Ana Rosa Martinek (Ordizia, 1969) 30.000 euroko sari bat banatu du ONCEko txartel bat dela medio. Urretxun bizi izan da betidanik, eta bi urte dira txartelak saltzen dituela Kalebarren-Areizaga plazan dagoen kioskoan, Zumarragan.
ONCEko saltzailea bada, elbarritasun bat duelako da. Minusbaliotasun horrek dena kendu zion eta bere bizitzaren arorik gogorrena bizi arazi zion. Orain, kendutakoa jasotzen ari da loteria saltzailearen ofizioak ematen dion pozaren bitartez.
Zein da zure elbarritasunaren istorioa?
Bi aldiz egin didate ebakuntza bizkarrezurrean. Egun iltzeak eta burko baten modukoa dauzkat. Orno bat gehiago daukat, 3.000 emakumetik bati gertatzen zaio, eta niri gertatu zait; antza denez, emakume euskaldunongan ohikoagoa da. Ezin naiz luzaroan zutik egon, eta makurtzeko arazoak ditut. Ezin dut, horrenbestez, edozertan lan egin.
Behin elbarritasuna azaleratu zitzaizunean, zer egin zenuen?
Lehenengo eta bigarren ebakuntzaren artean Gureaken izena eman nuen eta garbitegi batean hasi nintzen lanean. Lan horrek jota utzi ninduen eta bi urte egin nituen ohetik altxatu ezinda. Nire bizitzako sasoi gogorrena izan da. Medikuek minarekin bizitzen ikasi behar nuela esan zidaten, ohitu beharrean nengoela.
Baina altxatu zinen…
Gurpil-aulkian joateko gai izan nintzen. Orduan, zoria lagun, ebakuntza berezi batzuk egiten zituen mediku baten berri izan nuen. Klinika pribatu batean aritzen da Donostian eta beregana jo nuen. Lehenengo unetik ezin hobeto hartu ninduen, eta Frantziara eraman ninduen hango osasun zerbitzu publikoan ebakuntza egiteko. Egia esateko, mediku hori nire heroia da. Berari esker zutik jarri ahal naiz!
Bestelako bizitza kalitatea duzu orain.
Horixe baietz. Ebakuntzaren ondoren, urtebete behar izan nuen osatzeko. Orduz geroztik, mugak dauzkadan arren, nire bizitza nahikoa normala da.
«Medikuek minarekin bizitzen ikasi
behar nuela esan zidaten»«Sari potolo bat eman dut eta aurrerantzean
askoz gehiago banatu nahi dut»
Nola iritsi zinen kiosko honetara?
Hasieran Beasaingo gasolindegi batean aritu nintzen, gasolina jarri eta administrari lanak egiten nituen; ni administraria naiz, baina utzi beharrean egon nintzen ezin naizelako luzaroan zutik egon. Orduan, Gureaken bitartez, ONCEren berri izan nuen. Elkarrizketa batera joan nintzen eta proba guztiak gainditu nituen; ez ziren edonolako probak izan, gainera.
Jarrita zaude kiosko barruan.
Behar nuen bakarra hori zen, jarrita lan egin ahal izatea. Zorte handia izan nuen Legazpiko kioskoko saltzaileak erretiroa hartu zuelako. ONCEkoek Zumarragako kioskoan zegoen saltzaileari Legazpira joatea proposatu zioten, eta orain bi urte hasi nintzen ni Zumarragan txartelak saltzen. Nik, ordutik, ilusioa banatzen dut erosleen artean.
Sari potolo bat eman duzu orain gutxi; zer sentitzen da?
Bat eman dut potoloa eta aurrerantzean askoz gehiago banatuko ditut. Garaia batean, horrelako zerbaitegatik emozioa sentitzea tontakeria hutsa zela, uste nuen. Orain konturatu naiz sari bat ematea gauza handia dela. Nire ofizioa gustukoago dut saria eman dudanetik. Are gehiago, kioskora datozenek kontatzen dizkidaten egoerak ezagutu eta gero: gaixotasun larriak, hilabete amaierara iristeko arazo latzak, langabezia, bakardadea…
Nik asko hitz egiten dut jendearekin, eta gogoko dut entzutea. Egoera ekonomikoak bizitza asko okertu ditu, eta ni horren lekuko zuzena naiz kiosko honen leihatilatik. Beraz, sariak ematea gauza handia da!
Kioskotik kanpo ere saltzen dituzu txartelak, ezta?
Urretxun eta Zumarragan laguntzen didaten ostalari edo dendari asko dago. Elkartasuna oinarri, inolako irabazi goserik gabe, nire txartelak saltzen dituzte.
Laguntza handia da niretzat, ezinezkoa zaidalako kalean gora eta behera ibiltzea.