Joxepa Madariaga
Ze polita, ze aberatsa den lagun asko izatea, kuadrilla desberdinetako partaide izatea. Bizitza aurrera doan eran, bizimodua aldatu egiten zaiguk eta, noski, baita lagunak, kuadrillak eta planak ere. Umetan eta gaztetxotan eskolak garrantzi handia dik, baina baita eskola orduz kanpoko beste ekintzek ere. Lagun talde desberdinak osatu eta planak egiten ditiztek haurrek eta gazteek: partiduak, emanaldiak, txangoak, meriendak, aurkezpenak…
Gaztetan kuadrillak berebiziko garrantzia izaten dik: umetakoak mantentzen dizkiagu, batzuetan, eta berriak sortu. Eta helduaroan zer? Ba… seme-alabak ditugunok, haien lagunen gurasoekin kuadrilla osatzen diagu; seme-alabek egiten duten ekintzaren arabera, lagun berriak egiten dizkiagu.
Halaxe, sare zabaleko lagunartea osatzen diagu eta, planak egiten iaioak garenez, zereginik ez zaiguk falta izaten inoiz: umetan ikastolan elkarrekin ikasten ibilitakoekin, asteburu-pasa guraso-elkartetik antolatutako mendi-irteera, eskola kirolari bukaera emateko haurren eta gurasoen arteko partidua eta hamaiketakoa, haurren gelako familien arteko bazkaria, musika taldekoekin halako festetara irteera, kirol jarduerak han eta hemen. Etenik gabeko katea. Egutegiak zenbat egun, gure bizitzak hainbat ekintza . Harrigarria duk, harrigarriak gaituk. Puzzlea osatzea ez duk beti erraza izaten, pieza guztiak ezin ondo ezkondu, egun beretan plan bat baino gehiago ezin txertatu izaten baitizkiagu. Saltsan, pozik bizi gaituk, ordea.
Inazio Usarralde
Beti pentsatu izan dinat, etxekoekin batean, lagunena dela zutabe ezinbestekoa gure bizitzan. Hain zuzen ere, horiek omen ditun aukeran ditugun zera bakanetakoak, lagunak. Izan ere, non jaio, gurasoak nor izango diren… ezin dinagu hautatu. «Lagunak, ordea, bai!» entzungo dun ozen baino ozenago. Baina, hala ote dun?
Honek bi ariketa egiteko abagunea ematen zigun: lehena, gure lagunartea osatzen hasi gineneko oroitzapenekin jolas egin eta, bigarrengoa, gure seme-alabak lagunartean murgiltzen hasi zirenean guraso gisa nola jokatu genuen hausnartzea.
Aurrenekoari dagokionez, dena oso zirkunstantziala izan den irudipena dinat. Herri-gunetik aparteko baserri batekoa nintzelako, nire txikitako lagunak ez zitunan gelakoak, baizik herriko adinkideak hainbat jardueratan bat egiten genuenak baizik. Hor erreka desberdinetako urak bat eginda osatu zunan gure lagun kuadrilla. Gero Donostiara ikastera joateak beste lagun batzuk egiteko parada eman zidanan; unibertsitatean beste ale batzuk eta UEUri esker ezagutu gintunan gu biok Iruñean beste batzuekin batean. Lan aukera bakoitza lagun gehiago egiteko aukera berri bat izan dun niretzat. Lagun artekoa naun eta ahalik eta ondoen zaintzen saiatzen naun lagun zaituztedanak.
Bigarren ideia jorratzeko tarterik gabe geratu naun… Hala ere, galdera soil bat, nahi duenak erantzun dezan: nork ez du parkez aldatu, halako gurasoen semea edo alaba han egongo delakoan?