elkartzen garen arren, egunerokoan zer daukagu amankomunean? Ezer gutxi, esango nuke. Baina nola aldatu hori? Badakit formula magikorik ez dagoela eta egoera den bezalakoa dela, baina polita litzateke elkarrekiko gertuago sentitzeko arrazoiak bageneuzka; ez litzateke seinale txarra izango hori…
Nerea Elustondo
Hemeretzigarrenean ezagutu duzu, aidanez! Ederra da Seguran sortzen den giroa, ezta? Bejondeiela zopajaleei! Ingurukoek badugu zer ikasia eurengandik. Euskararen Herrian sinesten dugunontzat, topaleku bikaina da zalantzarik gabe. Energia txute bat, bertaratzen denarentzat. Nik kale egin dut aurtengo edizioan, baina imaginatzen zaitut Kuxkuxtukoen erritmoan «Zazpi ahizparen gai den oihala, ebakirikan erditik, alde batera hiru soineko, utzirikan lau bestetik…» tonu guztietako ahotsekin batera eztarria urratu beharrean kantari. Gure zauriari kantari, alegia.
Iparra eta hegoa, batzen gaituena ospatzen. Halako dinamikek gogorarazten digute, mugak muga eta oztopoak oztopo, gure egunerokotasunek badutela zerbait amankomunean: euskara eta euskaraz bizi nahia.
Eta hala ere, arrazoi duzu. Salbuespenak salbuespen, gutxiegi ezagutzen dugu elkar Bidasoaren bi aldeetako euskaldunok. Ez da kasualitatea, noski. Denok ere, ez gaude alperrik hainbeste urtetan beste batzuen menpe. Bizi garen tokietan bizi gara eta kontsumitzen duguna kontsumitzen dugu. Badira mugak, oharkabean kasi, nahi gabe, lekuz mugitzen ditugunak. Goierrin bertan, gehienok izango gara Esperanza Agirrek udaltzainekin izandako topaketaren jakitun. Baina, badakigu Jean Rene Etchegaray nor den?
Iparra-Hegoa bezalako egitasmo asko beharko ditugu…