Andoni Berriotxoa Lubaki-k (Urretxu, 1982) haurra zenetik izan du argazkigintzarako jakin-mina. Egun, argazkilari profesional gisa irabazten du eguneroko ogia. Denetarik egiten duen arren, bere berezitasuna gerra argazkilaritza da, eta batez ere, horregatik egin da ezagun. Nazioarte mailako hainbat sari ere jaso ditu egindako lanaren ordainetan.
Telebistarako eta gobernuz kanpoko erakundeentzako egiten du lan. Bere argazkiak munduko egunkari eta aldizkari garrantzitsuenetan ere argitaratu dira: Nesweek, International Herald Tribune, Washington Post, The Guardian eta New York Times, batzuk aipatzearren. Berriki Urretxun antolatu den gerra argazkilaritzari buruzko jardunaldian ere parte hartu du.
Herrian zure lanari buruz hitz egiteko aukera izan duzu orain gutxi.
Ilusio handia egin dit herrian hitzaldi bat egin ahal izateak. Beste batzuetan egin dudan bezala, nire hitzaldia Alepon (Siria) egon nintzeneko ikus-entzunezko batekin hasi nuen. Ondoren jendeak galderak bota ditzan saiatzen naiz. Izan ere, egunkarietan argitaratzen den horretaz harago, jendeak nazioarteko gaien inguruan jakin-mina baduela konturatu naiz. Egunkariek ez dute benetan gertatzen ari dena bere osotasunean azaltzen.
Argazkilaritza beti izan duzu gustuko?
Argazkiak ateratzea beti gustatu izan zaidala esan daiteke. Gogoan dut, ikastolarekin haurra nintzela Baigorrira (Nafarroa Beherea) egindako irteera bat. Aitari bere argazki kamera baino ez nion eskatu bertara eramateko. Hamabi argazkiko kamerarekin joan nintzen eta lehenengo ordu erdian amaitu nuen karretea. Gero, 19 urte nituela Gorka Salmeron argazkilari legazpiarrak Urretxuko kultur etxean argazkilaritzari buruzko ikastaro bat eskainiko zuela jakin nuen, eta izena eman nuen.
Esan daiteke, beraz, Salmeronek bultzatu zintuela argazkilaritzara?
Asko zor diot Gorkari. Agian, une hartan beste irakasle bat izan banu gaur ez nintzateke nagoen lekuan egongo. Gorkak argazkilaritzaren oinarriak irakatsi zizkidan, baina hori baino gehiago, argazkilaritzarako grina ere berari esker neureganatu nuen. Gerora ere argazkilari ezberdinekin aritu naiz, baina ez dut inoiz Gorka bezalako batekin topo egin. Argazkigintzako nozioak ikasi nituen berarekin, baina gero beti askatasuna ematen zidan nik nahi nuena egiteko.
Noiz konturatu zinen argazkilaritzatik bizi nahi zenuela?
Bidaiatzea ere asko gustatu izan zait beti. Anaia eta biok Land Rover zahar batean Saharako desertua gurutzatu genuenekoa dut gogoan. 70 karrete gastatu nituen bertan, eta argazki asko atera nituen. Argazki haiek nik errebelatu nituen gero Urretxuko kultur etxean dagoen estudioan.
Ez da hori, dena den, Saharara egin duzun bidaia bakarra.
2010ean berriz itzuli nintzen. Manifestazio batean nengoela 18 urteko gazte batek hanka bat galdu zuen pertsonen kontrako mina bat zapaldu eta gero. Argazki haiek aterako aukera izan nuen , baita gero zenbait argitalpenei saltzeko ere. Argazki haiek argitaratzetu eta gero, Danimarkako gizonezko bat nirekin jarri zen harremanetan. Nire argazkiak ikusi zituela esan zidan eta gazte hari laguntzeko asmoa zuela, berarekin harremanetan jartzeko eskatuz. Orduan konturatu nintzen, argazki batek, bere xumean, gauzak aldatzeko ere balio dezakeela.
Ordutik beste hainbat bidaia eta esperientzia ere bizi izan dituzu.
Nigan eragin gehien izan duen bidaietako bat Birmania eta Tailandia artean dagoen Karengo lurraldera egindakoa da. Oso esperientzia gutxirekin joan nintzen bertara, zer egin nahi nuen ere aurrez jakin gabe. Bertara iritsi nintzenean Karenen gatazka luze bat zegoela konturatu nintzen, munduko zaharrenetakoa, nahiz eta telebistan agertu ez. Hastapen bidaia izan zen, batez ere, niretzat. Argazkilari asko ezagutzeko aukera izan nuen bertan, eta han ateratako argazki bat Sueziako aldizkari anarkista bati saldu niola gogoratzen dut. Prezio oso onean gainera. Han egindako lanak, hemen agentzietan nire burua ezagutzera emateko balio izan zidan, batez ere.
Gatazkak dauden lurralde gehiagotan egoteko aukera ere izan duzu.
Iraken, Argelian, Marokon, Saharan, Egipton, Sirian, Turkian… izan naiz. Baina Karenera egindako lehendabiziko bidai hartan ez bezala, orain lan egin behar dudan lurraldearen gaineko informazioa biltzen dut aurretik. Internet bidez, liburuak irakurriz edo bertako literaturan sakonduz, adibidez. Hango kazetariekin ere kontaktua egiten dut aurretik, nolabait beraiek direlako behin han zaudela bideratuko zaituztenak.
Zer da eremu honetan mugitzen den argazkilari batek gogoan eduki beharrekoa?
Batez ere, oso garbi eduki behar da beti, argazki bakar batek ere ez duela zure bizitza arriskuan jartzea merezi, argazkia oso ona izanagatik ere. Bestalde, benetako gatazka editoreekin izaten dugu. Errazagoa da askotan Siriako frontea gurutzatzea, bertako editore bati argazki bat saltzea baino.
Euskal Herriko beste argazkilari batzuekin batera Bostok argazki agentzia sortu duzu.
Argazkilaritzaren eta kazetaritzaren mundua digitalizatu denetik asko aldatu da, eta Bostok garai berri horietara moldatzeko apustu bat da. Denetik egiten dugu, baina egunerokotasunari baino gehiago argazkien bitartez zerbait kontatzeko beharrari ematen diogu pisu gehiago. Orain, adibidez, herri kirolen inguruko erreportaje bat egin behar dut Ingalaterrako enkargu bati erantzunez.