Eneritz Gorrotxategi
Udaberriko oporraldi labur honetan turisten bisita izaten dugula eta, ulertzekoa da inguruko txokoetako propaganda atzerriko hizkuntzetan topatzea. Baina arrazoi hori albo batera utzita, azken aldian ez dakit ez ote dudan maizegi entzun inguruko erakunde, talde edota hainbat ekintzen izena, ingelesezko hitzekin adieraziz: Basque, Center, Group… Horrelako hitzak ia egunero topatzen ditugu. Ez dut esango nazioarteko kutsua duten erakunde, talde eta abarrentzat gaizki dagoenik, baina gu nor garen adierazteko ez dut uste dena ingelesez egitea beharrezkoa denik.
Euskaldunak saltzaile kaxkarrak omen gara, baina euskaraz komunikatzeko, bizitzeko, gozatzeko, maitatzeko eta jolasteko gai baldin bagara, nor garen ere euskaraz esan genezake, ezta? Garbi baldin badugu nortzuk garen, nondik gatozen eta nora goazen, euskaraz ere izango dira bada hitzak hori adierazteko? Nik behintzat kantu hark zioen eran, euskalduna nahiz eta harro nago esaten jarraituko dut!
Ion Muñoa
Ni ere euskalduna naiz eta harro nago (nahiz eta euskaldunon artean sarri askotan entzuten den «gora gu ta gutarrak»-i darion harrokeria kutsua ez dudan maite), baina zoritxarrez ez daukat hain garbi nortzuk garen, nondik gatozen eta, batez ere, nora goazen. Oporraldiak emandako astiaren probetxuan, Jon Sarasuaren Hiztunpolisa irakurtzeko zortea izan dut. Ez naiz gai hark liburuan planteatzen dituen ideia eta hausnarketa nagusiak lerro gutxian adierazteko (seguruenik lerro asko erabilita ere ez), baina esango nuke euskaradunon komunitateak etorkizunera begiratzeko argi-printza direla haren ideiak eta arnasbide haren galderak. Ez dut Sarasuaren hitzetan egia osorik jarri nahi, baina haren planteamenduek utzi didaten aho-zapore eta barne-nahasmenetik ari naiz hitzok idazten, eta nahitaez aipatu beharra dut (eta nola ez! denoi gomendatu irakurketa).
Ni ez ninduke bereziki kezkatuko Basque, Research, Exhibition, Fashion, Business eta halakoen erabilerak, euskaraz pentsatzen duen batek herria, produktua, zerbitzua edo dena delakoa munduan zehar saltzeko badarabiltza. Uste dut normaltasunez hitz horiek kanpora begira erabiltzeak ez diola berebiziko kalterik egiten euskarari; eta aitzitik, onurak ekar diezazkigukeela euskaldunoi. Dezentez gehiago kezkatzen nau, ordea, norbaitekin ondo konpontzen garela esateko feeling ona daukagunean, norbaiti erantzutea feedback-a ematea bihurtzen denean, edo egiaztatzeko checking bat egiten dugunean. Badirudi halakoetan, trendy-a Mendebaldeko hizkuntza hegemonikoa dela eta harrotasunez bizi dugun gure euskara ustez hain maitea ez dugula joeran jartzen; bai agian jo-eran.