Beasaingo Udaletxean bildurik, Berdintasunerako Foroko Emakumeek ondoko gogoeta egin dute Espainiako Parlamentuan onarturiko abortu-lege berriari buruz:
Lege horrek oraindik jaio gabe dagoen izakiaren eskubideak defenditu nahi ditu, baina, horretarako, jadanik guztiz bizirik eta osatuta dagoen emakume baten eskubideak urratuz.
»Lege hori kamuflaje perfektua da menpekotasun matxista iraunarazteko, emakumeek euren gorputzei buruz erabakitzeko duten eskubidea deuseztatuz.
Lege horren helburua, emakumeek izandako ama-rola iraunaraztea da, emakume ororen nahitaezko betebeharrak amatasuna, etxea eta etxekoen zaintza… balira bezala.
Lege horren arabera bizirik dauden emakumeek ezin dute erabaki zer egin euren gorputzekin, nahiz eta hil ondoren pertsona guztiek euren organoen kontrola izaten segitzen duten, eta bizirik daudela baimenik eman gabe ezin zaien organorik erauzi, organo horiek bizitza bat salba dezaketen arren ere.
Gaur egungo krisi sozioekonomikoan, krisiaren eragina gehien sufritzen dutenak emakumeak direnean, lege hori oztopo handia da emakumeak garapen pertsonal osora irits daitezen. Gainera, ez da ahaztu behar enpresa askotan ez dituztela kontratatu nahi izaten haurdun geratzeko adinean dauden emakumeak.
Lege horrekin drastikoki murriztu nahi da Espainian egiten diren abortuen kopurua, baina horrela zifra ofizialak baino ez dituzte gutxiagotuko, klinika pribatuetara joateko baliabide ekonomiko nahikorik ez dutenak abortatzeko metodo desegokiak aukeratuko baitituzte, edota Portugal eta Frantziara emigratuko baitute abortatzeko.
Ez ote litzateke beharrezkoa ikastetxeetan kalitatezko heziketa sexuala eskaintzea, gure seme-alabek garapen naturala izan dezaten sexuari eta metodo antikontzeptiboei buruzko taburik gabe?
Gainera, legeak ez du bermatzen bizitza duinik oraindik jaio gabe daudenentzat, Estatuak murriztu egin baititu jadanik anomaliaren batekin jaiotzen direnentzako gizarte-laguntzak, gaur egun ere ia existitzen ez direnak.
Horrez gain, ez dago familia barneko benetako bizikidetza lortzeko politikarik, emakume langilea denbora luzeagoa egon ahal izateko familiarekin; eta egun osoz umeak zaindu nahiko balitu, gaur egun emakumeak ez dauka bermaturik berriro lanera itzuli ahal izatea.
Lege horren arabera, gizarteak errudun sentiarazten du abortatzea erabaki duen emakumea, legeak hiltzailea dela adierazten baitu. Libreki aborta daitekeen gizarteetan, ez da horrelako errudun-sentimendurik izaten.
Berez, emakume batentzat betidanik izan da zaila abortatzeko erabakia hartzea. Gehiegizko krudelkeria da emakumea kriminalizatzea, gure laguntza eta babesa eman ordez, batzuetan gure iritzia bestelakoa izan arren.
Beasaingo Berdintasun Foroaren adierazpena