Eneritz Gorrotxategi
Ikasturtea edo lanurtea interesgarri hasiko dela deritzot. Dagoeneko pasa da Kataluniako Diada; jendetsua, koloretsua eta itxaropentsua izan dela iruditu zait. V hizkia erabili dute garaipena irudikatzeko eta erabakitze eskubidea aldarrikatzeko: Volem Votar esateko. Azaroaren bederatziaren zain, bidean zer gertatuko daude orain begirada guztiak. Bien bitartean, ordea, Eskozian ere arreta puntua jarrita. Lerro hauek kaleratzen direnerako ordea, jakingo da Eskoziako herritarrek zer erantzun duten.
Han irailaren 18an galdera bati erantzun beharko diete herritarrek; baiezkoa edo ezezkoa. Katalanen kasuan, berriz, bi galdera izango dira, martxa horretan gureak hiru izango ote dira? Eskozian yes esaten badute, Katalunian si eta si, guk ziur nago zer esan beharko dugun: bai, bai eta bai! Gure esku nahi dugu erabakitze eskubidea, baina, joan den ekainaren zortziko giza katearen ostean, zein hizki erabiliko zenuke zuk eskaera hori irudikatzeko? Katalunian V izan bada, gurea Askatasunaren A hizkia izan beharko luke?
Erabakitze Eskubidearen E? Bozkatu nahi dugula esateko B? Herriaren H? Galderaren eta garaipenaren G?
Ion Muñoa
Ez da erronka makala etorkizunari begira gizatalde batek elkarrekin bizitzen jarraitzeko (edo ez) dituen asmo, desio, nahi, proiektu eta abarrak hizki batera mugatzea. Edo aitzitik, letra sinple batekin zenbat adieraz daitekeen edo senti daitekeen ikustea eta bizitzea. Guk zein hizki aukera dezakegun? (Nik zein aukera dezakedan ez baita inportantea; gu bat hautatzeko gai ote garen baizik. Hori da kontua).
Alfabetoa errepasatzen hasi eta urrutira gabe hizki guztiei aurkitzen diet nork aukeratua: A askatasuna, B burujabetza, C constitución, D demokrazia, E euskara, F foruak, G gutarra, H herria, I independentzia, J Jainkoa, K kultura, L lurraldetasuna, M mugak, N nortasuna, Ñ ñabardura, O ogibidea, P paso, Q quorum, R referendum, S sozialismoa, T taldea, U udaberri, V volem votar, W who, Y yes, Z zoriona…
Bat-batean botatako hizki/hitz-aukerak dira (asko zentzugabeak ere bai seguruenik). Lehentasuna zeinetan eta zertan jarri erabaki dezagun elkarrekin! Baina gabiltzan argi! Hizki, hitz edo kontzeptu gutxiegi erabiltzeak errealitatea gehiegi sinplifikatuz, berez dugun konplexutasuna ez ikustera eraman baikaitzake. Eskoziako eta Kataluniako bideak gauza asko ari zaizkigu erakusten: bai egin daitekeenaren eredu modura, baina baita nik behintzat egin nahiko ez nukeenaren eredu modura ere.
Independentzia bidetzat baino gehiago helburutzat jartzea, edo naziogintzaren gainetik estatugintza jartzea, edo nortasunaren gainetik interes ekonomikoa jartzea izan daiteke gizatalde baten etorkizunerako onena eta baita demokratikoena ere. Ez dakit, ordea, herri baten geroarentzat onena ote den. Ez baitugu ahaztu behar alfabetoan ez egon arren, gizakiok zeinu oso maitea dugula € ere.