Zegamako Xabier Gereñu Brasilgo Rio de Janeiro hirian bizi da 2013ko otsailaren 1etik. Ulma Constructioneko langilea da eta bost urterako Brasila lanera joateko eskaintza egin zion enpresak delineatzaile proiektugileari. «Leku berriak, kultura berriak eta esperientzi berriak bizitzea atsegin dudala gogoan harturik, eta batik bat, inguruko egoera kaxkar eta tristeak bultzaturik, animatu nintzan Brasilgo esperientzia bizitzera», dio Gereñuk.
Enpresaren eskaintza onartuta, Zegamako etxetik irten eta 21 ordura i ritsi zen Rio de Janeiroko bizileku izango zuen hotelera. «Europa eta Amerika banatzen dituen ‘putzua’ aldiren batean edo bestean zeharkatua nuen, baina hainbeste ordu hegazkin baten barruan egon gabe nintzen… hezur, muskulu eta, batik bat, bizkarrak izena galtzen duen leku horretako minez iritsi» zen Riora.
Aldaketa, nabarmena izan da Gereñuren bizitzan: «1.400-1.500 biztanleko herria batetik 6 miloi-6.5 miloi biztanleko metropoli batera etorri nintzen.Tira, aldaketa ‘txiki’ bat».
Aukeren herria
Ekainean futboleko Munduko Txapelketa eta 2016. urtean Olinpiar jokoak jokatuko dira Brasilen. Eraikuntza lanak erakarrita, atzerritar ugari joan da Brasilera lanera. Batez ere, «alemaniarrekin, frantziarrekin, ekuadortarrekin eta portugalderrekin» egin du topo. «Aldiren batetan Immigraziora joan beharra izan dudanean atzerritar asko eta asko elkartzen gara bertan. Herrialde eta kontinente guztietako pertsonak ikusten dira bertan».
Aukera asko ematen dituen herrialdea da Brasil, eta euskal enpresa dezentek ireki dituzte enpresak bertan. Baina hori bai, «gehiengoak São Paulo hirian irekitzen ditu ateak. Gogoan hartu behar dugu São Paulo dela Brasilgo finantza zentrua, eta aukera gehien ematen duen hiria», zehaztu du.
Olinpiar jokoak
Bi kirol ekitaldi garrantzitsu horiek Brasilen jokatzekoak badira, Gereñuk espero zuenaren aurka, brasildarrak ez daude oso gustura. «Brasildarrak oso futbolzaleak direla banekien etortzerako ere, eta arrazoi horrengatik nik uste nuen jendea oso pozik egongo zela Futboleko Munduko Txapelketa eta 2016ko Olinpiar jokoak bertan izango direlako. Baina, iritsi orduko konturatu nintzen jendea ez dagoela oso gustura egin behar izan duten inbertsioekin edo gastuarekin». Lankide eta futbolzale amorratu batek ireki zizkion begiak Gereñuri: «Berak esan zidan Rioko Marakana estadio ospetsuan finala jokatzen arituko diren momentuan, futbol zelaitik 200 metrotara dagoen ospitalean gaixoak sendatzeko medikurik ez dela egongo. Nik uste dut momentu horretan hasi nintzela Rioko eta Brasilgo arazoetaz jabetzen», aitortu du.
Protestak eta tentsioa
Protesta eta tentsio giroa bizi da Brasilen. Mediku falta salatatzeko izan ziren protesta haien ondorioz, «atzerritik mediku asko etorri ziren, eta medikuak Brasilgo hiri eta une ezberdinetara iritsi ziren. Medikuak iritsi ondoren, arazoa medikuen eta gaixoen arteko komunikazioa bihurtu zen. Baina tira, pausutxo bat eman zela ematen du».
Dena den, Gereñuk aurreikusten duenez, «brasildarren iritziz Futboleko Munduko Txapelketan berriro protesta gogorrak egongo dira». Izan ere, «brasildarrek uste dute, non inbertitua badagoela horrelako ekitaldietan inbertitu aurretik. Osasunean, hezkuntzan, segurtasunean… jendeari bizitza duin bat izateko aukerak ematea, hitz batean».
