Aurten beteko dira 25 urte Mariren jaitsiera antolatzen hasi zenetik Beasaingo jaiei hasiera emateko. Hogeita bosta beti da zenbaki biribila, bikote baten bizitzan, edozein elkarte, eskola edo enpresaren ibilbidean, eta alde horretatik zorionekoak sentizeko moduan gara beasaindar guztiak. Hala ere, esango nuke Mariren jaitsieraren arrakasta handiena ez dela, hain zuzen, 25 urte betetzea, baizik eta jende asko eta asko ez jabetzea, ez gogoratzea, ez ohartzea urte horiek igaro direla; irudipena izatea betidaniko ospakizun baten aurrean gaudela, denboraren tunelean sartu eta erroak antzina-antzinakoak balitu bezala. Eta beharbada hala da, neurri batean.
Mariren jaitsiera moderno hau, 80ko hamarkada amaieran pentsatu zuten Iñigo Egurenek eta Pello Urretabizkaiak, eta Arrano elkartearen babesean eraman zuten aurrera, udalaren onespenaz eta hainbat elkarteren eta herritarren laguntzaz. Gure gaurko begietara Gasteizko Zeledonen jaitsiera gogorarazten badu ere, Pirinio aldean ikusitako ospakizun batek piztu omen zien ideia bi lagunei, eta Beasaina ekartzea pentsatu; geroztik, Beasaingo ikuskizunean inspiraturik, inguruko hainbat herritan ere antzeko funtzioak egiten dituzte festen atariko gisa: Seguran Zopa-pertzaren jaitsiera, Idiazabalen Axeriarena, Mutiloan Txerriarena, Zaldibiako gazte festetan Arkakusoaren jaitsiera…
«Mari; mito zabalagoetan, ama lurrarekin
lotzen den jainko nagusia litzateke»
Mari betidanikoa, berriz, herri ipuin, istorio eta leiendetan bizi izan da. «Muruko damea» deitzen zaio gure inguruan, Euskal Herriko beste hainbat bazterretan tokian tokiko izenak dituen arren: Aketegiko (Aizkorriko), Txindokiko (Aralarko), Anbotoko… Gure herriko elezaharretan, kristautzeari uko egin eta mendian bizitzea aukeratu zuen emakume gisa agertzen zaigu Mari; mito zabalagoetan, ama lurrarekin lotzen den jainko nagusia litzateke, aspaldiko euskal mitologiako izaki gorena.
Interpretazio antropologikoetan sartu gabe ere, Mariren jaitsiera ospatuz garai zaharren eta berrien arteko lotura adierazten dugu, lehengo eta gaurko euskaldunen jarraipen naturalaren sinbolo gisa. Hori baino inportanteagoa iruditzen zait, ordea, gure iragana interpretatzeko askatasuna izatea eta, batez ere, gure etorkizuna sortzeko eta asmatzeko gauza izatea. Tradizio baten indarra ez baitago errituaren betikotasunean, ezpada hura biziarazten duten gizon-emakumeek tradizioa moldatzeko eta aldatzeko duten ahalmenean.
Beraz, Marik iraun dezala beste 25 urte herrira jaisten eta festa onak opatzen, oraingo moldean edo beste batean, unean uneko beasaindarrek nahi duten moduan.
Eta festak hasteko aste gutxi falta denez, apur bat aurreratuz, ondo-ondo pasa, beasaindar nahiz goierritar guztiok!
Xabier Mendiguren Elizegi
(Idazlea)