Ataungo Espilla baserrian nekazaritza ekologikoan jarduteagatik ezagutuko dute goierritar gehienek Pili Eskisabel (Ataun, 1957). Nekazari izateaz gain, abenturazalea ere bada, ordea. Bi aldiz pentsatu gabe erabaki zuen martxoan Ordiziako Ahozko Kontakizunen lehiaketan parte hartzea, eta hirugarren postua lortu zuen aitak txikitan helarazi zizkion istorio kantatu batzuk taularatuta.
Ahozkotasunaren munduak liluratuta utzi zuela dio Eskisabelek. Datorren ostiralean, Ataungo Herri Antzokian, jendaurrean kantatuko ditu berriro bertso haiek, Antzeztaun zikloaren baitan. Iban Nikolai Didjeridoo jole ataundarraren laguntza izango du oraingoan.
Nondik datorkizu istorioak kontatzeko zaletasuna?
Guk txikitan ez genuen telebistarik. Idatzizko ipuinak ere, oso umeak ginela, behintzat, ez. Dena ahozkoa zen. Fernando Amezketarraren ibilerak, esaterako, oso gustuko genituen. Etxean, berriz, aita zena oso kontalaria zen. Bere istorioak kontatzen zizkigun, gaztetako ibilerak eta halakoak.
Ama izan nintzenean aitak kantatzen zizkigun bertsoak berreskuratu nituen, eta hark kontatzen zizkigun istorioak hasi nintzen semeei kontatzen. Ahozko istorioekiko zaletasuna berriro piztu zitzaidan orduan.
Afizioa izanagatik, jendaurrean aritu gabea zinen. Nolatan bururatu zitzaizun Ordiziako Ahozko Kontakizunen lehiaketan parte hartzea?
Gosaltzen ari nintzela egunkaria irakurtzen hasi nintzen, egunero bezala, eta hala izan nuen lehiaketaren berri. Eta, abenturazale samarra naizenez, izena eman nuen bi aldiz pentsatu gabe.
Ordiziako txapelketan kontatu zenuen istorioa ere aitak helarazitakoa al da?
Bazen ipuin kantatu bat, aitak txikitan kontatzen ziguna. Bertso modukoak ziren, eta altxor baten antzera gorde izan ditut bertso horiek buruan. Oso bereziak ziren niretzat. Ordiziako lehiaketara aurkeztu nintzenean, istorio hura kantatu nahi nuela erabaki nuen. Apur bat egokitu nuen, prestatu, eta halaxe joan nintzen.
Zer kontatzen du, bada, istorio horrek?
Nafarroara ardotara doan asto baten istorioa da. Joan etorri haietako batean, otso batekin topo egin, eta bien artean izandako elkarrizketa da. Honela hasten da astoa: «Agur agur otsako». Eta otsoak: «Ongi etorria haizela astako». Orduan, astoak: «Deskuidoan egarri baldin bahago, bazekarreat nahiko edari». Eta otsoak: «Ez nauk, ez nauk egarri, baizik goseak natsok larri, gaur gauerako afari, nahi dizkinat hire buru belarri».
Istorio sinplea da, baina kantatua denez, ezberdina da, eta niri oso polita iruditzen zait.
Gustura aritu zinen Ordiziako lehiaketan?
Mundu zoragarri batekin egin nuen topo. Pentsa, niretzat lehen aldia zen. Aurretik sekula ibili gabea nintzen ahozko istorioak kontatzen. Eta han aurkitu nituen ipuin kontalariekin eta ipuinekin liluratuta geratu nintzen. Adibidez, emakume argentinar batek txori bati buruzko istorioa kontatu zuen, eta ia-ia berak ere hegan egiten zuela ematen zuen. Keinuak, eskuen mugimendua, hizkuntza aberatsa…
Ipuin kontalarientzako ikastaro bat ere bazegoen, baina ezin izan nintzen joan, eta gogoarekin geratu nintzen. Agian, datorren urtean ikastaro horretan parte hartuko dut.
«Orain telebista ikusten dugu, edo irakurri;
ahozkoa, ordea, apur bat galduta dago»«Liluratuta geratu nintzen Ordizian
entzundako istorio eta ipuin kontalariekin»
Hirugarren postua espero al zenuen?
Sorpresa handia izan zen. Beste parte hartzaileak horretan zihardutenak ziren, ipuinak kontatzen esperientzia zuen jendea. Ni, berriz, abenturazale bat. Dena den, nik uste dut epaimahaiak ez zuela ipuina kontatzeko modua baloratu nigan, istorioa bera baizik. Ezagutzen omen zituzten bertso haiek, baina doinua ez.
Ordiziakoaz geroztik, egin al duzu beste emankizunik?
Ataungo Aia auzoko jaietarako eskatu zidaten umeei ipuinen bat kontatzeko. Hiru ipuin prestatu nituen, tartean astoari buruzko ipuin kantatua. Lehen aldiz, umeen aurrean aritu nintzen, eta konturatu nintzen haiek adi egoteko ahalegin handiagoa egin behar dela.
Ostiralean Iban Nikolairekin egingo duzun saioa hirugarrena izango da, hortaz, zuretzat.
Auzokoa dut Iban; Didjeridooa jotzen du. Egia esan ez dugu elkarren artean saioaz hitz egin, baina ikuskizuneko protagonista bera izango da. Tarte bat uzten didanean, nik nire istorioa kantatuko dut. Ataungo saioan ere astoaren inguruko bertsoak abestuko ditut. Ez dut uste biok aldi berean arituko garenik; iruditzen zait nire bertsoei ez doakiela ondo atzean musika jartzea.
Herritarren aurrean aritzeko gogoz al zaude?
Nerbio batzuk baditut, baina gustura kontatuko diet nire istorioa. Ikuskizuna gaueko hamarretan izanik, gainera, helduak joango dira, eta, agian, jaso eta haien haurrei helaraziko diete.
Pentsatzen dut, nik jaso bezala, beste ataundar batzuek ere jasoko zituztela bertso hauek umetan. Maximo Aierbek, esaterako, Ataungo kantak jasotzen dituen liburu bat du, eta hor ageri dira. Hala ere, inoiz entzun ez dituen jendea ere egongo da.
Ahoz aho pasatako ondare hori mantentzea garrantzitsua al da?
Orain telebista ikusten dugu, edo irakurri. Ahozkoa, ordea, hain polita izanik, apur bat galduta dago. Hala ere, orain, konturatzen ari naiz umeentzako ipuin kontalariak eta halakoak tarteka, behintzat, antolatzen direla. Hori pozgarria da.
Datorren urtean berriz parte hartzera animatuko zara?
Ez dakit ausartuko naizen. Baditut buruan beste bizpahiru istorio, modu berean jasoak. Horiek prestatzeko, ordea, lan piska bat egin beharra dago. Eta ni, batik bat, baserritarra naiz.