Gereñuren esanetan, dena den, «Brasilgo Gobernuak dio diru iturri gehiena pribatua dela. Olinpiar jokoetarako egingo diren eraikuntza asko gerora begira probetxua ateratzeko pentsatuak izan direla ere esaten du». Baina, brasildarrek ez dute hori horrela denik sinesten. Adibidez, «osasun publikoa oso kaxkarra da. Ez dago medikurik, ez dago gaixoei aurre egiteko eraikuntza duinik», zehaztu du. «Guk ezagutzen dugunetik oso ezberdina da Brasil. Garapen bidean dagoen herrialde bat dela ez dugu ahaztu behar, eta hori osasun arloan oso nabarmen antzematen da».
Desberdintasun sozialak
Desberdintasun sozial handiko herrialdea da Brasil Gereñuk behin eta berriz azpimarratu duenez. «Jende asko bizi da 200 – 300 euroko soldata batekin. Bestalde, gaur ingeniaritza amaitu duen pertsona bat, bihar ingeniari lanean hasten bada ia 2.000 euroko soldata du. Beraz, hor hasten da desberdintasun soziala». Dena den, desberdintasun sozial horrek hezkuntzan duela jatorria dio: «Oinarrizko hezkuntza publikoa kaxkarra dela diote eta pribatua, berriz, ona. Gero, berriz, unibertsitate publikoa ona dela diote eta pribatua kaxkarra, baina unibertsitate publikorako sarrerarako notarik onenak pribatuan ikasi dutenek lortzen dituzte. Beraz, dirua duenak hezkuntza ona jasotzen du eta ez duenak arazoetan jarraitzen du», azpimarratu du. Dena den, «jenderik txiroenak ere unibertsitate publikora sartzeko aukera izan dezan ari dira lege eta araudi batzuk egiten, baina gai konplexua da», gaineratu du zegamarrak.
Lan baldintzen gaiarekin lotuta, soldata txikiak izanagatik aipagarriak diren hainbat abantaila ere badituzte brasildarrek: «Enpresak langileei garraio publikorako txartela, otorduetarako txartela… ematen dio, debalde batzutan, oso diru gutxiren truke beste batzutan. Enpresa guztiek gosaria ere ematen die langileei lantokian bertan. Hau da, guk ezagutzen ez ditugun abantaila batzuk badauzkate».
Itxura ona eman
Gereñu zegamarraren ustez , brasildarrek bi kirol ekitaldi garrantzitsu horiek aprobetxatu beharko lituzkete. «Momentu honetan, lana ekarri du. Rio hiri osoa obretan dago eta horrek lan asko ekarri du».
Gerora begira ere, «nire ustez Brasilek eta Riok itxura ona eman beharko liekete munduari», etorkizunean turista gehiago eta, batez ere, atzerriko inbertsoreak erakartzeko. «Rion eta Brasilen dena dago egiteko, baina Brasilek izugarrizko potentziala du». Hori dela eta, «bi kirol ekitaldi horietan protesta eta istilu asko egoten bada, luzera begira, Brasilen, Rio de Janeiroren, eta azken batean bertako hiritarren kalterako izango da». Azken batean, «dirua kanpotik etorri behar dela iruditzen zait, eta ez soilik bertan dutena beraien artean banatu».
Hiri polita eta atsegina
Kontraste handikoa da Brasil Gereñuk ezagutzera eman duen bezala. Paisaiari dagokionez ere bai. «Rio oso hiri polita da; itsasoaren eta mendien arteko kontrastea izugarria da». Hiri turistikoa eta atsegina da: Iguazuko ur jauziak «ikaragarriak» dira, eta «Ipar ekialdeko kostak izugarrizko fama du».
Hori guztia, «klima onarekin». Urte eta ia hiru hilabetean, «dozenerdi bat aldiz jantziko nuen jertseren bat, ez gehiago, eta praka luzeak… lanerako bakarrik edo gertaera bereziren batetatarako», zehaztu du. Hondartzara joan zaleak dira kariokak –Rioko herritarren ezizena–, «30 gradutik gora egiten badu, hortik behera eguraldi hotza egiten du hondartzarako», zehaztu du.
Rio de Janeiro eta bertako kultura ezagutzen ari da pixkanaka zegamarra. «Oraindik Rio de Janeiro hirian makina bat gauza aurkitzeko eta ezagutzeko dauzkadala iruditzen zait. Eta ziur nago, sekula ez dudala hiria nahi bezain ondo ezagutuko, beti geratuko zait zerbait lainopean».