Igor Susaeta
Zein bide egiten dute tribuna honetan zuk eta nik idazten ditugun hausnarketek? Norbaiti inporta al zaizkio? Irakurtzen al dira? Inork mehatxatu al zaitu hau edo bestea idatzi duzulako? Inork seduzitu al zaitu ezdakitzein hitz erabili zenuelako? Egurtu al zaitu kaputxudunen batek gaueko orduko txikitan edo eguzki galgatan?
Bi hilabetez behin idatzi behar honek ez dakit zentzurik ba ote duen. Esan nizun, bai, zuri tokatzen zitzaizula, eta kasurik ez zenidan egin! Beraz, hemen nago, lanean, larunbatez, eta ordenagailuko ordularia esaten ari zait 19:08 direla. Ordu egokia hausnarketa sakonenerako, Unai. Horregatik beragatik, ia beti bezala, bi hilabetero moduan, ez dakit zeri buruz idatzi.
Nola izan gaitezke polemiko, Unai? Nola lortu lauzpabost iruzkin GoiBerriko webgunearen gure espaziotxoan? Jon Artolak eta Mikel Alvarezek idatzitako aurrekoak bazuen, ene uste apalean, polemikarako gaia, eta hari ere ez zioten iruzkinik egin —igual twitter-era zabaldu beharko dugu Bat eta Bat hau?— Onartu beharra daukat, halere, eztabaida sortu duela nire inguruko fororen batean edo bestean. Beraz, Unai, erantzun zerbait sorraraziko duena, esaterako, halako zerbait: «Baina ze ostia esaten ari da hau!»
Unai Kerejeta
Lehenik eta behin, barkamena eskatu beharrean nago; zuri Susaeta jauna, GoiBerriko langileei eta baita irakurle orori ere.
Guri tokatzen zitzaigun testua idaztea duela pare bat aste eta kale egin nizuen. Begira nola diren gauzak, (idatzi genuen behin komunikazio-inkomunikazioaren inguruan) WhatsApp-az eta hotmail-az eta hala ere kale! Pasa egin zitzaidan data eta konturatzerako berandu zen. Ez da berriz pasako!
Zure aste honetako hausnarketak zer pentsatua eman dit eta zurekin erabat ados nago, Susaeta jauna. Nik ere baditut zure inpresio horiek. Behin ia-ia egurtu ninduten Urretxuko bi lagunek Ehunmiliaken inguruan idatzi ondoren; gainerako idatzien inguruan ez dit inork aipamenik egin eta hamaika egin ditugu honezkero!
Askotan pentsatu izan dut testu batean «badakizue Pepito kabroi bat dela?» jartzea, eta jendea aztoratzen den aztertzea, ea kalean zerbait esaten didaten, irakurri dutenaren seinale izango zen behintzat.
Pentsatzen dut baita ere, denbora pasa ahala, eta inork irakurtzen ez gaituela ikusita, gero eta zailagoa egiten zaigula idaztea. Ez al zaizu horrela dela iruditzen?
Beraz, GoiBerrin irakurle zaren horrek badakizu, Susaetak eta nik ere eskertuko genukeela gure testua irakurri duzuela esango bazenigute, ados ote zaudeten, sekulako astakeria bota dugula… Horrela, hurrengo idatzirako gaur falta izan zaigun indarra berreskuratuko genuke.