Goierriko 30 urtetik beherako edonorentzat Zumarragako Ospitalea beti egon da dagoen tokian, eta hango kontsultetara zein larrialdi zerbitzura jotzea normaltzat dute. Ospitalea ez zegoen garaiarekin akordatzen dira zaharragoak, eta osasun arloan eskualdean zegoen gabeziarekin ere bai. Zumarragako Ospitaleak 30 urte bete ditu.
Miguel Calvillo ordiziarrak gogoan du 1970eko urteetan goierritarrek eskualde izaeraren aldarria egin zutenekoa: «Eskaeretako bat eskualde mailako ospitale baten eraikuntza izan zen». Orduan errepide nahiz garraio publiko bidezko komunikazioak zailak ziren hiriburuekin, eta han zeuden osasun zerbitzu handienak.
Goierritarrek Donostiako Insaluden –Espainiako orduko osasun zerbitzua– egoitzan 30.000 sinadura aurkeztu zituzten. Ez ziren gutxi izan bidean aurkitutako trabak eta egitekoak, eta aldarriaren oihartzuna goratzeko manifestazioa deitu zuten. Ordizian egin zuten 1976ko otsailean, eta Goierri osoko 30.000 lagun bildu ziren. Zortzi urte beranduago, Ernest Lluch garai hartako Osasun ministroak inauguratu zuen Zumarragako Ospitalea, Gipuzkoako eskualde mailako lehenengo ospitalea izan zen; Insaludek Euskal Herrian inauguratu zuen azken ospitalea. 30 urte igaro dira jada eta orduz geroztik, ospitaleak eraldaketa bat baino gehiago izan du.
800 profesional
1988an Insalud osasun zerbitzu espainolaren menpe egotetik Osakidetzaren menpe egotera igaro zen; orduan egin zituzten osasun transferentziak. Urte hartan bertan Azpeitiko eta Beasaingo osasun zentroetan espezialisten kontsultak jarri zituzten, errehabilitazio kontsultak ere bai. Zumarragako Ospitaleak Azkoitiako eta Azpeitiako biztanleak ere hartzen ditu; guztira, 95.000 bat biztanle. Egitura aldaketa beste mugarri bat izan da ospitalearen historian. 2011n Erakunde Sanitario Integratua osatu zuten. Ospitaletik bertatik beste osasun unitateekin koordinazioa bultzatzeko erakundea da. Ospitalera Goierriko eta Urolako zazpi osasun zentro bildu dira. Biztanleria gero eta zaharragoa izanik, gaixotasunak gehiago kronifikatu dira eta gaixotasun askotariko koadro klinikoak ugaldu; ospitalearen egitura aldaketak egoera horri erantzun nahi dio osasun zerbitzuen arteko koordinazioa eta elkarlana bultzatuz.
«Eskualde izaera aldarrikatu, eta besteak beste
ospitale bat eskatu genuen»
Miguel Calvillo (Gizarte eragilea)«Osasungintzak ez du inoiz aro errazik bizi;
diru askorekin beharrak asko dira, gutxirekin ere bai»
Jon Darpon (Osasun sailburua)
Ospitaleak 30 urte hauetan zerbitzuak ugaritu ditu. Zerbitzu hazkunde horren isla dira, esate baterako, erditze guneak eta hemodialisiak egiteko esparrua.
Egun 800 langile inguruk eskaintzen diete arreta 95.000 bat biztanleri. 30. urtemugaren festan ospitalean hasieratik lanean ari diren hainbat profesional omendu zituzten; 1984an ospitalea 250 langilerekin jarri zuten martxan. Ospitaleko langileak egonkortzea erronka bat izan da urte hauetan guztietan. Teresa Garmendia Goierriko eta Urolako ESIko kudeatzailearen hitzetan, «orain erraza ematen du iritsi garen tokira heldu izana, baina bidea ez da samurra izan, eta profesional askok gogor lan egin du egungo egoera egonkorra izan dadin. Hemendik igaro diren profesional guztiek beren alea jarri dute».
Lantaldeari gorazarre
Urtemugaren jaian Jon Etxeberria Osakidetzako zuzendariak eta Jon Darpon osasun sailburuak Garmendiarekin bat egin zuten ospitaleko langileen lana goraipatzerakoan. Eta hala nabarmendu du Etxeberriak: «Lan onaren adibidea zarete». «Eskerrak eman behar zaizkie hemen aritu diren eta aritzen diren profesional guztiei», gehitu du Darponek.
Darponek eskerrak emateaz gain, esfortzu bat ere eskatu zien profesionalei egoera ekonomikoaren testuinguruan, «guztion esfortzuak batuz beste 30 urte betetzeko». Darponek garai zailak direla esan zuen, «osasungintzarentzat ez da inoiz aro errazik egon; dirua genuenean behar asko ikusten genituen eta orain, dirurik ez dagoen honetan ere beharrak asko dira. Egoerak hobera egitea, eta azkar inbertsioak egiteko moduan egotea espero dut». Zumarragako Ospitaleari buruz hitz egiterakoan, profesionalen lan onaz gain, biztanleengan sustraitutako egitura dela ere azpimarratu zuten ordezkariek. Teresa Garmendiak esan zuenez, «biztanleek gertukoa sentitzen dute». Kalitatea, prestigioa edo modernotasuna ere aipatu zituzten.
Bien bitartean, 30 kanpo kontsulta hartuko dituen eraikin berriaren eraikuntza aurrera doa. Tamaina izan da azken urteetan ospitaleak izan duen erronkarik handiena, txiki geratu baita.
Urteurren ekitaldian ordezkariek hitza hartu zuten, baina haiei hitza profesionalek berauek eman zieten. 30 urteotan egindako lana gogoan, aurkezpen lanak egin zituzten langileen hitzak emozioz beteta egon ziren, batez ere, bidean egon direnekin eta jada ez daudenekin gogoratu zirenean.