Zein amets ederra, langileen semeek Oinarrizko Batxilergoa ikastea, industria ikasketak egitea peritutza helmuga izanda, edo administrazio buru izateko prestatzea hizkuntzak eta kontabilitatea ikasiz, hori guztia garraiobide garestietan dirurik gastatu gabe eta etxeko ekonomiaren kalterako gasturik sortu gabe». 1957an idatzi zituen hitzok Eustasio Lopezek, Beasain Festivo urtekarian. Bailarako gazteei ofizio bat irakatsiko zien gran colegio bat eskatzen zuen Lopezek, «dorre altuekin, ikasgela garbi eta zabalekin, jolaserako patio handiekin eta aisialdirako gune eroso eta atseginekin».
Kronista beasaindarraren testuaz oroitu naiz egunotan, Goierri Eskolaren 50. urteurrenari buruzko azken berriak irakurtzen ari nintzen bitartean. Omenaldiren bat eta bilkura esanguratsu batzuk salbu, nahiko modu xuabean, ari dira ospatzen urtemuga. Apaltasun horrek, baina, ez gintuzke eraman behar mende erdiko ibilbidean pilatutako balioak ahaztera. Aitzitik, irakaspen horiek identifikatzeko momentu egokia da honako hau.
Harrigarria da Goierriko Eskola Profesionala 1963. urtean jaio izana. Gerra ondoreneko lozorrotik esnatzen ari zen garai hartan eskualdeko gizartea, frankismoak ezarritako egitura hertsien artean. Testuinguru gris eta zail horretan loratu zen Lanbide Eskola. Ordurako jendartean nabariak ziren zenbait aldaketa. Ekonomia ziztu bizian ari zen hazten eta goierritarrek tailer eta enpresa ugari zabaldu zituzten. Espainiatik eta gainontzeko euskal herrietatik langile asko iritsi zen. Eta horrek guztiak behar berriak sortu zituen bailaran. Begibistakoena, etxebizitzen beharra.
Etorkizuneko langileak arlo teknikoan heziko zituen erakunderik ere apenas zegoen eta, gainera, oinarrizko eskolak amaitu ondoren ikasten jarraitzeko aukerak oso urriak ziren. Gabezia horrek esnarazi zuen Goierriko gizartean bertan, Lanbide Eskola bat sortzeko bultzada. Frankismoaren ordezkariek garaiko arazoei aurre egiteko zuten gaitasun eta ardura falta ikusita, eskualdearen aldeko lanari ekin zion herritar talde batek. Horretarako, gainera, erregimen frankistak hobetsitako egitura bat baliatu zuten: tokian tokiko familiaburuen elkarteak.
Bultzagile horiek enpresekin elkarlan estua saretzeko gai izan ziren. Eta elkarren artean, enpresariak eta herritarrak, eskola profesionala sortzeko adinako adostasunetara iritsi ziren 1960ko hamarkadaren hasieran. Gaur egun zail ikusten dugun kontua da, enpresarien eta langileen arteko kolaborazioa. Baina orduan ez ziren orain baino errazagoak harreman horiek. Sorrera hartatik, ikastetxearen beraren DNAn egon da bailarako indar ezberdinen arteko kolaborazioa. Gaur egun, Goierriko udalek eta enpresek osatzen dute Goierri Eskolaren oinarrian dagoen fundazioa.
1963tik hona, ehunka eta ehunka ikasle pasa dira Goierri Eskolatik. Gazteen hezkuntzan, ezagutza teknikoen transferentzian, ikerkuntzan eta inguruko enpresen maila teknologikoaren mesedetan egindako lana aipatzekoa da. Beste hiru puntutan jarri nahi nuke arreta, ordea. Eskola profesionalak, hasieratik, ikasle orori formazioa eskaintzeko konpromisoa erakutsi izan du; nabarmentzekoa da, historia osoan zehar, ikasketetan aurrera egiteko arazoak zituztenei eskainitako arreta. Emakumea Lanbide Heziketan txertatzeko ideia ere hor egon da beti. Euskara Hezkuntza profesionalera eramaten, berriz, aitzindaria izan da Goierri Eskola.
Atzera begiratu eta Eustasio Lopezen artikulua errepasatuz gero, bistakoa da garai hartan imajinatutako zentroa eta gaur egungoa ez direla antzekoak. Hala ere, gizartearen beharrak asetzen eta inguruko baldintzetara egokitzen jarraitzen du ikastetxeak, herritarren, enpresen eta erakunde publikoen arteko kolaborazioa bultzatuz. Bazuen arrazoirik Lopezen ametsak, badu Goierrik merezitako gran colegio hori.